Garapen bidean dauden herriekiko elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 11a, 11:58

Urnietako Udalak eta herriko misio taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten garapen bidean diren herrietan hainbat egitasmo bideratzeko. Urnietarren elkartasuna ez da horretara mugatzen eta Euskal Fondoaren bitartez beste zenbait egitasmo sustatuko dira.


San Juan jaien atarian Urnietako Parrokiak urteko batzar orokorrean egiten dituzten jarduera guztien berri eman zuten. Egun gutxira, Udalarekin batera hainbat egitasmo bideratzeko elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten. Sinatutakoaren arabera, Udalak Urnietako misiolariek parten hartzen duten lau proiektu finantzatuko ditu. Hauexek:
Fernando Hernandez. Togo:
“Igeltseritza laguntzaile ikastaroa”.
Asinsio Iguaran. Mali:
“Harreran dituen herritarrei oinarrizko elikagaien erosketa”.
Tere Iriondo. Congo:
“Zazpi nesken eskolaratzea eta zaintza”.
Fundación Etiopía-Utopía:
“Wucron Maialen Hernandez urnietarrak lan egiteko beka”.

Uztailaren 5eko akordioaren bitartez, 12.000 euro bideratuko ditu Udalak. Hitzarmena 2015eko abenduaren 31ra bitarte indarrean egongo da.
Hitzarmen hori ez da Udalak alor horretan sinatu duen bakarra izan. Udalak berak jakinarazi duenez, Euskal Fondoaren bitartez beste bi egitasmo diruz lagunduko ditu:
Guatemala:
“Udal-kudeaketan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna kontuan har dezaten Trasversal Norte deituriko Mankomunitatean”.
Tindouf:
“Garraio azpiegiturari laguntza saharar errefuxiatuentzat”.

Garapen bidean dauden herriekiko laguntzak jakinarazi ziren egun horietan, Urnietako udal ordezkariek harrera egin zioten uda Urnietan igarotzen ari den Sukaina hamar urteko Saharako haurrari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!