Herritarrak festara erakartzea, festa batzordearen helburua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 23a, 14:11

Aurtengo Santio festetan bada hainbat berrikuntza. Nora Urbizu kultur zinegotzi eta festa batzordeko kideak horietako hainbat ekintza nabarmendu du: Eskulangintza azoka, erraldoien konpartsa, sokamuturra, Loatzo musika banda, Lin Ton Taun taldearen kontzertua edota Bertso Pilota ekimena, besteak beste.

Uztailaren 27an, II. Eskulangintza azoka antolatu du Udalak Malkar plazan, “urtean zehar, Irrintzi elkarteak nahiz amasarrek azoka bereziak antolatzen dituzten arren, Udalak Bigarren eskuko nahiz Mugikortasun azokez gain ez du besterik antolatzen eta interesgarria iruditzen zaigu festetan eskulangile eta artisaui keinua egitea. Iaz, eguraldiak lagundu ez arren, goxoa atera zen eta aurten iazko saiakera indartzea erabaki dugu”, azaldu du Norak. Hamabost postu izango dira egun guztian zehar, tartean eskualdeko artisauak ere bai. “Jakiez gain, eskulangintzako gai ezberdinak topatu ahal izango dira azokan: makramea, pitxiak, zeramika...”. Azokarekin lotuta, erraldoi, ipotx eta buruhandien kalejira egingo da egun berean, emanaldia azokaren baitan egingo dutelarik. “Oreretako Irrintzi konpartsa etorriko da eta Villabonako erraldoiekin batera dantza egingo dute. Herriko erraldoi eta buruhandiekin argazkiak ateratzeko aukera ere izango dute haurrek eta jendea gerturatzea gustatuko litzaiguke”. Arratsaldean, Halterofiliako Espainiako Ligako norgehiagoka izango da Malkar plazan bertan eta beste ikusle mota bat hurbilduko dela uste du Norak.

Erraldoiak soineko berriekin

Villabonako erraldoien konpartsako bi baserritarren arropak berritu dituzte aurtengo Santiotarako, “Azken 15 urtean berritu gabeko arropak zituen baserritar bikoteak eta dagoeneko ilunak eta zaharkituak zeuden. Kolore biziekin, soineko berri alaiagoak jantziko dituzte aurten”, jakinarazi du zinegotziak.

Sokamuturra, tradizioari eutsiz

Sokamuturrak tradizio luzea izan du Santio festetan. Azken urtetan, segurtasun neurriengatik –Larrea auzora aurrena, Olaederra atarira gero-, lekuz aldatu bazen ere, aurten berriz ere ohiko kokalean izango da: Kale Nagusia eta Errebote plaza artean: “Lehengo tradizioa berreskuratu nahi dugu Udaletik, zezenak Kultur Etxearen parean askatu eta Errebote plazaraino kalea irekiaz. Santio eta San Inazio egunak aukeratu ditugu horretarako, bi jai egun horiei indar gehiago eman asmoz”. Segurtasuna bermatzeagatik, sokamuturra goizetik arratsaldera aldatzeko hautua egin dute antolatzaileek eta haurren sokamuturra kritikatua izan delako egitarautik kentzea erabaki badute, helduenak duen arrakasta ikusita eman dituzte pauso horiek guztiak. Gainera, eskualdean errekortari lanetan aritzen diren gazteek hartuko dute parte eta horrek ere beste ikuskizun mota bat ziurtatuko du.

Berrikuntza ugari, Santio egunean

Santio egunean, hiru berrikuntza nabarmendu ditu Nora Urbizuk: Ikurrinaren igoera batetik, Loatzo musika bandaren lehenengo emanaldia bestetik eta Bertso Pilota ekimena azkenik. “Loatzo musika banda sortu berria da. Adunan ikusteko aukera izan nuen nik eta benetan sorpresa polita izan zen. Eskualdeko 35 bat gaztek hartuko dute parte eta bertatik bertara musikaz gozatzeko aukera polita izango da”. Musika emanaldiaren aurretik, Ikurrinaren igoera egingo dute Udaleko kideek, “Udaletik kanpora mastila jarri eta ikurrin handi bat aireratu nahi dugu. Ukazio eta inposaketaren garai hauetan gure ikurrina errebindikatu nahiko genuke”. Bestalde, iluntzean, Bertso Pilota ekimen berritzailea izango da Bearzana pilotalekuan. “Bertsoa eta pilota uztartuko dira saio horretan, herriko bertsolari eta pilotarien eskutik. Villabonan oso sustraituta dauden bi ekimenak bat egingo dute ordubeteko emanaldian”.

Lin Ton Taun taldearekin dantzan

Uztailaren 26an, duela urte mordoska desagertutako Lin Ton Taun musika talde ezagunak kontzertua eskainiko du Errebote plazan. Zestoan emanaldi bat eskaintzeko elkartu badira, Villabonan eskainiko dute bigarrena. Hitzordu berezia izango da, zalantzarik gabe. “Irratian entzun genuen Lin Ton Tauneko taldekide ohiak kontzertu bat emateko elkartu zirela eta haiekin harremanetan jarri ginen Villabonan ere joko ote luketen galdetzeko. Hasieran zalantza egin zuten arren, baiezkoa erantzun ziguten eta gerora kontzertu gehiago lotu badituzte ere, Villabonakoa bigarrena izatea errespetatu dute. Gustura gaude gu. Jendea erakarriko dutela uste dugu”, argitu du Norak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!