Juan Kruz Igerabide: "Askotan haurrari ipuin oso xeheak ematen zaizkio, azkenean ezer esaten ez dutenak"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 19a, 10:36

“Askotan haurrari ipuin oso xeheak ematen zaizkio, azkenean ezer esaten ez dutenak”.
Antzinako Greziako 24 ipuin laburtu eta moldatu ditu haurrentzat.
Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez plazaratu da liburua eta lau irudigileren ilustrazioak biltzen ditu.

Antzinako Greziako ipuintxo bat gauero liburua argitaratu berri du Juan Kruz Igerabidek Aizkorri argitaletxearekin, 8 urtetik gorako haurrentzat. 24 elezahar bildu ditu bertan, besteak beste, Atenea eta Zeus, Sisifo, Minos, Dedalo eta Ikaro, Midas erregea edota Herakles. Ipuinak haurrentzat moldatu dituen arren, helduentzat oso interesgarria den bigarren irakurketa bat ere eskaintzen du liburuak.

Greziako mitologiaren inguruan makina bat lan eta azterketa egindakoa zara. Oraingoan, ordea, haurrei kontatu behar zenizkien istorio horiek…

Bai, eta alde handia zekarren horrek, eduki originalak berez oso latzak baitira, baita zenbaitetan helduentzat ere. Hortaz, nola kontatu hori haurrei? Odisea-ren egokitzapenarekin, adibidez, ez nuen halako kezkarik izan; kasu hartan arazo narratiboak pisu handiagoa zeukan, alegia, nola esan gauzak gazte batek irensteko moduan. Baina edukiek ez zidaten arazorik eman orduko hartan.
Oraingoan, ordea, haurrekin kontuz ibili beharra neukan. Ez nituen ipuinak edulkoratu nahi, baina bestetik, banekien ezin nuela astakeriarik jarri, bortxaketarik edo antzekorik; eduki batzuk oso gogorrak dira, sexuaren ikuspegia izugarri gordina da. Beraz, horren irtenbide gisa elipsia erabili dut. Alde batetik, ipuinak laburtu egin behar ziren erremediorik gabe. Bestetik, haur baten belarrira hitz egin behar nuen. Horretara jarri eta subkontzienteak berak esaten zidan zer utzi behar nuen airean. Airean, bai, baina edozein helduk hori irakurri eta badaki elipsi hori interpretatzen. Eta haurrak ere hartzen du usain bat, baina ez dio halako zirrara gordinik eragiten.

Esango al zenuke, beraz, horixe izan dela lan honen atalik zailena?
Bai, zalantzarik gabe, elipsia zerekin egin. Horretarako erabili dudan modua, neurri batean, amandre ipuinetatik jasotakoa izan da. Amandre ipuinetan izugarriak gertatzen dira baina ez dira esplizituki esaten; sinboloen bitartez adierazten dira, eta elipsien bidez. Hori imitatzen saiatu naiz hein batean, hori izan da apustua, eta lortzen zailena.

Helduak aipatu dituzu lehen, eta garbi dago haientzat ere interes handiko liburua dela….
Noski, elipsi horiekin, eta gainera umore puntua sartzen baduzu... Bigarren irakurketa bat etengabe dago liburuan. Ironia puntu bat ere badago. Bestalde, mito horien azpian, eduki gordinez aparte, nik uste badaudela igarkizun joko batzuk, modu esplizituan adierazi gabeak, horiek ere. Eta, nolabait, igarkizun horien bidez kontatzen digute gizakia nolakoa den, zein den bere historia eta nola sortu dituen bere tresnak, nolakoak izan diren gizakien arteko inbidiak edota jelosiak… Ez da esplizituki esaten baina hori guztia hor dago, ikusi egiten da, eta irakurle helduak antzeman egingo du. Baita umeak ere, bere mailaraino noski; gainera, elipsia uzten diozunean kuriositate bat geratzen zaio, garaia iristean ulertuko duena.

Krisiak krisi, edizio zaindua du liburuak, eta salneurria ez da 10 eurotara iristen…

Aizkorri argitaletxean abantailatxo bat izan dugu: bada sail bat nahiko ondo funtzionatzen duena liburuak hizkuntza batean baino gehiagotan argitaratzen dituelako, eta horrela aurre egin diezaiokete halako kostu bati. Sail horretan sartu dute liburu hau, eta horregatik izan dugu modu horretan argitaratzeko aukera. Euskaraz bakarrik aterata, esaterako, erabat defizitarioa izango litzateke, eta gaztelaniaz sail batetik kanpo argitaratuta ere ez dakit nola funtzionatuko lukeen gauzak dauden bezala egonda.

Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez argitaratu da liburua. Itzulpen lanetan ere aritu al zara?
Gaztelaniara neuk itzuli dut, bai. Momentu honetan, testuak gaztelaniara itzultzea sormenaren parte bihurtzen ari da niretzat. Itzuli behar duzunean konturatzen zara zer nolako tranpak egin dituzun, zer utzi duzun hala moduz erosokeriagatik edo zure jatorrizko hizkuntza erraz menderatzen duzulako, eta orduan ohartzen zara hainbat gauza zorroztu beharra dagoela. Beraz, une honetan itzulpena oso ondo datorkit sormenari laguntzeko. Eta gero, noski, argitaratzeko aukera baldin badago, primeran. Abentura polita izan da niretzat.

Amandre ipuinak aipatu dituzu lehen, zure obsesioetako bat omen dira…
Bai, amandre ipuinetan gizakiak asmatu baitu kontaera mota bat haurrari munduari eta izateari buruzko galderarik sakonenak egiteko eta umeak horiekin konektatzeko. Eta ni harritu egiten nau oraindik hori egitea nola lortzen duten ikusteak. Askotan haurrari ipuin oso xeheak ematen zaizkio, azkenean ezer esaten ez dutenak. Baina amandre ipuinetan, filosofiaren alorrean plantea daitekeen arazo esistentzial sakon bat proposa daiteke; filosofiak modu arrazionalean garatzen du, baina amandre ipuinetan antzekotasunen edota sinboloen bidez dago sartua: denborari buruzko kezkak, heriotzaren ingurukoak, bizitzaren erritmoei buruzkoak, maitasunari, gorrotoari edo gizakiok ditugun beste hainbat sentipeni erreferentzia egiten dietenak… Horiek denak ipuinetan daude, baina haurrak horiekin zuzenean konektatzeko moduan. Oraindik liluraturik nauka gizakiak mekanismo hori lortu izanak. Eta hori idazle gisa ere izugarri zaila da. Agian zatitxo batean lor zenezake, baina amandre ipuinen kasuan sekulako tradizioa dago, ehunka ipuinekin.

Haurrarentzako ipuina aukeratzerakoan, lehen aipatu dituzun lan xehetara jotzeko joera dagoela uste al duzu?

Bai. Erosoagoak dira. Etekin didaktiko-formalari begira, esaterako, irakurtzen ikasteko, lehen pausoan behintzat badirudi errazago funtzionatzen dutela. Eta haurrari goxokiak bezala kolore askorekin erakutsiz gero erakarri egiten dute. Horietako dezente oso testu onak dira. Nire iritziz, ordea, gehienak testu baldresak dira, hutsalak. Baina, esan bezala, hori nire iritzia besterik ez da. Dena den, ahozko tradizioan eta amandre ipuinetan hori guztia gainditzen duen eduki indartsu bat dagoela uste dut; lehen aipatu moduan, batzuetan idazle batek asma lezake testu zehatz batekin, baina amandre ipuinetan sistema oso bat dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!