Joan zen ostiralean Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroak ‘Itsasoaren emazteak’ emanaldia estreinatu zuten Tolosako Leidor antzokian. Ikuskizun dotore bezain hunkigarria izan zen eta erantzun modura, txalo zaparrada beroa jaso zuten antzokia goitik behera bete zuten ikus-entzuleen eskutik. Itsaso urdina, itsaso grisa, itsaso beltza…, itsaso barea, geldoa, itsaso gaiztoa, zakarra…, era askotako itsasoak irudikatu zituzten dantzari, aktore eta musikariek emanaldi berrian zehar. Itsasoarekin lotuta, itsasgizonak eta, bereziki, itsasgizonen emazteak izan ziren protagonista. Gizonak itsasoratu aurretiko poza, maitasuna; itsasora abiatu ondorengo hutsunea eta eguneroko bizimoduarekin aurrera egiteko lana nahiz saiakera irudikatu zituzten. Emanaldian aurrera baina, gizonak etxera gerturatzen ari zirelako alaitasun eta esperantzari, bat-batean, itsasora ailegatutako galernarekin batera, tristurak, ilunak eta minak hartu zion gaina: itsasgizonaren galerak eta emaztearen hutsuneak… Sentimenduz eta sentipenez betetako lana, indar handiz plazaratutakoa. Emakumeak hartu zuen pisu nagusia, bai; emakumearen eskuek eta haiekin eginiko lanak. Bizkaiko kostako hainbat arrantzaleren emaztek euren bizipenak kontatuta osatutako ikuskizuna da, Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga aktoreek bizkaitarrez kontatua. Musika, dantzak, eszenografia eta gidoia ederki uztartu zituzten parte hartzaileek. Emanaldi indartsua eta ederra. Etorkizunera begira saio pare bat dute lotuta, tartean Amasa-Villabonan bertan eskainiko dutena. Ea etorkizun oparoa izaten duen, ikuskizunak merezi du eta. Zorionak!
Musika banda bikaina
Dantzariek eta aktoreek egiten duten lanarekin batera, nabarmentzekoa da musikariek eginiko lana ere. Pello Ramirez musikari ordiziarrarena da emanaldiko musika originala eta berak zuzendu zituen Angel Unzu, Xabier Zeberio eta Fredi Pelaez musikariak zuzenekoan. Doinu ederrak, goxoak.