“Oso harro nago minbizia gainditzea lortu dudalako”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abu. 5a, 12:15

Maialen Perez La Salle Berrozpe ikastetxeko ikaslea da. Orain lau urte atzeman zioten leuzemia guztiz gaindituta dauka, “Gaixorik daudenei esan nahi diet ez etsitzeko eta aurrera jarraitzeko. Euskadin oso tratamendu onak ditugu eta gainditu daiteke”.

Elkarrizketa:

Zure esperientziari buruz idatzi zenuen Erreportari Gaztea Sarirako prestatu zenuen lanean. Garbi al zeneukan pasatakoa kontatu nahi zenuela?
Ez. Are gehiago, hasiera batean modaren inguruan idatzi nahi nuen, baina ez neukan informazio askorik. Hala nenbilela, leuzemiari buruzko zerbait idatz nezakeela esan zidan amak, eta konturatu nintzen horren inguruko informazio asko neukala, oso ondo ezagutzen nuen gaia zela, eta baietz, egin nezakeela.
 
Bi zati ditu zure lanak: batetik, alde zientifikoa, leuzemia zer den azaltzen duena, eta bestetik, zuk bizitako esperientzia…
Minbizia askotan entzuten dugun hitza da baina orokorrean ez dakigu oso ondo zer den eta nola garatzen den, ezta minbizia duenak zer sentitzen duen ere. Alde zientifikoa lantzeko, ospitalera joan nintzen nire sendagilearengana eta hark eman zidan behar nuen informazioa. Sentimenduen atalerako, berriz, neronek neukan behar nuen guztia.

Noiz esan zizuten leuzemia zeneukala? Gogoan al dituzu lehen egun haiek?
Orain dela lau urte inguru jakin nuen, 11-12 urterekin. Eta hain zuzen ere txikia nintzelako, uste dut ez nintzela egoeraz erabat jabetzen. Amak kontatu zidan zer gertatzen zitzaidan, tratamenduarekin hasiko nintzela, ilea eroriko zitzaidala… Baina amak kontatutakoa dakit, orduan ez bainintzen oso ondo jabetzen. Dakidan bakarra da aurrera egin behar nuela, ez zitzaidala beste aukerarik gelditzen.

Kimioterapia hartzen hasi zinen…
Bai, berehala gainera, defentsak oso baxu bainituen. Hiruzpalau saio eduki nituen. Lehenengoa izan zen okerrena, gorputza ez baitzegoen horretara ohitua, eta hilabete egon behar izan nuen ospitalean. Kimioterapia bi egunetan eman zidaten, baina ondorio gogorrak utzi zizkidan: besteak beste, anginak izan nituen eta ezin nuen txisturik irentsi. Hilabete pasatu ondoren etxera itzuli nintzen, defentsak berreskuratu eta berriz ere ospitalera. Bi urte inguru pasatu nituen horrela.

Beraz, etxetik ospitalera eta ospitaletik etxera ibili zinen denbora hartan…
Bai, eta nahiko gogorra egin zitzaidan. Lagunak kanpoan ikusten nituen etengabe… Gainera Lehen Hezkuntzako nire azken urteak ziren eta ezin izan nituen ikaskideekin pasatu. Hala ere, lagunengandik sekulako babesa jaso nuen. Mezu asko ekartzen zizkidaten, eskolan egindako marrazkiak ere bai, eta hori izugarri eskertzen da.

Epe horretan ezin izan zenuen, beraz, eskolara joan. Nola moldatu zinen ikasturtearekin aurrera jarraitzeko?
Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen bidez, egunero irakasle batzuen bisita jasotzen nuen. Gero, udan ere errekuperatu ahal izan nuen egin gabeko lana eta ez nuen kurtsoa errepikatu beharrik izan. Aspanogi bezalako elkarteen laguntza oso garrantzitsua da halako egoera batean zaudenean. Ikasketekin jarraitzeko aukera emateaz gain, gaixotasun berbera duen jendea ezagutzen duzu bertan, haiekin hitz egiten duzu, eta horien artean gaixotasuna gainditu duen jendea ere aurkitzen duzu; horrek aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra ematen du. Oso lagun onak egin nituen bertan. Haietako bat orain kalean ikusten dut, sendatuta, eta horrek poz handia ematen du.

Zuk gaixotasuna nola bizitu zenuen kontatu diguzu. Zer esango zenuke zure inguruan zeudenei buruz?
Nik ondo ikusten nituen, nire aurrean hala egoteko ahalegina egiten zutelako. Baina orain zenbait gauza kontatu didate eta badakit beraientzat ez zela batere samurra izan. Pixkanaka egoerara ohituz joan zirela diote, inor halako egoera batera ohitu daitekeela esan badaiteke, behintzat. Nire ahizpa, esaterako, batxilergoa egiten ari zen garai hartan, eta nota jaitsi egin zitzaion, gero errekuperatu bazuen ere. Badakit, gainera, irakasleek ere asko lagundu ziotela. Baina gogorra izan zen eurentzat, bai.

Kimioterapia saioak amaitu ondoren, tratamenduaren beste fase bat hasi zenuen, ezta?
Bai, pilulekin hasi nintzen. Ostegunetan, adibidez, bederatzi pilula eta erdi hartu behar nituen. Horiez gain, bazeuden beste batzuk hilabeteka hartzen nituenak, bereziak, nolabait esateko, kimioterapia pilulen bidez hartuko banu bezala. Fase horretan errekuperatzen hasi nintzen pixkanaka, ilea hazi zitzaidan berriz, kalera ateratzen has nintekeen gutxi bazen ere… Baina gogorra izan zen, hainbeste pilula hartzeak astindu galanta ematen baitu.

Ilea aipatu duzu. Gogorra egin al zitzaizun ilea galtzea?
Ez, askoz ere gogorragoa izango zela uste nuen. Aspanogiko lagun batek ileorde bat utzi zidan, baina ez nintzen batere eroso sentitzen hura jantzita. Eta txanoek ere azkura ematen zidaten. Hortaz, txanorik eta ileorderik gabe atera izan nintzen behin baino gehiagotan. Jendeak begiratu egiten zidan, baina normala dela uste dut, zerbait arraroa ikustean denok nahi gabe egiten dugun zerbait baita hori. Ez nion garrantzirik eman ilearen kontuari.

Zer moduz zaude orain?
Lau hilean behin analisiak egin behar ditut eta hilean behin erreserborioa garbitzera joaten naiz (odola ateratzeko larruazalaren azpian jartzen diguten balbula antzeko bat). Ni oso ondo sentitzen naiz, pozik gainera. Oso harro nago minbizia gainditzea lortu dudalako. Gainera, sendagilearekin hitz egitera ospitalera joan nintzenean beste ume batzuekin egoteko aukera izan nuen, haiekin hitz egiteko eta animoak emateko. Haientzat oso garrantzitsua da ni lehen berak bezala nengoela eta orain sendatu egin naizela ikustea, aurrera egiteko indarra ematen die horrek. Gaixotasun hau pasatzen ari den jende guztiari esan nahiko nioke aurrera jarraitzeko eta ez etsitzeko, gaindi daitekeela. Gainera, Euskadin oso tratamendu onak ditugu, jende asko ezagutzen dut kanpotik hona etorri dena hemengo tratamendua jasotzera.

Ikasturtea amaitu berri duzu. Zer egingo duzu udan?
Lagunekin aterako naiz, eguzkia hartzera joan, festetan gozatu… Izebekin kanpinera joateko asmoa ere badut. Ondo aprobetxatu nahi dut uda.

DBHko 4. maila bukatu duzu aurten. Zer asmo duzu aurrera begira?
Datorren urtean batxiler artistikoa egitera joango naiz Donostiara. Eta gero moda-diseinua ikasteko intentzioa daukat, Madrilen edo Bartzelonan. Asko gustatzen zait.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!