Belkoain mendiaren magalean kokatzen dira 36ko Gerran erresistentzia gune izan ziren lubakietako batzuk. Uste baino luzeagoak, Buruntza mendiraino ailegatzen direnak. Aranzadi elkartearen gidaritzapean, Hezkide eskolaren baitako auzolandegian elkartu diren estatu mailako 15 bat gazte ari dira berreskuratze lan horretan eta hiru egunetan aipatzeko moduko lana egin dutela agerikoa da, sasiek jandako ondarearen zati bat agerian utzi baitute dagoeneko.
Lubakiak ikusi eta gero, Belkoain mendian, Aduna eta Andoainek muga egiten duten gunean bertan jarritako "Belkoain erresistentzia gunea" panela ezagutu dute bertaratuek eta Josu Amilibia alkateak 1936ko abuztuaren 11n matxinatuak Tolosan sartu eta abuztuaren 16 gauean Andoainera nola iritsi ziren azaldu du eta matxinatuei aurre egiteko bertako harriarekin altxatu zituztela Belkoaingo lubakiak.
Lubaki haietan borrokan aritu ziren gudariak gogoan izan dituzte ondorengo ekitaldian hitza hartu duten Josu Amilibia, Jon Redondo nahiz Martin Garitanok. Aranzadi elkarteko Jabi Bucesek, bere aldetik, Belkoaingoak, duela bi urte argitara ateratako Elgetako lubaki ezagunak baino luzeagoak direla nabarmendu du.