Profesional mailako futbolean ibilbide polita osatu zuen ibartar-larrauldarrak, “zorte handia izan nuen profesional mailara iristean; bizitzak aukera ona eskaini zidan eta aprobetxatu egin nuen”. Umetako ametsa bete eta Realean lau urtez jokatzea lortu zuen. Belauneko lesio batek hogeita hamar urterekin erretiroa hartzera behartu zuen. Egun, Larraulen bizi da.
Uztailaren amaieran oporraldia hasten da gehienentzat, futbolarientzat ordea amaitu dira oporrak. Datorren denboraldian Reala Championsen arituko da, gainera. Nola bizitu zenuen aurreko denboraldiaren amaiera?
Poz handia hartu nuen, gehienbat jokalariengatik. Badakit batek baino gehiagok oso momentu txarrak pasa dituela bere ibilbidean eta asko poztu naiz haiengatik. Reala Championserako sailkatzea liberazioa izan da jokalari horientzat. Oso talde polita osatu dute bertako gazteekin eta ilusio handia sortu da taldearen inguruan. Urte txarrak pasa ondoren jendea pozik ikustea oso positiboa da.
Zenbateraino jarraitzen duzu futbola?
Sailkapenak begiratzen ditut eta jokatzen ari diren lagunekin hitz egitea gustatzen zait, zer moduz dauden jakiteko. Ez naiz, ordea, zelaira joaten partidak ikustera. Nire taldekide izandakoak jokatzen ari dira oraindik eta gehiegi sufrituko nukeela iruditzen zait.
Jokalari ohi askok Donostian hartzen dute bizitokia. Zeu Larraulen bizi zara…
Lasaitasun bila etorri nintzen Larraulera eta oso erabaki ona izan zen. Bertan sortu dugu familia eta gustura gaude. Ez dakit etorkizunean zer egingo dugun, baina momentuz bertan jarraitzeko asmoa dut.
Futbolak eman dizun esperientzia horien guztien ondoren, jende asko ezagutuko zenuen…
Bai, lagun asko egin ditut nire kirol ibilbidean. Oso aberasgarria izan da alde horretatik. Munduko txoko ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera izan dut eta haiengandik asko ikasi dut. Talde ezberdinetan egindako lagunekin harremana izaten jarraitzen dut, nahiz eta askotan, kilometro asko izan tartean.
Futbolarien bizimoduaren inguruan gauza asko esaten da. Dena sinistea ere kosta egiten da!
Mito asko dago baina futbolarien artean ere, denetarik dago. Batzuei izugarri gustatzen zaie fama eta beste batzuei ez; ez gara guztiok berdinak. Futbolariok jendearen ahotan ibiltzen gara beti, baina esaten diren guztiak ez dira egiak izaten.
Haur gehienek futbolari izatearekin amesten dute; zu hori lortu duen gutxienetakoa zara…
Eskolako lagunekin hasi nintzen lehendabiziko pausoak ematen. Ondoren, Tolosa taldean aritzeko aukera izan nuen eta hamabi urterekin Realetik deitu ninduten froga batzuk egiteko. Zorte handia izan nuen urteen poderioz profesional izatea lortu nuelako; bizitzak aukera ona eskaini zidan eta aprobetxatu egin nuen. Nire ibilbide profesionala futbolari eskaini nion eta oso jende gutxik izaten du aukera hori. Alde horretatik, oso pozik eta harro nago.
Zurea, gainera, ez zen Realera mugatu…
Hemezortzi urte nituenean, Realeko kide banintzen ere, beste zenbait taldetan aritu nintzen utzita; Tolosan, Eibarren eta Getafen. Hogeita lau urterekin itzuli nintzen Realera eta beste lau urte egin nituen bertan. Futbol ibilbidea amaitzeko, Castellonen egin nituen bi denboraldi.
Oso gazterik atera behar izan zenuen kanpora. Zer moduzkoa izan zen esperientzia hura?
Batzuetan, futbolarien inguruan irudi berezi bat sortzen da, baina gu beste pertsona guztiak bezalakoak gara; gure beldurrak ditugu, gure familiak, lagunak, ingurutzen gaituen jendea... Nik hogeita bi urterekin joan beharra izan nuen Getafera, bakarrik. Futbola, alde horretatik, gogorra da. Garai hartan Realarekin ari nintzen aurre-denboraldia egiten eta egun batetik bestera esan zidaten taldeak ez zuela oraindik nirekin kontatzen eta hurrengo egunean Madrilera joan behar nuela. Familia, neskalaguna..., dena hemen utzita joan nintzen. Lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Erronka handia izan zen hure niretzat, baina oso ondo atera zitzaidan azkenean. Bigarren mailan zegoen Getafe eta mailaz igotzea lortu genuen. Beldur asko kentzea lortu nuen eta hortik aurrera, gauzak hobeto joan zitzaizkidan.
Zein izan zen zure ibilbideko momenturik onena?
Getafen egindako denboraldia oso garrantzitsua izan zen. Reala txapeldunorde izan zen urtean taldeko kide nintzen, baina ez nuen minutu bakarra ere jokatu. Getafen, nire buruari erakutsi nahi nion hor egoteko balio nuela eta oso ondo atera zitzaidan. Han egindako lanak Realeko ateak ireki zizkidan eta hori saria izan zen niretzat.
Eta txarrena?
Hogeita sei urterekin urtebetez jokatu gabe egon beharra izan nuen eta hortik aurrera, gainera, belauna ez zen lehengora itzuli.
Etxekoek nola bizi izan dute zure futbol ibilbidea?
Sufritu eta gozatu egin dute. Goi mailako kirolean, gehiago izaten dira sufritzeko momentuak, gozatzekoak baino. Oso bizimodu intentsoa da eta ondo kudeatzen asmatu behar da. Fama, presioa, gaztetasuna..., gauza asko dago tartean. Zorte handia izan dut familiarekin, nire tokian jartzen asmatu dutelako. Behin eta berriz gogorarazten zidaten zein nintzen eta nondik nentorren; horrek asko lagundu zidan.
Lesioaren eraginez etorri zitzaizun erretiratu beharra. Nola bizitu zenuen momentu hura?
Castellonera joan nintzenean lesioa gainditzen ari nintzen. Ez nengoen, ordea, guztiz sendatuta. Belaunak min ematen zidan. Castellonera joatea erabaki nuen eta lehendabiziko denboraldia oso ondo atera zitzaidan. Talde polita osatu genuen eta partida asko jokatu nituen. Bigarren denboraldia, ordea, oso gaizki hasi nuen. Belauna minberatu egiten zitzaidan eta partida gutxi batzuk jokatu nituen. Futbola nire bizitzako etapa bat izan zen eta utzitakoan konturatu nintzen bizitza honetan gauza asko ditudala ikasteko eta gozatzeko. Bi ume ere baditut eta asko gozatzen ari naiz haiekin. Erretiratzea ez zen trauma bat izan niretzat, gauzak modu positiboan ikustea gustatzen zait niri.