Kantujirakoek animatu zuten euren kantuekin ostiral arratsaldeko eguraldi lainotsua. Aurten ere, talde polita aritu zen auzoan zehar kantari.
Hauen etenalditxo batean berriz, uztailean zehar egindako muralaren aurkezpena egin zen. Mural hau egiteko asmoa lehengo urtetik bazegoen ere, aurten lortu da aurrera eramatea. SEGA (San Estebango Gazte Asanblada)-ko kideak izan dira aurrera eraman dutenak, baina ez dira bakarrik aritu. Izan ere, ezinezkoa izango zen Olaia Zapirain, Alaitz Bikuña, Eider Ezeiza eta Edurne Pisador laukotearen laguntzarik gabe; hauek izan baitira gidari murala margotzeko abenturatxoan. Beraz, hauei eskerra eman ostean, frontoiaren atzeko horma estaltzen zuen tela kendu zen, murala agerian utziz.
Muralaren aurkezpenaren ostean, Burdina taldekoen txanda izan zen. Aurtengoan, Goiburuko Liña-putzuaren aurkezpenarekin. Aurkezpenarekin batera, Juan Bautista Arruti, orain dela egun gutxi arte Goiburuko bizilaguna zena omendu zuten. Izan ere, berak hitz egin zien Burdina taldekoei XX.mende hasiera arte erabilia izan den liho putzu honen inguruan, eta kontu honen inguruan irakurri bazuen ere, ez zuen aukerarik izan aurkezpenean guztien artean egoteko. Gauzak horrela, bere bilobak, Ion Belokik, ondorengo bertsoak eskeini zizkion:
Iturri amaigabetik
geunden edaten ohituta
ta orain ustekabean
geratu zaigu aituta
zein beharrezkoa zinen
ez geunden gu jabetuta
zoriontsu sentitzen gine
n zuri hitz egiten adituta.
Burdinak behar zintuen
ez dago zutaz ahaztuta
Liña-Putzu zuri eskerrak
dago berreskuratuta
Goiburun maitale sutsu
beti izan zinen zu ta
zure begiradapean
denok gaude babestuta.
Arbasoen jakinduria
denok dugu ezaguna
gure familin zu zinen
denon arten jakintsuna
gu jakinduriz hornitzen
pasatzen zenun eguna
zure hizketaldi ederra
gozoa eta biguna.
Burdina zu ezagutzeaz
sentitzen da zorteduna
iturri amaigabetik
asko ta asko edan duna
aitona baino gehiago
guretzat zinen laguna
behin ere ez da etengo
zuganako maitasuna.
Honen ostean, Patxi Aznar Burdinako kide eta historialariak, azaldu zuen zer den liña-putzu bat eta honen inguruko hainbat azalpen ere eman zituen.
Aurkezpen guztien ostean, tripa betetzeko unea iritsi zen, eta aukera paregabea izan zen frontoian egin zen auzo-afarian. Bapo afaldu ondoren ordea, begirada guztiak bertan kokatuta zegoen eszenatoki aldera bideratu ziren Unai Ormaetxearen monologoaz gozatzeko. Lehengo urtean lehen aldiz "Gure Kontuk" eskeini ondoren, aurtengoan "Urte Kontuk" saio berria aurkeztu zuen.
Ikuskizunarekin barre apur bat egin ondoren, mahaitik altxatzeko unea iritsi zen; eta honekin batera gauean zehar jotzen aritu zen Ezten Giro taldeak alaitu zuen giroa.