Txorrotik galtzen ez duen iturria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 19a, 11:44

Altzingo jatorrizko iturriak mutur bakarra zuen eta oso ur ona ematen zuen, ur garbia.
Autobia egiterakoan puskatu zuten lehenengo iturria, egun beherago aurkitzen dena.

Amasa-Villabonako Altzin auzoan kokatuta dagoen iturri entzutetsua izen ezberdinez ezagutzen dute herritarrek: Altzingo iturria moduan batzuek, Arratzaingo iturria izenarekin beste batzuek, Bi itturri bezala gazteagoek… Ondorengo artikulua osatzen lagundu duen Fernando Letamendiak argitu duenez, Altzin auzoan kokatuta egoteagatik ezagutu izan du berak ume-umetatik Altzingo iturri izenarekin. Iturrian bertan topatutako emakume batek adierazitakoaren arabera, Arratzain auzoko bizilagunak behiei ura ematera bertara jaisten zirelako Arratzain iturri modura ezagutu izan dute hainbat billabonatarrek. Gazteagoek, berriz, autobia egiterakoan lekuz mugitu eta paretaren kontra bi ur emari jarri zituztelako Bi itturri esaten diote, egun hiru hodi izanagatik.
Arratzain baserriko Fernando Letamendia ume-umetatik ibili da txorrotik galtzen ez duen iturri ezagunaren bueltan. “80 urtetik gora, bizitza guztian zehar Altzingo iturriarekin serbitu izan gara gu. Aurrez, baita gure guraso eta aiton-amonak ere. Aspaldidanikoa da iturri hori. Etxean urik ez zenean, astoaren laguntzaz, ontzietan bertatik ekartzen genuen edateko ura eta behiak ere, egunero eramaten genituen ura edanaraztera. Nire denbora guztian”, adierazi du. Ume garaian jolasleku ere bazuten iturria. Fernandok irribarretsu gogoratu ditu garai hartako oroitzapenak: “iturriaren kanpoaldean putzu-zuloak egin eta txalburuak harrapatzera jolasten genuen auzoko umeek. Gustura ibiltzen ginen iturriaren bueltan”.

Oso ur ona, garbia
Aurrez aipatu bezala, jatorrizko iturria ez zegoen egungo leku berean, “Altzin auzoan kokatuagatik, orain baino gorago zegoen lehengo iturria; Arratzain alderago, Barriola etxearen gainaldean. Mutur bakarra zuen eta oso ur ona ematen zuen, oso ona. Ur garbia eman izan du beti, euri asko egindakoan ere batere zikindu gabea”. Gerora, autobia egiterakoan iturri hura puskatu egin zutela adierazi du Arratzaingoak, “kamioa egin zutenean iturria puskatu egin zuten eta itxura denez, ura behetik gora agertzen hasi zen kamio bazterrean. Zulo handia egin zuten, 150 metroan sondeatu zuten.”. Noraino? Bada, egungo Arratzaingo futbol zelairaino. “Dudarik gabe, Altzingo ura futbol zelaiaren azpialdean sortzen dela esango nuke, Arratzaingo terrenoetan. Egungo futbol zelaia zulo dezentea zen garai batean eta lau edo bost urtez behin harriz betetzen zuten, bost bat urtez behin hondoratu egiten baitzen bestela”.

Arratzaingo ur garden eta finak
Altzingoaz gain, Arratzainen bazen Fernandok izugarri estimatzen zuen beste iturri bat, “gure terrenoetan kokatzen zen, baserriaren atzealdean. Altzingoa baino oraindik eta ur freskoagoa ematen zuen. Ur fresko-freskoa. Eguerdiro bi ontzikada ur ekartzen genuen etxera eta bertan sagardo botilak sartzen genituen freskatzeko. Oso iturri polita zen, bere garbitoki eta guzti. Arratzaingo makina bat jende etortzen zen bertara ur bila”. Arratzaingo eskolatik herrira kamioa egin zutenean galdu zen betiko, “kamioa egiten hasi zirenean ingeniariak orduko Udaleko kideei ‘el manantial es sagrado’ esanagatik, ez zuten behar bezala zaindu eta lurrak jan egin zuen. Geroztik lur azpian izango da nonbait, 20 bat metro behean. Niri izugarrizko pena eman zidan iturri haren galerak. Etxe atzekoa eta Altzingoa, bi iturri genituen etxe alboan eta biak galdu ziren. Bai, pena handia eman zigun”. Hala ere poza ematen dio Altzingo egungo iturriak jendearen aldetik halako harrera beroa duela ikusteak, “herriko nahiz inguruko herrietako jende asko etortzen da Altzingo iturrira ur bila eta izugarrizko poza ematen dit ur hori hainbeste estimatzen dela ikusteak. Behin urnietar bat topatu nuen furgoneta handi batekin iturrian. Urnietatik Villabonaraino uretara nolatan etortzen zen galdetu nion. Hark, halako ur finik beste inon aurkitzen ez zuela erantzun zidan”.

Karerik ez, burnia bai
Garai bateko on Enrike medikuak Altzingo iturriko ura aztertu zuenean, batere karerik gabeko ura izateaz gain, burnia zuela ondorioztatu zuen. Egun ere, ur horrekin erabilitako txarroak ez du karearen arrasto txuririk jasotzen. Denborarekin, ordea, burniaren arrasto gorrixkak sortzen zaizkio. Arrazoi hori dela eta, jende askok edateko ez ezik, garbantzuak egosteko, loreak edota baratzeko barazkiak ureztatzeko ur pareagabea dela uste du. Horiexek denak iturriaren inguruan sortzen diren jende ilara luzeak ulertzeko argudioak. Urte luzetan txorrotik galdu ez duen iturria, emankorra da oso. Eta udazkenetik udaberrira egindako euriteen ondorioz, oraindik eta emankorrago dago azken hilabeteotan. Uda garaian gutiziazko freskagarria bada, beraz, Amasa-Villabonan. Txarroa bete eta on egin!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!