Adunako errepidea zabaltzeko lanak hastear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 18a, 13:26

Lanek irauten duten bitartean, Andoaindik gertu dagoen errepidea erabili beharko da, kanposantutik gora herrigunera doana hain zuzen.

Adunako Santakrutz ermitaren albotik igarotzen den errepidea zabaltzeko lanak egingo dituzte uda honetan. Bide batez, oinezkoentzat zein txirrindularientzat egokitutako espaloia ere egingo dute.
Adunako Udalak aspaldi egin zion errepidea zabaltzeko eskaria Gipuzkoako Foru Aldundiari. Errepide estua da eta egunero auto asko igarotzen da bertatik. Errepidearen estutasuna dela eta ezusteko bat baino gehiago izan da, zehazki ermitaren ondoko bihurgunean. Ez da etorkizunean horrelakorik errepikatuko, abuztuan hastekoak baitira berrikuntza lanak.
Prozesu luze baten ondoren lortu dute Udalak eta Aldundiak akordio batera iristea. Xehetasunak Josu Amilibia alkateak eskaini ditu: “Duela urte batzuk, Allapur inguruko etxeak egin zirenean, errepidearen azken zatia zabaldu eta espaloia egin zen. Proposamen berria egin genion orduan Aldundiari; errepide osoa zabaltzearekin batera, espaloia ere errepidearen bukaera arte eramatea. Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideak, ordea, herriguneetatik kanpo egoten dira eta ez dute espaloirik egiten. Guretzat garrantzitsua zen oinezkoentzat eta txirrindularientzat bidea egokitzea eta azkenik, akordio batera iritsi ginen; Udalak espaloia egitearen kostua bere gain hartuta”.
Abuztuan hasiko dituzte errepideko lanak. Lanen esleipen prozesua zabalik dago eta Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, abuztuan hastekoak dira. Lanek iraun bitartean, itxi egingo dute errepidea eta kanposantu aldetik igotzen den bidea erabili beharko da Adunarako joan-etorriak egiteko. Adunara iristeko, beraz, errepide bakarra egongo da zabalik.
Alkatea, noski, pozarren dago lanek ekarriko duten onurarekin, “gaur egun, ez dago oinezkoentzat egokitutako biderik herrira iristeko eta alde horretatik, mugikortasunaren eta segurtasunaren aldeko pauso polita emango dugu. Herrirako joan-etorrietan autoen erabilera pixka bat murrizteko modua eman diezaguke. Autoz ibiltzeko ere, orain baino seguruagoa izango da”.

Udalaren inbertsio handia
Aurrekontua ez da txantxetakoa izango, egungo egoera zaila ikusita. 550.000 eurokoa da lanen lizitazio prezioa: “Litekeena da lanen adjudikazioa egiten denean, kopuru hori jaistea. Nolanahi ere, Adunako Udalak, kostu osoaren %40 inguru ordaindu beharko du, espaloia egiteko lanei dagokiona. Inbertsio handia da, baina betiko geratuko den lana da, eta herriari onura handia ekarriko diona, gainera”.
Etorkizunari begira, Andoain, Adunako erribera eta Villabona batuko dituen bidegorri sarearekin bat egingo du Adunako bide berriak: “Hidronor lantegiaren aurrealdeko gunean, txirrindulari eta oinezkoentzako bidea egokituko da. Andoain eta Villabona arteko bidegorriarekin bat egiteko aukera eskainiko digu horrek. Egitasmo osagarri horiek ez dira epe motzean egingo, baina etorkizunari begira, aukera polita izango da”, adierazi du Josuk.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!