1936ko Gerra eta ondorengoa Asteasu herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 24a, 14:05

Gerra hura nolakoa izan zen? Zer nolako eragina izan zuen? Artxiboetan datuak hor daude, eta lekukotzak galtzen doaz.

36ko Gerran zer gertatu zen herrian?, galdera hori egingo dio batek baino gehiagok bere buruari. Artxibo ezberdinetan datu interesgarri asko aurki daiteke, datu hotzak hori bai. Artxiboetan aurki ezin daitezkeen lekukotzak ezinbestekoak dira iraganeko irudia osatze aldera. Gerra hura nolakoa izan zen? Zer nolako eragina izan zuen? Galdera potoloak, eta xehetasunak neurri handi batean galduz joango dira garai hura bizi izan zutenak mundu honetatik doazen abiadura berean. 2005eko udan Aiurriko lantaldea Larramendi Bazkunarentzat lagungarri izan zen informazioa biltzen aritu zen Asteasuko elizaren agirietan, Udal artxiboan, epaitegi zibileko agiritegian edota Polloeko hilerriko artxiboan. Baita orduko prentsan ere, hala nola, El Dia, El Pueblo Vasco edota La Constancia egunkarietan.

Denbora gutxira argia ikusi zuen “Herio 36” Lekukotza saileko liburuxkak. Bertan Asteasun 36ko Gerra hizpide nagusi zen, zeinean bereziki Anjeles Uzkudun (1919-2010) asteasuarrak ezinbesteko laguntza eman zuen.
Datu interesgarri asko geratu zen argitaratu gabe. Esaterako, 1936ko otsailaren 16an izan ziren hauteskunde orokorren emaitza. Asteasuko gerra aurreko errealitate soziologikoa ulertzeko oso baliagarria dena. Asteasuko gehiengo politikoa tradizionalista eta eskuin joerekoa zen. Hauteskunde haietan herrian garaile argia Coalición Contrarevolucionaria alderdia izan zen. 286 boto jaso zituen (%60,5).  Bigarren geratu zen EAJ-PNV alderdia 167 botorekin (%35,38). Estatuan Errepublika sustengatzen zuten Fronte Popular (FP) koalizioak boto bakan batzuk besterik ez zituen lortu. Zehazki, 19 (%4,02). Eta zein zen alderdi bakoitzaren ideologia orduko hartan? Asteasun irabazle izan zen CC delakoaren mezuetan iraultza, laizismoa, marxismoa eta separatismoa gogor kritikatzen zituen. Jeltzaleen artean orduko hartan hiru ideia nagusitzen ziren: kristautasuna, aberria eta zuzentasun soziala. Fronte Popularrak ezkertiar muturreko ideiak defendatzen zituen, berdintasun soziala edota laizismoa.

Huraxe zen asteasuarren joera politikoa, 36ko Gerra piztear zegoenean. Gerra eta bereziki haren ondorioak Asteasura ere iritsi ziren, zoritxarrez.
1933ko Udal hauteskundeetatik agintean zirenak karlistak ziren. Bederatzi zinegotzietatik zazpi (Juan Jose Kortajarena Otegi alkatea, Konstantino Segurola Kortajarena, Jose Urbieta, Juan Bautista Legarra Etxeberria, Frantzisko Mendizabal, Jose Juan Sarasola eta Jose Maria Garmendia). Udalbatza osatuz, abertzale kutsuko beste bi ordezkari independiente (Jose Jauregi eta Sebero Narbarte Sagasti).

Francok altxamendu militarrari aurre eginez, 1936ko uztailaren 20an Villabonako mikeleteak, milizianoekin batera, udaletxera hurbildu ziren Gobernu Zibilaren agindua betearaztera. Agindua argia zen: Alkate eta zinegotzi tradizionalistak kargugabetzea. 1936ko abuztuaren 8an Asteasuko Defentsa Batzordea eratu zen, nazionalistek eta errepublikarrek osatua (Anjel Jauregi, Jeronimo Uzkudun Tapia, Kandido Saez Oiartzabal, Ignacio Narbarte Sagasti eta Hilario Usandizaga abertzaleen aldetik. Domingo Ugalde, Martin Irazu, Jose Leon Uzkudun, Inazio Renovales eta Matias Vitoria errepublikazaleen aldetik). Defentsa batzordeak agindu zuen epe labur hartan ez zen bereziki ekintzaletasunagatik nabarmendu. Ez zuen errepresio ekintzarik burutu eta eskuin joerako buruzagiak babesteraino iritsi zen. Argi ibiltzeko ohartarazi zieten, itzaletik ibiltzeko agindu. Donostiatik zetozen Defentsa Batzordeko ordezkariei etorritako bide beretik joateko adierazten zieten, herrian eskuindarrik ez zegoela esan eta gero. Ihes egin zutela, Asteasun bakean bizi nahi zutela adierazi nahian bezala.
Abuztuaren 12an, ordea, kanpotik etorritako Frente Popularreko kideei udaletxera sartzea otu eta han aurkitu zituzten Konstantino Segurola Kortajarena eskuin joereko alkate ohia eta Eugenio Etxeberria Eizmendi Udal idazkaria. Biak atxilotzeko agindu eta Ondarretako espetxera eraman zituzten. Ibiaga baserriko Konstantino abuztuaren 28an fusilatu zuten.
Elizegi etxeko Eugenio espetxean eduki zuten, harik eta 1937ko ekainean aske geratu zen arte. Herrira itzultzean Udal idazkari lanari heldu zion berriro.
Ezer gutxi izan zen hura Francoren aldeko defentsan matxinatuek eragindako errepresio ekintzekin. Asteasun bestelakoa izan zen egoera Francoren aldekoak nagusitu zirenean. Fusilaketak (Eusebio Aizpurua Zestoa, Migel Martin Irazu Ezeiza, Jose Antonio Otegi Aranguren, Jose Ignazio Otegi Aranburu, Antonio Aranguren Manterola, Jose Leon Uzkudun Uzkudun, Juan Berasategi Irizar, Makario Azurmendi, Isidro Bergara Agote), atxilotzeak (Angel Jauregi Arruti, Alejandro Uzkudun Setien, Biktoriano Senperena Urdanpilleta, Gerardo Arrillaga), kargugabetzeak (Pablo eta Jose Galdos Amondarain, Pedro Munita Gonzalez, Alejandro Uzkudun Setien), ile mozketak (Mertxe Uzkudun Tapia, Pilar eta Alberta Usandizaga Aranburu, Josepa Sarasola Azkue, Maria Aizpurua Zestoa) eta abar. 36ko Gerraren ondorio ankerrez gehiago jakin nahi duenak , “Herio36” liburuxkan informazio osagarria aurki dezake.
1936ko abuztuaren 15ean iritsi ziren Asteasura, herritar gehienak mezetan zirenean. Herriaren okupazio militarra gauzatu zuten Nafarroako erreketeak lagun zituztela. Lehendabiziko neurria Fronte Popularrarekin edota abertzaletasunarekin zerikusia izan zezakeen alderdi politiko, sindikatu eta kultur adierazpide oro legez kanpo uztea izan zen.

1936ko abuztuaren 19an Udalbatza berria osatu zuten. Burgosko Gobernu Nacional delakoak Juan Begiristain Jauregi izendatu zuen alkate. Idazkari lanetarako, berriz, Eugenio Etxeberria Blazquez. Zinegotzi izendatu zituzten, bestalde, Martin Beobide, Juan Jose Kortajarena Otegi, Inazio Zubeldia, Juan Tapia Elola, Jose Antonio Iturrioz, Tomas Maiz, Julian Goenaga Elola eta Jose Migel Garmendia Zinkunegi. Aldi berean, Gobernu Zibilak Policarpo Segurola izendatu zuen FET y de las JONS erakundeko buruzagi herrian. Haren lekukoa hartu zuen gero Sebero Irazu Tapiak.

Gaurko ikuspegiarekin esanguratsuak diren bi erabaki hartu zituzten. Lehena, Udalbatza berria meza nagusira joatea. Eta bestea, 1936ko irailaren 27koa, eskoletan gurutzea jartzea eta ikasturtearen hasiera agintzea.
Hiru urte geroago, 1939ko abuztuan Gipuzkoako Gobernu Zibilak Udalbatza berria izendatu zuen. Sebero Irazu Tapia alkate izendatu zuten, eta alkate-ordeak Frantzisko Lizarralde Sorrrarain eta Agustin Otaegi Esnaola. Zinegotzi lanetarako, berriz, Jose Sarasola Ezeiza, Luis Legarra Legarra, Ildefonso Irazu Ibarbia eta Inazio Iraola Garmendia. Lau hamarkada luzez iraun zuen diktadurapean Asteasuk aurrera egiten asmatu zuen,  errepublikazaleek eta abertzaleek pairatu zutena isilpean eramanez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!