Zaldientzako bost izarretako hotela, Zizurkil Goiko Alkañizen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 18a, 13:27

‘El molino del lobo’ zalditegiko jabeen ustean, “zaldiari bere tokia eman behar zaio, bere ezaugarriak errespetatu eta behar duen zaintza eskaini”

Zizurkilgo Alkañiz baserria erosi zuten Ana Rotaetxe eta Guillermo Otxoa senar-emazteek. Albaitaria da Ana eta urte asko eman ditu zaldiekin lanean. Guillermok berriz, lasterketarako zaldiak izan ditu behin baino gehiagotan eta mota horretako zaldien prestaketa lanetan ere iaioa da. Donostiarrak dira Ana eta Guillermo eta urte mordoxka egin dute Euskal Herritik kanpora bizitzen. Itzultzea erabaki zutenean, Alkañiz baserrian jarri zuten euren bizitokia. Hala azaldu du Anak: “Garbi genuen zaldiekin harremanean jarraitu nahi genuela, eta horretarako, lursailak zituen etxe bat behar genuen. Ez zen erraza izan bilaketa lana, baina azkenik, Alkañiz baserrira etortzea erabaki genuen. Pozik gaude egindako aukeraketarekin”.
Hasierako nahia lasterketako zaldien prestaketarako gune bat sortzea bazen ere, aldatu egin zuten euren lehendabiziko asmo hura: “Guillermo Donostiako hipodromoan hasi zen lanean eta ezin zituen bi lanak ondo egin. Horregatik, beste proiektu bat garatu genuen; zalditegia. Nahi duen orok bere zaldia ekar dezake hona, guk zain dezagun. Animalia bakoitzak bere ukuilua du, eta nahi duenean kanpoaldera ateratzeko aukera ere badu. Zaldiaren jabeak erabaki dezake nolako zerbitzua nahi duen. Zaldiak izan ditzakeen premia guztiak ase ditzakegu: otorduak, paseoak, prestaketak, osasun zaintzak, lesioen osatzeak... Jabeak erabakitzen du zer nahi duen bere aberearentzat”. Animaliak ahalik eta baldintza egokienetan egon daitezen saiatzen dira beti. “Lasterketatan ibiltzen diren zaldiek, esaterako, ero eta kontrolaezin fama izaten dute, baina hori ez da horrela izaten. Zaldiari bere tokia eman behar zaio, bere ezaugarriak errespetatu eta behar duen zaintza eman. Abereei ez zaie batere gustatzen bakarrik egotea eta horregatik, ukuilutik kanpora ateratzeko aukera eskaintzen diegu. Modu horretan, elkar ikusten dute guztiek, eta ez dira gehiegi urduritzen”, azaldu du Anak. Momentuz, hamar zaldi hartzeko tokia dute prest, baina ez dute baztertzen pixka bat hazteko aukera ere, “beti ere, zalditegi txikia izaten jarraituko dugu, hori da gure filosofia”, zehaztu du Anak.
Lasterketan ibiltzen diren zaldiak iristen dira, batez ere, ‘El molino del lobo’ zalditegira: “Zerbitzu berezia eskaintzen diegu zaldi horiei. Bidaia luzeak egiten ari diren abereek, zortzi orduko atsedenaldia egin behar dute hamabi orduro. Legeak agintzen du hori, abereen osasuna eta ongizatea zaintzeko. Gurean maiz hartzen ditugu bidaian doazen zaldi eta behorrak, atsedenaldi hori egin dezaten. Horregatik, kamioietako gidarientzako prestatutako atsedengunea ere badugu”.
Zaldi eta behorrak jasotzera joatea ere egokitu zaie behin baino gehiagotan. “Animaliak daramatzan kamioi batek matxura duenean, guri deitzen digute. Atoi edo erremolke bereziarekin joan, eta gurera ekartzen ditugu abereak, kamioia konpondu eta bidaiari ekiteko moduan diren arte”.
Lau kideren artean zaintzen dituzte bertaratzen diren animalia guztiak. Ana eta Guillermoz gain, Iñigo Elola eta Maria Garcia gazteak aritzen dira bertan lanean. “Iñigo astean zehar etortzen da. Bera arduratzen da zaldiei otorduak emateaz eta behar dutenean ateratzeaz. Maria, berriz, asteburuetan etortzen da lanera”.

Hipoterapia
Laster, ordea, Maria gaztearen lan karga handiagotu egingo da: “Uda amaieran, hipoterapia eskaintzen hasiko naiz. Arazo fisiko eta psikologikoak dituztenei, zaldiekin izandako kontaktuaren bidez laguntzeko modua da hipoterapia. Mota guztietako arazoak arintzen lagun dezake; antsietatetik hasi eta garun paralisira iritsi arte”, adierazi du Mariak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!