Cycling maratoia, hankak astindu nahi dituenarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 22a, 14:54

Aurtengo Santioetarako kirol ekintza berria antolatu du festa batzordeak Maiatzaren Lehena plazan. Uztailaren 26an bi orduko Cycling maratoia bideratuko dute Olaederra kiroldegiko Pepo Alonso eta Naroa Salsamendi cycling-eko irakasleek.

Festa batzordetik iritsi zitzaizuen Santiotan Cycling maratoia antolatzeko proposamena. Nola hartu zenuten deia?

Pepo Alonso: Iaz 3x3 saskibaloi txapelketa antolatu zuten bezala, aurten cycling saioa martxan jartzea proposatu ziguten, festetan kirol ekintza ezberdin bati lekua eginez. Modu horretan, urtean zehar kiroldegi barruan egiten diren ekintzak kaleratu eta ezagutarazi  nahi dira. Ekintza horien artean oihartzun handiena izan dezakeena cycling-a da. Guk gustura jaso genuen deia.

Naroa Salsamendi: Niri behintzat, hasiera batean harridura sortu zidan. Orain artean, inoiz ez dut cycling saiorik ikusi herri bateko festetan. Baina ideia ona iruditzen zait.

Bi orduko saioa izango da. Nola antolatuko duzue tarte hori?

N.: Denetariko musika jartzea pentsatu dugu: euskal musika, egungoa, garai batekoa, martxosoa…, erritmo ezberdinen nahasketa egingo dugu eta 50 minutuko bi saio eskainiko ditugu jarraian, etenik gabe. Ondo berotu eta gero, lasai-lasai ekingo diogu saioari. Igoera lasaiak eta errodajea tartekatu ondorenean, bigarren zatia fuertexeagoa izango da.

P.: Izena ematen dutenek, saio bakarrean edo bietan parte hartzeko aukera izango dute. Ordubetez edo bi orduz aritzekoa, alegia. Ordu batetik bestera, bost minutuko deskantsua izango da. Parte hartzaile gehienek bi ordutarako izena emango dutela iruditzen zaigu, baina agian jende berria ere etorriko dela pentsatzen dugunez, denetarik pixka bat egingo dugu.

Nori zuzentzen zaio ekimena?

P.: Nahi duen guztiari. Parte hartzaileen gehiengoa kiroldegian cycling-a lantzen duena izango dela uste dugu, baina inoiz cycling-a egin ez duenari ere animatzeko deia luzatzen diogu. Parte hartzea mugatua izango da: 50 bizikleta guztira. Gehiegi ez direnez, denboraz izena ematea gomendatzen dugu.

N.: Maratoian, Olaederrako bizikletak eta Tolosako Usabal kiroldegikoak izango dira. Gehiago lortzea, ordea, zaila da; gainerako kiroldegietan uztailaren amaiera arte ikastaroak baitituzte. 

Zein gomendio luzatzen diezue parte hartzaileei?

P.: Material aldetik, ura eta izerdia kentzeko eskuoihala ekarri behar dira. Arropa egokia ekartzea ere garrantzitsua da, noski. Hala ere, cycling saiorako behar-beharrezkoena gogoa edukitzea da: ondo pasatzeko nahia. Festetan modu berri batean parte hartzeko aukera izango da.

Zuentzat ere langintza berria izango da kiroldegitik kanpora eta festetan saioa eskaintzea. Gogoz al zaudete?

P.: Etxetik (Olaederratik) kanpo lan egitea ezberdina da guretzat. Egoera berria izango da, baita kokalekua ere. Gogoz gaude, bai.

N.: Aldaketa guztiek urduritasun pixka bat ekartzen dute. Kiroldegian jendaurrean aritzera ohituta gaude, baina ez da berdina zure taldearen aurrean edota plazan jende gehiagoren begiratupean aritzea.

P.: Kirola eginez parte hartzera bezalaxe, herritarrei ikusle gisa gerturatzeko deia ere luzatu nahi diegu: bereziki cycling-a zer den ikus dezaten.

 

Urtean zehar kiroldegian harrera beroena duen ekintzetako bat da cycling-a. Zenbat jendek hartzen du parte?

P.: Dudarik gabe kiroldegian jende gehien erakartzen duen ekintzetako bat da. Saio ezberdinetan, urtean zehar 200 bat lagun biltzen ditu, gutxi gora-behera. Udako cycling-eko kastaroek ere oso harrera ona izan dute eta jendea txintxo etortzen ari da.

Cycling-a kirol intentsoa dela esaten da. Zein ezaugarri aipatuko zenituzkete zuek?

N.: Guk musika eta erritmoa jartzen dugu, baina bakoitzak bizikletari jartzen dion intentsitatearen arabera kirol arinagoa edo gogorragoa izan daiteke. Norberaren esku dago.

P.: Cycling-aren bidez lan kardiobaskular handia egiten da eta bizikletari jarritako potentziaren arabera, hankak gehiago edo gutxiago tonifikatzen dira. Hankak lanean jarriz gero, gainerako guztia bakarrik etortzen dela esaten dut beti. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!