Duela bi urte arte pertsona guztiz aktiboa izan zen, bere erleak zituen, eta eztia egin eta larunbatero joaten zen Behemendik Donostiako auzo ezberdinetan eta Hernanin antolatzen duen azokara. Baratzerako ere arreta berezia jartzen zuen. Horrez gain, hamabostean behin, hutsik egin gabe, idazten zuen bere iritzi artikulua Aiurri astekarian. Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarreko bazkide bere sorreratik, bilera guztietan parte hartzen zuen, beti ere, euskalgintzan egindako bide luze bezain oparoak emandako eskarmentua elkartearen zerbitzura jarriaz. Politikoki ere, pertsona konprometitua izan da.
Duela bi urtetik gaixotasun batek bere bizitza erabat aldarazi zion, eta gaur egun Andoaingo Done Joan Bataiatzailea Zaharren Etxean bizi da. Pasa zen astean, ordea, ohiko dituen lagunen bisitez gain, Martin Garitanok, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Andoainera egindako bisitan, bertako alkate den Ana Carrerekin batera, berarekin egon nahi izan zuen. Une atseginak izan ziren Hiazintorentzat, argazkietan ikus daitekeenez.
Ekimen handikoa
Hiazinto Fernandorena Setien 1930eko ekainaren 29an jaio zen Arantzibia (Arantzubi) etxean. Apaiz ordenatu ondoren, urte dezente Lazkaon eman zituen. Apaiz izateari utzitakoan, Hernaniko udaletxeko itzultzaile eta euskararen arduradun izan zen.
Baina, ikastolak sortzen, ikastolako materiala euskaratzen eta metodo pedagogikoak eskuratzen saiatu izan da bizitzaren aldirik handienean. Euskararen aldeko bere lanagatik aspaldi izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle.
Elbira Zipitriaren lagun eginik, ikastolak herrietara zabaltzen lan handia egin zuen, herriz herri, 1960 aldean hasita. Urnietako Egape ikastolak berak ere izan zuen Hiazintoren laguntzarik bere sorreran.
Irakasle euskaldun gutxi zenez orduan, irakaskuntzarako neskak bilatzen eta ikastolarako prestatzen asko saiatu zen. Besteak beste, Donostian “Andereño Eskola” eraikitzen parte hartu zuen.
Irakaslegoak etengabeko prestakuntza eta berrikuntza beharrezkoak dituenez, andereñoentzako Gordailu Elkartea eta beroientzat ikastaroak ere antolatu zituen. “Gordailu”, gerora, argitaletxe bilakatu zen, ikastolentzat euskarazko liburuak eta abar argitaratzeko: gai monografikoak, gizarte eta natur zientziak, historia, geografia eta abar. Jostailu eta material didaktiko eta pedagogiko egokiak eskuratzeko aukera izan zezaten “Haurride” izeneko denda ere zabaldu zuen Donostian. Umeek oporretan elkarrekin harremanak eta euskara lantzeko aukerarik izan zezaten udalekuak antolatzen ere lan handia egin zuen.
Xabier Lasa andoaindarrak Felix Etxeberria Elgoibarko ikastolaren bultzatzailearen hitzak ekarri ditu orriotara, zeinak gogoan dituen 60ko harmakadan Euskal Herriko Ikastoletako ordezkarien hamabosteroko bilerak: “Ikastoletako ordezkari ugariren topalekua zen, guraso eta laguntzaileena. Han nork bere eskarmentuak eta kezkak azaltzen zituen eta besteek tentuz entzuten genituen, ikasgarri izan zitezkeelakoan etxean aplikatzeko. Elkar trukaketa polita gertatzen zen. Hiazinto Fernandorenak, Lazkaoko apaiza zenak zuzentzen zuen batzarra. Lan handia egin zuen utzi zioten bitartean. Ekintza zaletasuna, bolrondatezko lana eta kemena zen nagusi, eta hura maisu izan zen eginkizun horretan. Ezerezetik altxatu zuen ikastolen mugimendua”. Ekintzaile handia izan arren, euskaraz idazteko astirik ere hartzen zuen. Liburu eta liburuxka asko ditu Hiazintok idatziak eta itzuliak. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kidea eta “Erlazaintza” aldizkariaren zuzendaritzako lehendakaria ere izan zen.
Idazle eta artikulugilea
Liburu eta liburuxka asko idatzitakoa da Hiazinto. Bakarren batzuk aipatzeagatik: “Ogia”, “Olentzero”, “Onddoak”, “Erlea eta Eztia”, 1972an; “Eguneroko gauzak”, 1973an; “Laborantza”, “Iparragirre”, “Esperientziak 3”, 1975ean, Schiller-en “Gilen Tel” euskaraturik, 1976an; Euskal Herriaren historia, 1977an; Burdina eta Altzairua, 1978an. Eta abar luze bat. Nabarmentzekoa da, 2003. urtean, Maria Jesus Iartzarekin lankidetzan argitaratutako, “Gure Baserriak. Hernani” lan mardula. Bertan, Hernaniko baserri guztien historia jaso zuten.
Aiurri astekarian dozenaka artikulu idatzi ditu. Guztiak ere hemen irakurgai .