Jan-edanetan, urtez urte, berrikuntzaren bat tartekatzen dute Villabonako azokako antolatzaileek. Aurtengoen berri Agustin Laskurain Irrintziko kide eta azokako sortzaileetako batek adierazi du, “jakietan entsalada berria dastatzeko aukera izango da aurten eta, garagardoen artean, bi berri probatu ahal izango dira: San Miguel eta Grimbergen etxeko bana. Guztira 23 garagardok osatuko dute garagardoen karta”. Jan-edanez gain, berrikuntza gehiago ere izango ditu aurtengo edizioak, izan ere, bi pertsonentzat hamabi afari zozketatuko baitituzte Amasa-Villabonako jatetxeetan: “Or konpon, Txapeldun eta Iturrigoxo jatetxeetan egunero hiruna afari zozketatuko dira”, jakinarazi du Agustinek.
Urtero legez, jana, edana eta giro paregabea ziurtatuta egongo dira azokan ostegunetik igandera, 18:00etatik 02:00etara. Eta tartean, sorpresarik ere izango da. Ohi denez, musika kontzerturen bat.