Iñaki Aranzadi, erretorea “Urnietar Prestu” izendatuko dute aurtengo Sanmiel jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 5a, 12:16

Irailaren 27an, Iñistor Jaiaren VII. edizioan omenaldi herrikoia jasoko du.   Sanmieletan etorriko da Urnietara Iñaki ordezkatuko duen erretore berria.

Iñaki Aranzadi Urnietako erretoretza uztear da. Aurtengo Sanmiel jaien inguru horretan etorriko da bera ordezkatuko duen erretore berria, gaztea eta euskalduna. Erretiroa hartzeko bezperan, Iñistorra Elkartearen eskutik, ondo merezitako omenaldia jasoko du, hain zuzen ere, datorren irailaren 27an egingo den Iñistor Jaiaren baitan. Ezaguna du Iñakik jai hori, besteak beste, bere bertsozaletasunak eramanda, ez baitu kalerik egin urte bakar batean ere.
Karmengo amabirjinaren eguneko mezaren ondoren elkartu ginen berarekin. Santa Leokadiako ermitan, eta San Miguel parrokian bere eskutik hainbat kontu interesgarri entzun ondoren, apaizetxean duen bulegoan egon ginen, bere iragana, oraina eta etorkizunari buruz hitz egiteko. Aiurrikooi, samur, gozo eta apal hartu gintuen.

SEGURARRA
Segurako familia ezagun batean jaio zen Iñaki 1937ko azaroaren 27an. “Gerra Zibileko bala artean”, berak adierazten duen moduan. Bederatzi anai-arreba izan ziren, “horietatik hiru apaiz, hiru monja eta beste hirurak ezkondu egin ziren”. Nafarroako Jabierra bidali zuten bederatzi urte besterik ez zituela, han egin zituen bi ikasturte “ikaragarri gogorrak” eta gaztelania ikasita itzuli zen.

APAIZTEGIA
Hamahiru urterekin Saturrarango apaiztegira joan zen, eta bertan hiru urte egin ondoren, Donostiako seminario berrira pasa zen. “Orduko nire desgraziarik handiena izan zen Donostiako apaiztegian ez zegoela frontoirik, jolasgaraiko aukera bakarra Ondarretako hondartzan futbolean jokatzea zen”. Pilotan jokatzea zuen zaletasunik handiena. Garai hartan, Saturraranen, 500 gaztetxoren artean txapeldun izatera ere iritsi zen.

APAIZ IBILBIDEA
1965. urtean apaiz ikasketak amaituta, Idiazabalgo Urtsuaran auzoa izan zen bere lehen destinoa.  Hamabost familiaren artean osatutako ehun biztanleko auzo lasai hartan hiru urtez izan ondoren, Hernanira bidali zuten. Eta bertan egin zituen ondorengo hamazazpi urteak; tartean, hiru urtez Kolonbiara joan bazen ere ikasketak egitera (Especialidad de las Ciencias de la Educación. Pastoral Juvenil). Azkenik, duela hogeita zortzi urte etorri zen Urnietara, eta bertan erretiratuko da.

HERNANI
Apaiz gazte moduan iritsi, eta Hernanin “ikaragarri gustura” egon zen Iñaki, nahiz eta urte oso zailak egokitu, Frankismoaren garaiko azken urteak hain zuzen ere. Klandestinitateko hainbat gora-behera zuzenean ezagutu zituen, “orduan ez zegoen bromarik”. Hernaniko institutuko irakasle ere izan zen hamabi urtez. Herri xehe bezala gogoratzen du Hernani, eta bertan guztiz errotuta sentitzen zen, “banekien bertan edozer gauza eginda ere onartua izango nintzela”.

URNIETA
1985ean etorri zen Urnietara. Orduan utzi zion Hernaniko institutuan klaseak emateari. “Urnietara etorritakoan lasaitasun handia hartu nuen, alde batetik, institutoan egunero bost edo sei klase eman beharra, orduan erabiltzen nuen metodo berritzailearekin, libururik gabe, oso nekagarria zen, eta hileta kopurua ere askoz txikiago zen hemen”. Hernanin ia laiko moduan pisu arrunt batean bizitu ondoren, Urnietara iritsitakoan sumatu zuen beste aldaketa nabarmena izan zen hemen “apaiza, apaiza zela”. Urnieta asko aldatu da azken 28 urte hauetan: baserri giroa nabarmen jaitsi da eta gazteeen elizarekiko joerak asko aldatu dira, “nahiz eta nik pertsonalki beti harreman ona izan dudan beraiekin”.

ELIZKIZUNAK
Hernanin urtean 150 hileta inguru izatetik, Urnietan 20ra ez iristera pasa zen. Azken urtean 42 izan ziren. Urnietako jaiotze tasa  altua izan da urte askotan, hildakoena bikoiztu eta hirukoiztu ere eginez hainbat urtetan; “Hernanin berriz, hildakoen kopurua, jaiotzena bikoiztera ere iristen zen”. Lehen jaunartzeen kopurua ere nabarmentzeko modukoa da “aurten hirurogei jaunartze izan ditugu, Seguran edo Donostiako Santa Maria elizan bertan ere, zazpi edo zortzi besterik ez direnean”.  Ezkontzei dagokienez, urtean hamabost inguru egiten dira elizaz, “nire ilusioa litzateke, elizan egiten dugun bezalako duintasunez, dotore egitea ezkontza zibilak ere. Katoliko moduan, gizartearen aurrerapen bezala ikusten ditut ezkontza zibilak. Aldiz, atzerapen bat, sinistu gabe, soilik ekitaldiaren solemnitatearengatik elizara ezkontzera etortzea.”

MENDIA
Iñakik gazte talde ugari eraman izan du berarekin mendira. Jaioterriaren inguruko Aitzgorrirekin batera, Pirinioak dira mendi irteerak egiteko bere leku kuttuna. Badira 40 urte, hutsik egin gabe, Hechoko bailaran dagoen Aragüés del Puerto herrira joaten dela, “han ematen didate urte guztirako mezetarako ardoa”. Azken astean ere bertan izana da. “Gustura ibili naiz, nirekin joandako lagunei esker, egunean 5 edo 6renbat orduko ibiladiak eginez. Horien artean, Boca del Infierno mendi lasterketa egiten den ibilbidea, Selva de Ozako inguruetan, eta poz handia hartu dut Jokin Lizeaga herritarrak irabazi duelako, eta laburragoan, 15 kilometrokoan,  beste urnietar batek, Jon Urdangarinek”.  

ETORKIZUNA
Apaiz berriaren etorrerarekin, erretiratuko da elizako karguetatik, baina Urnietan jarraituko du, arrebaren etxean. Eta badu etorkizunerako proiektu garrantzitsu bat esku artean, elizarekin baino heziketarekin zerikusia duena. Heziketa baita Iñakiren joera nagusietako bat. Munduko pedagogorik onenen idatziak irakurzalea, bide luzea egina du alor honetan. Besteak beste, Hernaniko Langile ikastolaren sorreran han izan zen, ikastetxe laikoa bultzatuz, “astero biltzen nintzen gurasoekin, eta horrela izan zen 12 urtez jarraian”. Orain, bere asmoa da Urnietan dotrinan gurasoekin egindako lana indartzea, “gurasoek haurrari baldintzarik gabe, berez, onartua dela transmititzea da garrantzitsua,  horretarako badaude hainbat betebehar guraso eta irakasleen partetik, eta formakuntza hori eman nahi diegu”. Horretarako, urrirako heziketa ikastaroak  antolatzen ari da. Herrian bertan eta Xoxokan burutuko dira Malu Elosegiren eskutik, “guraso askoren partetik ikastetxeetan gauza asko ondo egiten dira, baina guk anbiziosoagoak izan nahi dugu, pauso bat haratago joanez”.
Iñaki ez dago geldirik egoteko asmotan. Zorterik onena opa diogu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!