Itsaso urdina, itsaso grisa, itsaso beltza…, itsaso barea, geldoa, itsaso gaiztoa, zakarra…, era askotako itsasoak irudikatu zituzten dantzari, aktore eta musikariek emanaldi berrian zehar. Itsasoarekin lotuta, itsasgizonak eta, bereziki, itsasgizonen emazteak izan ziren protagonista. Gizonak itsasoratu aurretiko poza, maitasuna; itsasora abiatu ondorengo hutsunea eta eguneroko bizimoduarekin aurrera egiteko lana nahiz saiakera irudikatu zituzten. Emanaldian aurrera baina, gizonak etxera gerturatzen ari zirelako alaitasun eta esperantzari, bat-batean, itsasora ailegatutako galernarekin batera, tristurak, ilunak eta minak hartu zion gaina: itsasgizonaren galerak eta emaztearen hutsuneak… Sentimenduz eta sentipenez betetako lana, indar handiz plazaratutakoa. Emakumeak hartu zuen pisu nagusia, bai; emakumearen eskuek eta haiekin eginiko lanak. Bizkaiko kostako hainbat arrantzaleren emaztek euren bizipenak kontatuta osatutako lana da, bizkaitarrez kontatua. Musika, dantzak, eszenografia eta gidoia ederki uztartu zituzten parte hartzaileek. Emanaldi indartsua eta ederra, bikaina. Aurrera begira badute beste saioren bat lotuta, tartean Villabonan bertan eskainiko dutena. Ea etorkizun oparoa izaten duen, ikuskizunak merezi du eta. Zorionak!