Trans Ernio pilota txapelketak hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 23a, 13:32

Astebururo jokatzen dituzte eskuz binakako pilota partidak Adunako pilotalekuan.

Zortzi eta hamasei urte arteko pilotari gazteek parte hartzen dute Adunako Trans Ernio txapelketan. Urtetik urtera indarra hartuz joan da eta aurten, Gipuzkoa guztiko hemezortzi taldetatik etorritako hogeita hemeretzi bikote ariko da lehian.
Adunako pilota taldeak hartu du aurten txapelketaren antolaketaren ardura. Justino Zubeldia eta Aitor Iparragirre antolaketa taldeko kideak dira: “Orain arte, Jabier Zabalak egiten zituen lanik handienak. Ikasturte honetan, ordea, Txulobi pilota eskola jarri da martxan eta bertako kideok hartu dugu txapelketaren antolaketa. Hamar bat lagun aritzen gara horretan. Lanak ondo banatuta, inork ez du gainkarga handiegirik hartzen eta ederki moldatzen gara”.
Uztaila hasieraz geroztik, astebururo jokatzen dituzte pilota partidak Adunako pilotalekuan. “Hemezortzi talde ditugu aurtengo edizioan. Beterri-Aiztondo bailarako pilotariak arituko dira; Aduna, Zizurkil, Asteasu, Amasa-Villabona eta Andoaingoak, baina Gipuzkoako beste herri askotakoak ere bertaratuko dira; Añorga, Donostia, Ordizia, Usurbil, Alkiza, Altzo, Lazkao, Azpeitia, Zestoa, Oiartzun eta Amezketakoak, esaterako. Pilota eskolako irakaslea den Iñaki Lizasok hartu zuen talde ezberdinei gonbidapena luzatzeko ardura, eta oso erantzun ona jaso dugu. Alde horretatik, oso gustura gaude. Izan ere, talde ezberdinak gonbidatzeak, guk ere txapelketa gehiagotarako gonbidapenak jasotzeko bidea irekitzen baitu”.
Uztaileko lehen asteburuan hasi ziren lehen norgehiagokak: “Pilotariek maila ederra erakutsi dute orain arte jokatutako partidetan. Oso partida orekatuak ikusi ditugu; emozio handikoak. Joko polita erakusten ari dira gazteak eta pentsatzekoa da, txapelketa aurrera joan ahala oso partida onak ikusteko moduan izango garela”.
Final zortzirenetatik abiatzen da txapelketa: “Txapelketa antolatzen hasi zenetik horrelaxe egin izan da. Final zortzinerenetan hasten da lehia eta partida galtzen duen bikotea, kanporatua geratzen da. Sailkapen fase bat egiten hasiko bagina, oso luze joko luke eta horregatik erabaki genuen sistema hau erabiltzea”, azaldu dute.
Jabier Zabala alkate zen garaian jarri zen martxan Trans Ernio txapelketa, duela hamar urte. “Bere apustua izan zen eta urtetik urtera, indarra hartzen ari da. Pilotariek gustukoa izaten dute eta dagoeneko, izena hartu duen txapelketa da”.
Hamar urteko ibilbidean, orain profesional mailan dabiltzan zenbait pilotari pasa da Adunako txapelketa honetatik. Hala azaldu dute Aitorrek eta Justinok: “Jaunarenak behin baino gehiagotan hartu zuen parte eta Jaka ere aritu zen. Asteasuko Urbieta anaiak ere urte askotan lehiatu ziren hemen. Etorkizunari begira, berriz, ziur orain Trans Ernion dabilen gaztetxo horietakoren bat goi mailako pilotari izatera iritsiko dela”.

Zortzi adunar txapelketan
Herriko zortzi pilotari ari da lehian. Adunako pilota eskola sortu berria da eta bertako gazteak beste herrietako taldeetan ari dira jokatzen. Datozen urteetan, ordea, herriko gazteek Adunako taldearekin jokatzeko aukera izango dutela dirudi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!