Maribel Vaquero
Urnietako alkate-ordea,
Eusko Legebiltzarkidea
Aiurrik Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Gizarte partaidetzaren presidente moduan bakearen inguruan Eusko Legebiltzarretik egiten ari garen lana azalduz artikulu bat idazteko eskatu zidanean, bake planari buruz idaztea izan zen nire lehen aukera. Baina Sanferminetan, eta beste zenbait jaietan gertatutakoaren ondoren, Euskal Herriko jaien egutegia pil-pilean izanik, emakumeek jaietan sufritzen dituzten eraso matxistei buruz idatzi behar nuela pentsatu dut. Beraz, zuen guztien baimenarekin hurrengo baterako utziko dut agindutako lana.
Uztailaren 6an, Iruñeako plazan txupinazoaren zain milaka pertsona bildu zen. Autoritateak azken unean udaletxe aurrean ipinitako ikurrina nola kendu zebiltzan bitartean, plazan jende guztiaren aurrean emakumearen kontrako eraso matxista bat baino gehiago gertatu zen. Eta eraso horiek Sanferminetako postal bihurtu dira, jaietako irudi “normal” eta desiragarria. Zatoz eta gozatu: Sanferminak, zezena eta emakumea!
Baina tamalez ez dira soilik Sanferminetan, festaren eta alkoholaren aitzakiaz uda honetan izan diren eraso bakarrak.
Karmele Jaio idazle bikainak oso hitz gutxitan erasoen irudiak ikusita sentitu dudana azaldu du. Ez, ez gara panpinak Karmele. Eta bai, ni ere erasotuta, bortxatuta sentitu naiz, plazaren erdian biluztutako emakumearen gorputza nirea balitz bezala sentitu baitut. Nirea, nire lagun batena, nire ahizparena, nire alabena. Maite dudan emakume batena.
Errespetua norberagatik hasten da. Bai. Eta plazaren erdian nahita edo alkoholaren laguntzaz objektu sexual bihurtzen diren emakume horiek ez diote emakumeei zor zaien errespetuari ezer laguntzen. Askatasun sexuala al da?
Amorrua ematen du, lerdea darielarik, inguratuta eta ukitzen zuten eta biluzten zuten gizonezko horiek erasoaren kontzientzia ez izatea, panpin itxura duen neska horren atzean pertsona bat ez ikustea, arreba, ama, laguna, alaba, emakume bat azken finean. Amorrua ere, txupinazoa zuzenean emititzen ari den kazetari emakume bat bere baimenik gabe gizonezko batek musukatu egiten duenean, emakumearen lankideen ahoetatik “no les provoques” erantzun bezala jasotzea. Hau da, txupinazoan, plazan bazaude eta emakumea bazara zure intentzionalitatea probokatzea al da?
Jaietan gertatzen diren eraso hauek, alkoholak, festa giroak, jendetzaren babespean egindakoak, normalizatzen ari dira. Emakume batek bere gorputza erakusteak ez du inondik inora esan nahi gorputz hori uki daitekeenik, eta beste emakume batek egiteak ez du esan nahi denek egin nahi dutenik. Irudiak ikusita pentsatzerik ba al dago emakume horiek ukituak izan nahi dutela, ezezkoa esateko aukerarik izan dutela?
Normalizatzen ari den eta bereziki jaietan gertatzen den biolentzia sexista honen arrazoi nagusiena errespetu falta da, norberarena eta besteena, eta festa bizitzeko eta ulertzeko modu bat ere bai, hau da, emakumea festaren inguruan objektu bezala onartzearena.
Eta ez gara ez objektu sexualak, ezta panpinak ere.