Etxeberrietako jaietan Agustin Arrieta Betiseko eta Santanderreko jokalari ohia omenduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 24a, 14:06

Euskalduna futbol taldearen urrezko aroa ezagutu zuen  futbol jokalari ohia omenduko dute Etxeberrieta auzoko jaietan.

Etxeberrietako jaietan, azken urteetan, iraganean nabarmendu ziren kirolariak omentzen ari dira, belaunaldi gazteek ere haien berri izan dezaten. Hala nola, Roberto Cabrejas altuera jauzilaria, Pablo Izagirre eta Gurutz Gantzarain txirrindulariak, Bea Garcia futbol jokalaria eta Luciano Unanue pilotaria. Aurten Agustin Arrieta omenduko dute, Espainiako Ligan Betis eta Santander taldeetan aritu zena, eta bigarren mailan Logroñes eta Cultural Leonesan.   
1946an jaio zen Etxeberrietako kaleko hirugarrengo etxebizitzan, eta agudo hasi zen lagunekin baloiari ostikoak ematen, Etxeberrietako zelaian. 36ko gerra aurretik Realeko jokalaria izan zen Fidel Arrietaren semea, berezkoa du futbolean aritzeko trebezia. Aurrelaria izan zen, gogora ekartzen duenez: “Ezker hegalekoa nintzen, eta eskuina baloia lurrean jartzeko erabiltzen nuen. Abila eta azkarra, gol asko sartu ez banituen ere, erdiko aurrelariei baloi bikainak pasatzen nizkien hegaletik”. Makina bat pasadizo barregarri kontatzeko moduan da Agustin atzera begira jarriz gero. Lokatzekin lotutakoak, barra-barra: “behin Mutriku-Euskalduna partidan, kapitainak ondoan zituela epaileak sakerako txanpona airera bota zuen. Lokatzetan, ordea, ezin izan zuten txanpona aurkitu”. Euskalduna Gipuzkoan klubik ospetsuenetakoa zen orduan, eta bigarren mailara igotzeko atarian izan zen garaitsu berean, jubeniletan jokatu zuen Arrietak. Hiru urtetan segidan (1961-1963) Gipuzkoako txapelketako finalera iristeko zoria eduki zuen. “Ramon Ruiz Ramonchin eta Ramon Oiartzabal Mutilla izan genituen entrenatzaile”.

Lehen mailako jokalaria
Euskalduna utzi, eta Ordiziara joan zen erregional mailan jokatzera. Urtebete bertan egin, eta Logroseñera abiatu zen (1970-1971) bigarren mailara. Lehen mailara igotzeko txartela lortu zuen Logroñesek urte hartan, aipatu mailan inoiz sartu ziren gol kopururik handiena egin ostean. Errioxako taldea utzi, eta Betisekin eta Santanderreko Racingekin lehen mailan jokatu zuen hiru denboralditan. Urte haietan, Arrietak ez ezik beste bost andoaindarrek hartu zuten parte ohorezko mailan: Migel Goikoetxea (Betis), Rafael Mendiluze, Jose Antonio Corcuera eta Jose Ramon Esnaola (Real Sociedad), eta Joxe Mari Lasa (Granada). Donostian bizi da egun, eta ezustean harrapatu du etxeberrietarren omenaldi proposamenak. “Ez nuen uste Andoainen inor nirekin gogoratuko zenik. Urteak joan baitira, eta punta-puntako jokalaria ere ez bainintzen izan! Hala ere, bihotzez eskertzen diet hartu duten lana”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!