Ihes egin zuen zezena protagonista Santio egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 26a, 11:48

Atzoko Santio eguna ekintzaz betea izan zen eta herritarren parte hartzea gailendu zen. Hala ere, eguneko protagonista, ibilbidetik ihes egin eta herrian barrena ibili zen sokamuturreko zezena: 

Goizeko dultzaineroen dianaren ondoren, Zunbeltz elkarteak antolatutako XXXIII. Krossak eman zion hasiera atzoko egitarauari. Haurtxoak lehenengo, helduak gero, korrikalari ugari bildu zen. Helduen mailan, gizonezkoen artean, Joseba Jauregik irabazi zuen. Ibai Alba iritsi zen bigarren eta Eneko Garin hirugarren. Emakumezkoetan, berriz, Aitziber Ibarbia zizurkildarra nagusitu zen.

Eguerdian, Ikurrinari omenaldia eskaini zioten Udaleko kideek plazan bertan ikurrin handi bat zintzilikatuz. Segidan Loatzo musika eskolako musika bandak emanaldi polita eskaini zuen Errebote plazako taulatuan eta jende asko erakarri zuen.

Soka-Dantzak girotu zuen, urtero legez, arratsaldea; Oinkari dantza taldeko kideek (Galder Azkue alkatea tartean zela) bideratuta.

Baina ekintzarik aipagarriena ondorengo sokamuturra izan zen. Aurten, aspaldiko urteetako ohitura berreskuratuz, zezenak Kale Nagusian askatu eta Errebote plazaraino libre utzi zituzten. Ikusmin handia piztu zen eta jende asko gerturatu zen plazaren ingurura. Bada, hirugarren zezena, Kale Nagusian gora eta behera zebilela, Obaba tabernako atetik sartu, taberna zeharkatu eta terrazatik atera zen, bertan eserita zeudenen harridura eta larritasunerako. Behin Kale Berrira igarota, kale hori hartu eta bere bidea jarraitu zuen harik eta Txerminera iritsi eta ikastolako aterpera ailegatu zen arte. Villabona bere kabuz ezagutu zuen zezenak eta espero gabean, zezena libre topatu zuten herritarrek sekulako sustoa hartu zuten. Sustoak susto, ez zen inor zauritu. Horixe berririk pozgarriena.

Zezenak eta gero, jende asko erakarri zuen Bertso Pilota ekimen berritzailea izan zen Bearzana pilotalekuan. Bertan, Iñaki Lizaso eta Antton Aranburu pilotariak Iker Urmeneta eta Julen Urruzolren aurka lehiatu ziren. Desafioa ez zen, ordea, pilotarien artekoa soilik izan: Jexux Mari Irazu eta Beñat Iguaran ere haien botilero gisa bertsotan aritu baitziren.

Gauean, berriz, Oinkari dantza taldeak Poxpolo ta Konpainia pailazoekin eskaini zuen emanaldiak Olaederra kiroldegia lepo bete zuen. Emanaldia 22:00etan hasten bazen, 21:00etarako lekua hartzeko ilaran zeuden ikusleetako asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!