Villabonako modura egokitu dute Donostiako Lorazainen inauterietako konpartsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 23a, 11:54

Uztailaren 28an, igandearekin kaleratuko da aurten konpartsa herrikoia, lorazainekin lotura izango duena. Entsegu bete-betean Maite Barandiaran eta Oihana Iguaran ama-alabek hartu dute hitza. 

Kontaiguzue aurtengo konpartsa herrikoiaren abiapuntua…

Maite: Azken hiru urtetan ez dugu konpartsarik atera eta aurten berriz ere martxan jartzera animatu gara. Agustin Laskurain aspaldidanik esaten ari zen lorazainen konpartsako musika oso polita zela, Donostiako Eskola dantza taldeak inauterietan kaleratzen zuela… Oinkari dantza taldeko arduradun Eneko Arteagarekin bildu eta deialdia egitea erabaki genuen. Apirilaren 10ean lehen bilera egin geroztik, dantzak entseatzen ari gara asteazkenetan.

 

Dantza konpartsaren ataletako bat izango da, baina aurtengo konpartsak baditu atal gehiago ere. Zeintzuk?

M.: Dantzaz, danborradaz eta pertsonaiez osatuko da aurtengo konpartsa. Arratsaldeko plazako emanaldian kantuak ere izango du tarterik, Eresargi abesbatza arduratuko da ahotsa jartzeaz. Dantzen koreografiak erakusteko ardura Oihana Iguaranek hartu du. Danborradarena Agustin Laskurainek. Gainerakoan, Eneko Arteaga eta lauron artean ari gara atal guztiak lotzen.

Oihana: Dantzan 26 bikote izango gara guztira. Danborradako kideak, pertsonaiak eta abesbatzako kideak gehituta, 100 lagun pasatxo denera.

 

Ohi denez, beraz, harrera beroa izan du konpartsak ere…

O.: Harrera ona izan du, bai. Hala ere, dantzara ohi baino jende gutxiago animatu da. Oinkari dantza taldean lanez gainezka ibili gara ‘Itsasoaren emazteak’ emanaldi berria prestatzen eta taldekide askok ez dute konpartsako entseguetara ere lotu nahi izan.

M.: Orain artean dantzan atera izan den heldu asko danborradan aterako da aurten. Aurreko konpartsa gehienetan danborradan jende gaztea ateratzen zen batik bat. Aurten, ordea, paperak aldatu egin dira eta danborradan dantzan baino jende helduagoa aterako da.

 

Zein ezaugarri ditu aurtengoak?

M.: Ikusgarria izango da. Lorearen jainkosari omenaldi moduko bat eskainiko zaio. Donostian egiten duten konpartsa Villabonara egokitu dugu guk. Han oso jantzi dotoreak janzten dituzte. Guk aurreko konpartsetan erabilitako arropak aprobetxatzen ditugu loreak eta gainerako ezaugarriak erantsiz. Donostian, esaterako, ez dute danborradarik ateratzen, ezta pertsonaiarik ere. Herritarrei dantzaz gain beste modu batera parte hartzeko aukera emateagatik eskaini ditugu guk aukera horiek. Donostiako ideia oso gure erara egokitu dugu, beraz, Villabonan. Musika eta dantzak Donostian plazaratzen dituzten berberak dira.

 

Nola antolatu duzue eguna?

M.: Ahalik eta herritar gehienei parte hartzeko aukera emateagatik, igandea aukeratu genuen konpartsako egun modura. Goizean kalejira egingo dugu herriko kaleetan barrena. Txermingo ikastola azpian bazkaldu eta gero, arratsaldean emanaldia eskainiko dugu Errebote plazan.

 

Konpartsa herrikoia Santio jaietako ekintzarik garrantzitsuenetako bihurtu da. Zein arrazoi aipatuko zenukete?

M.: Aiurriko Santiotako gehigarrietan herritarrei eginiko galdeketetan ekintzarik gustukoenez galdetzean, koadrilen eguna aipatzen da, oro har, lehendabiziko. Baina konpartsa herrikoiak ere oso harrera ona izaten du beti. Arrazoi modura, adin nahiz ideologia ezberdineko jendea biltzen dituen ekintza izatea aipatuko nuke. Konpartsa ez da ikuskizuna bakarrik, herritarrak biltzeko aukera paregabea ere bada. Agian bestela ezagutuko ez ginatekeen herritarrak, konpartsaren bidez ezagutzen gara askotan. Ondo pasatzeaz gain, harremanak egiteko ere baliogarria da, dudarik gabe.

O.: Herrian giro ederra sortzen du eta zuzenean konpartsan parte hartu ezin duenarentzat ere oso ikuskizun polita izaten da.

 

Horrelako ekintza antolatzeak lan handia eskatzen du… Zer moduz ari zarete moldatzen prestaketa horietan?

M.: Konpartsa antolatzeko gauza asko izan behar da kontuan. Musikarekin hasita, dantzak, lekua, tresneria… Prestakuntzekin apirilean hasi ginen arren, oraindik ere gauza asko geratzen da lotzeko.

O.: Danborrada pertsona bakarrak bidera dezake, baina dantzak erakutsi ahal izateko jende gehiago behar da eta aurten larri samar gabiltza horretan. Hala ere, jendearen jarrera ona da eta gustura ari gara.

M.: Jantziei dagokionez, bakoitza bere jantziak prestatzen ari da. Ideia orokor batzuk eman ditugu, baina norberari libre utzi zaio bere jantzia moldatzea. Loreekin lotura izanagatik, pertsonaien kasuan ere libre utzi da bakoitzak bere mozorroa aukeratzea.

O.: Aurtengo konpartsak badu beste berrikuntza bat. Dantzarien kasuan orain arte ez dira sekula bi neska edo bi mutil bikote moduan dantzan atera. Aurten bai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!