Martin Garitano Ahaldun Nagusia ‘Andoaindarrekin Andoainen’ izan zen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 18a, 13:21

Uztailaren 10eko arratsaldeko 19:00ak ziren Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta bere gobernuko hainbat kide Basteron jendaurrean eseri zirenean

Andoainera egindako egun osoko bisitaldiaren azken ekitaldia zen hura. ‘Herritarrekin herrira’ bezala bataiatu zuten ekimenari zentzu gehien ematen zion hitzordua zen, herritarren galderak, iradokizunak eta kritikak jasotzeko prest agertu zirelako. Ia hamabi orduz luzatu zen bisitaldiaren azken hitzordua izan zen. Martin Garitanok goizeko hamarretan hasi zuen bisitaldia. Atsedenerako tarte gutxirekin, goizean goizetik Udal langileekin, San Juan batzaiatzailea zaharren egoitzako langileekin nahiz egoiliarrekin eta herriko langabetuekin bildu zen. Bazkalostean Sorabilla eta Etxeberrieta auzuneak bertatik bertara ezagutu zituen eta egunari amaiera emateko Basteron ekitaldi irekia antolatu zuten. Uda betean, sargori zela, ehun lagun inguru hurbildu zen. Asko eta asko argibideak eskatzera joandako herritarrak.
Basteron Ana Carrere alkateak ere parte hartu zuen. Bera izan zen hitza hartzen lehena, “Aldundiak egitasmo berria martxan jarri du herritarrekin elkartu ahal izateko. Udalak eskerrak eman nahi dizkio Garitanori eta bere lantaldeari. Departamentu askotako ordezkariak bertan daude andoaindarren kezka eta galderei erantzuteko. Proposamena egin zigutenetik ideia ona eta positiboa iruditu zitzaigun”. Martin Garitanok eskertza onartu eta bere lantaldearen asmoa zein den argiro azaldu zuen, “ekimen honekin herri bakoitzeko bereizgarri propioak ezagutu nahi ditugu. Aldundiak irudi oso bat jaso nahi du eta horregatik Andoainera etorri gara”. Herritarren txanda iritsi zenean, besteak beste, ondoko iradokizunak entzun zituzten:   Etxeberrieta atzealdean bertan bizi direnen arteko elkarbizitza arazoak, Leitzaran harana sustatzeko proposamenak, Abiadura Handiko Trenaren gastua, etab.
N-1 errepideak galdera bat baino gehiagorako eman zuen, Aldundiko Unai Erroitzeneak hitza behin baino gehiagotan hartu behar izan zuelarik. Batetik, Sorabillan N-1 errepidea Gasteizko norabidean hartzen duenak Nafarroako autobidearen sarbidea gurutzatu behar du. Ez ote da hori puntu beltza? Herritar batek azaldutako kezka herritar askorena da. Aldundiko ordezkariak erantzun zuenez, Bazkardotik Sorabillaraino saihesbide berria egiteko proiektuan Nafarroako autobidera sartzeko lotune berria aurreikusten zen, “baina proiektu hori baztertuta dago duen kostu handiarengatik. Arazoa hor dago, jakitun gara, baina ez dugu irtenbiderik”. N-1 errepidetik gertu bizi direnek jasan behar duten zarata  ere hizpide zen Basteron. Unai Erroitzeneak emandako erantzunean aurreko Aldundiko agintarien utzikeria salatu zuen, “N-1 errepidea zaharkitua geratu da, hobekuntza eta mantentze lanik gabe. Utzikerian erori da zaratarena ere, besteak beste, Andoainen, baina baita Irunen eta beste eremuetan ere. Beharra dago, baina beste gauza askotarako ere bai. Baliabide ekonomikoak falta zaizkigu. Etorkizunean inbertsioetarako aukera iristen doan heinean,  intentsitate handiko errepideetan hobekuntzak egin beharko ditugu. Tartean, noski, zarataren aurkako neurriak hartzea”. Abiadura Handiko Trenaren gastuaz ere galdera egin zuten. Ahaldun Nagusiak horrela erantzun zuen, “Aldundiko aurrekontuetatik ez doa euro bakar bat AHTra. Jaurlaritza ordaintzen ari da, egunen batean Espainiako gobernuak itzuliko dion esperantzarekin”.
Horiek eta gehiago izan ziren hizpide nagusiak Basteron. Garitanoren esaldiak itxaropenari atea zabaltzen dio, “esperientzia baikorra eta emankorra izan da eta emango ditugun hurrengo pausoetan hori nabarituko da”.


Bisitaldia
2013, uztailak 10. Andoain
10:00     Udaletxea.
11:15     Zaharren egoitza.
12:20     Activate langabetuak.
14:00     Bazkaria Kaletxikin.
16:15     Sorabilla, bisitaldia.
17:30     Etxebarrieta, bisitaldia.
19:00     Bilera irekia Basteron.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!