Desafio bizia, Santio harriari tiraka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 23a, 11:32

Santio festetako lehen gauean ikusmin handia piztu duen desafioa antolatu du festa batzordeak: Aiztondo-Oarso eta Loatzo taldeen arteko giza proba, hain zuzen. Bi taldeak ere uztailaren 24ko desafioari begira ari dira lanean, buru-belarri. 

Gari Etxeberria “Aiztondo-Oarso”

Badira lau urte Aiztondo-Oarso Giza probatako taldea sortu zela. Sega txapelketen inguruan abiatu zen taldearen bidea, “sega txapelketetan ere parte hartzen dugu eta belarra mozten nahiz biltzen aritzen garen lagunen artean, Giza probak probatzeko gogoa piztu zitzaigun. Zizurkil, Amasa eta Oarsoaldeko lagun taldea bildu eta azken urtetan harriari tiraka ere bagabiltza”, azaldu du Garikoitz Etxeberriak. Sega eta Giza proba oso kirol ezberdinak direla adierazi du, “sega bakarka egiten den lana da. Giza proba, berriz, taldekakoa, arrauna bezalaxe. Biak kirol gogorrak izanagatik, Giza proba eramangarriagoa dela esango nuke, taldeak beti babesa ematen duelako”.

Giza probetan, harriari tiraka zortzi lagunek hartzen du parte eta itzaiak edo erlojulariak, denborak hartzen. Garikoitz erlojulari modura ere ibilia den arren, tiratzaile moduan ari da azken boladan eta halaxe ariko da Santiotako desafioan ere. Txapelketari begira bereziki, gogor entrenatzen ari dira: “Astean bitan harriarekin entrenatzen dugu eta lan fisikoa beste bi-hirutan egiten dugu. Santiotakoa gerturatzen ari den heinean eta gero eta lehia biziagoa sortzen ari denez, desafioari begira ere entrenatzen hasiak gara Villabonan bertan”. Txapelketetan egin ohi duten lan bera egingo dute Santiotako proban ere: 900 kiloko harriari tiraka arituko dira 20 minutuan. Loatzo taldea festei begira sortutako taldea da, soil-soilik Aiztondo-Oarsori kontra egiteko prestatzen ari dena, “oso talde gogorra da. Txapelketan parte hartu ez arren, oso aurkari gogorrak ikusten ditut. Oso lehia polita sortuko dela uste dut, inori ez baitzaigu galtzea gustatzen. Txapelketan parte hartuko balute, zeresana emango lukete. Txalotzekoa da egiten ari diren saiakera eta, dudarik gabe, kontuan hartzekoa”.

Aiztondo-Oarso taldetik tiratzaile lanetan Garikoitz Etxeberria amasarra, Mikel Ugartemendia eta Xanti Aizpurua zizurkildarrak eta Asteasuko Josu Otegi arituko dira, beste lau Oarsoaldeko kiderekin batera. Gauez izango da proba eta horrek saioari xarma eransteaz gain, kirolariak freskuran hobeto moldatuko direla uste du Garikoitzek.

Ekain Yarza “Loatzo”

Duela hamar urte pasatxo, plaza zaharrean harriari tiraka aritzeko bildu zen Loatzo taldea. Aurten festa batzordetik desafioaren ideia proposatu zietenean, baldintza bakarra jarri zuten: proba lehen gauean izatea. Geroztik Aiztondo-Oarsori lehia irabazteko entrenatzen ari dira jo eta su. Erlojulari lana egiten duen Ekain Yarzak, taldekideak betiko lagunak direla adierazi du eta, azken boladan, astean bitan ari direla entrenatzen, “hasieran baiezkoa esan genuen eta gerora damutu ere egin gara. Gaueko 22:00etan biltzen gara entrenatzeko. Ez dira biltzeko orduak, baina lan ordutegiak tarteko, ezin dugu lehenago elkartu. Desafioa eta gero, –asko berotzen ez bagaituzte behintzat–, ez dut uste inork berriz harririk ukituko duenik”, aipatu du. Aurrez harriarekin harreman gutxi izan badute ere, kirolariak dira taldekideak, “asko aurrez arraunean ibilitakoak gara. Ondorioz, ondo dakigu zer den sufritzea”.

Loatzo taldeko kideek argi dute desafioaren aurrean duten helburua: “Hasierako gure helburua erridikulurik ez egitea zen, baina behin neurria hartuta, Aiztondo-Oarso taldeak baino hobeto egitea lortu nahi dugu. Egia esan, haiek esperientzia handia dute eta horrek asko laguntzen du, baina gu ez gara galtzera aterako”, adierazi du Ekainek. Lehenengo edo bigarren ateratzeak ere zeresan handia duela nabarmendu du, “atzetik ateratzen bagara, oraindik eta indartsuago aterako gara aurrekoen marka hobetu nahian. Zenbat plaza egingo ditugun ideiarik ere ez dugu. Nahikoa genuke haiek baino bat gehiago egitearekin”. Eguraldiak euren lana asko baldintza lezakeela jakitun, harria errazago mugitzeko, ahalik eta eguraldi lehorrena komeni zaiela aitortu du.

Tiratzaile lanetan Joseba Arruabarrena, Joseba Larrarte, Iñigo Iraola, Garikoitz Lopetegi, Imanol Arruti, Ander Aranburu, Andoni Leunda eta Sergio Sanchez arituko dira Loatzo taldean. Ekain Yarza erlojulari. “Zizurkilgo Julen San Sebastianek lagundu digu entrenamenduak bideratzen eta berak erakutsi digu harriaz dakigun guztia”, eskertu nahi izan dio Ekainek zizurkildarrari eginiko lana.

Gauaren hasiera

Nesken erakustaldia. Ibarra eta Orioko nesken taldeen arteko erakustaldiak irekiko du gaua. Ibarrako nesken entrenatzaile Garikoitz Etxeberriak lehia bizia aurreikusten du. “Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten maiatzean eta Ibarra taldeak irabazi zuen. Lehia polita ziurtatuta dago, mutilen artean baino handiagoa”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!