Atez atekoaren bidez birziklapen datuak irauli egin direla dio Tolosaldeko Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 22a, 14:34

Uztailaren 17an ekin zitzaion Zizurkilen (Alegia, Irura eta Anoetarekin batera) atez ateko zabor bilketa sistemari. Tolosaldeko Mankomunitatetik adierazi dutenez, “esker oneko hitzak besterik ez ditugu lau herri hauetako biztanleentzat”. Atez atekoaren bidez, birziklapen datuak iraultzen ari direla jakinarazi dute eta hori herritarren parte hartzeari esker izan dela. Bilketa eredu berria abian jarri eta gero, ondorengo datuak kaleratu dituzte:

Ontzi arinak: %16.58 (11.830 kilo)

Organikoa: %47,90 (34.180 kilo)

Papera-kartoia: %20,21 (14.420 kilo)

Errefusa: %15,30 (10.920 kilo)

Ondorio modura, zera jakinarazi dute:

-“Azpimarratzekoa da, portzentaia altuena duen frakzioa, hau da, materia organikoa lehen aldiz orain hasi garela biltzen, eta ikus daitekeen moduan, sortzen dugunaren ia erdia da. Beraz, garbi dago, orain artean bezala, gai hau zabortegira eramatea, akats handia dela. Etxeetan sailkatu ondoren, ongarria egiteko erabiltzen da, eta ez da zabortegietan usteltzen uzten”.

-“Orokorrean birziklatze datuen iraultzea ikus daiteke datu hauetan. Eskualdeko datuetan, %30aren azpitik kokatu izan dugu birziklatze tasa, baina atez atekoa martxan den herri hauetan, irauli egin da guztiz, eta errefusa, kopuru oso txikia dela ikusi ahal da”.

-“Atez ateko bilketak, benetan etxeetan sortzen duguna sailkatuarazten digu herritarroi, eta horregatik lortzen dira berehalako datu esanguratsuak. Benetan sortzen duguna, atalka agertzen diren datu horietan islatzen baita. Aurrera begira, parte hartzea handitzea eta, beraz, datu horiek geroz eta altuagoak izatea dugu helburu. Ziur gaude, herritar guztion artean, ongi egiten jarraituko dugula. Herri hauen onerako zein eskualde guztiaren onerako”.

-“Beraz, dei egiten diegu oraindik eredu berriari heldu ez dieten herritarrei, alde batetik, euren hondakinak kubo bidez eta sailkatuta ateratzeko, horrela, datu hauen arrakastan ere parte izanez. Eta bestetik, gure herriak txukun mantentzeko eskaera egin nahi dugu; herritar guztienganako errespetuan oinarrituz”.

-“Amaitzeko, eta datuek hala eskatzen dutelako, herritarrei eskerrak eman beharrean gara. Hartutako bidean, herritarrak subjektu garrantzitsuenak izan dira orain arte, eta izango dira aurrerantzean ere. Herritarrei esker, oso ondo egiten ari gara, eta jarrai dezagun horrela. Zorionak benetan guztioi!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!