1837ko gertaera latza gogora ekartzeko lanean ari da Larramendi Bazkuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 24a, 14:04

Andoaingo gudua gogora ekartzeko 150 lagun inguru elkartu dituzte, baina oraingoz ez dute Andoaingo musikari nahikorik lortu.

Andoaingo gudua Gipuzkoan izan den gertakari militarrik larrienetakoa izan da, bai behintzat egun batean eta gudu bakar batean izandako hildakoen kopuruari eta galera materialei bagagozkie. Larramendi Bazkunaren asmoa egun hartan gertatutakoak ezagutu eta gogora ekartzea da, herritarrek aukera izan dezaten herriko historian garrantzi handia izan duen gertakaria ezagutzeko eta hausnartzeko. 1837. urteko irailaren 14ko gertaera hura 2013ko urriaren 19an biziberrituko dute, fikzioaren bidez. Andoaingo gudua, beraz, larunbatarekin arratsaldeko bostetatik aurrera Andoaingo kaleetan barrena eskaintzen ahaleginduko dira. Lan asko aurreratu dituzte, baina ez guztiak. Nahikoa arazorekin topo egiten ari baitira antolatzaileak, besteak beste, ez dute lortu oraingoz Andoaingo musikari nahikorik prest egotea ikuskizunean parte hartzeko.

Larramendi Bazkunak adierazi duenez, arazoak arazo ,urriaren 19an egiten ahaleginduko direla, musikariena konpondu eta diru-premiak arazo berririk sortzen ez badie behintzat. Arazo eta oztopo guztien gainetik, orain arte eredu izaten ari dena Andoaingo emakume taldea da; haien ekimena pozgarria eta nabarmentzeko modukoa izaten ari da. Azken lau hilabeteetan, egunero, hutsik egin gabe, uniformeak eta osagarriak josten ari den jostun taldea, hamar emakume andoaindarrek osaturikoa. Musutruk eta eskuzabal ari dira lanean, orduak eta orduak sartzen. Era berean, erabiliko diren kapeletako asko bertan egiten ari dira, Amaia Lizasok egin duen lan bikainari esker.

ZER DA, BAINA,
ANDOAINGO GUDUA?
Lehenengo Gerra Karlistan (1834-1839) Gipuzkoan izan zen gudurik odoltsuenetakoa Andoainen gertatu zen, 1837. urteko irailaren 14an. Egun horretan, Karlos erregegaiaren (Karlos V) aldeko gudarosteek (karlistek) eta Isabel II. erreginaren aldeko gudarosteek (edo agintean zegoen Maria Kristina bere amaren aldekoek) borrokaldi itzela izan zuten, eta borrokaldi horien erdigune eta abiapuntuetakoa Gurutze Santuaren elizatxoan bertan, zubian, kokatu zen. Egun hartan, eguarte bakarrean 600 eta 800 lagun bitartean hil zen, gehienak liberal edo giristinoak, Andoaingo kaleetan, Goikoplazan eta herriaren aldirietan...
1837ko irailean karlisten gudarosteak ez ziren ugari Gipuzkoan, Karlos erregegaiaren gudarosteak Madril aldera jotzeko mugiturik baitzebiltzan. Liberal giristinoen buru militarrak, O’Donell jeneralak, ikusirik zein gudaroste txikia zuten utzia karlistek Gipuzkoan, gizon eta artileria ugariz erasoa jotzea deliberatu zuen eta, horrela, 1837ko irailaren 8an, oso gogor oldartu ziren liberalak, karlisten aurka joz Hernani eta Urnietan eta, karlistek, kopuruan eta indarrez gainezka zetozkien liberalen oldarraldiari eutsi ezinik, bi herri horietatik ospa egin zuten arineketan eta Andoaingo Kaletxiki eta Goikoplazako lubaki eta hesietan ezin eutsirik ere, Leitzaran eta Oria ibaien babesa behar izan zuten, ibaiez beste aldeko hegira igaroz, baserrietatik ihesi eta izuturik etorritako herritar andanarekin batera.
Karlisten jeneral Uranga, erasoaren berri izan bezain laster, Nafarroatik Andoainera etorri zen egoera berria ikuskatzera. Liberalen gudarosteen kopurua, artileria eta antolatzen ari ziren kanpalekua ikusi orduko, aurreko kokaguneak lehenbailehen berreskuratu behar zituztela ulertu zuen, eta zenbaitek erokeriatzat jo zuen arren, bere gudalburu nagusiak prest azalduz adore eman zioten, eta antolakuntza guztiak egin zituzten liberalak kontraerasoan ezustean harrapatzeko.
Eta erabaki horren ondorioz, Uranga jeneralak bere gizon guztiak, zalditeria eta artileria apal batzuen laguntzaz, liberalen aurka oldartu zituen 1837ko irailaren 14an, goizaldeko ordu txikietan, egunsentiak jo aurretik, lehenik Oria aldetik eraso eginez; ondoren, herriko beste muturrean Unanibia aldetik eta, azkenik, goizak aurrera egin ahala, Gurutze Santuaren zubiaren beste aldea zaintzen zuten liberal edo giristinoak gogor borrokatuz arrisku handien artean. Horren ondorioz, O’Donell jeneralak agintzen zituen soldaduek galera ikaragarria jasan zuten, eta karlistek eta haien lerroetan babestu ziren herritarrek “ez da koartelik su ematen dubenentzat!!” aldarripean 600 eta 800 bitarte hildako eragin zizkieten liberalei, asko eta asko kausa liberalaren alde borroka egitera atzerritik etorri zen Legio Britainiarra osatzen zuten ingeles, irlandar eta eskoziarrak, oso modu bortitzean hil zirenak Andoaingo kaleetan.
Liberalak, ederki kostata, Hernanin babestu ziren eta biharamunean, amorruak jota berriz ere eraso egin zuten Andoain aldera. Baina karlistek erasoari eutsi eta berriro ere ihesean jarri zituzten, eta liberarek aurre egin ezinarekin zapuztuta Urnietan txikizio ikaragarriak egin zituzten, ia herri osoari –kale eta baserri- su emanez. Elizaren eraikin nagusia eta beste bost etxe baizik ez ziren osorik gelditu. Gainerakoa kiskali egin zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!