Martin Garitano Ahaldun Nagusiak Andoain gertutik ezagutu zuen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 11a, 10:30

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak egun osoa eman zuen Andoainen. Udal ordezkariekin, herriko eragileekin eta herritarrekin batzartu zen.

Bideoak Udala  | Zaharren egoitza | Activate 

Kronika: 

Goizeko hamarretako kanpaiak jotzen ari zirenean Martin Garitano Ahaldun Nagusia eta bere lantaldea udaletxeko arkupeetara gerturatu ziren. Atean zain zuen Ana Carrere alkatea, eta lehen harrera egin ondoren batzarraldi aretora igo ziren. Udal ordezkariak agurtu zituen ekitaldiari hasiera eman aurretik. Udal batzarraldi aretoan Martin Garitanori harrera egin zioten Bilduko Gobernu taldeak, PSE-EEko Maider Lainezek eta Toñy Landak eta PPko Asun Guerrak. Hasierako ekitaldi horretan behintzat EAJ-PNVko ordezkaririk ez zen izan.
Elkar agurtzen ari ziren bitartean udal batzarraldi aretoa bete zen, nagusiki udal langileekin baina baita herritarrekin ere. Ana Carrerek eman zion hasiera ekitaldiari, irudi bidez Andoain herriari buruzko azalpenak emateko. Bide batez, Aldundiari eskerrak eman zizkion Herritarrekin Herrira martxan jarri duten ekimenaren baitan lehen bisitaldirako Andoain herria aukeratzeagatik. Hain zuzen ere, Martin Garitanok Gipuzkoako herriez eta parte hartzeaz hitz egin zuen bere lehen adierazpenean.
 
Udaletxea, Zaharren egoitza, langabetuak
Udaletxetik San Juan bataiatzailea zaharren egoitzara abiatu ziren, bertan bizi direnei bisita egitera. Bereziki, egun horretan bertan ehun urte bete zituen Rufina Saezi. Irtetear zirela zaharren egoitzan bizi den Nuria Serranok zaharren egoitzaz eta sendagaien berrordainketaz eskakizunak egin zizkien agintariei. Txelo Martinez ezinduen eta desgaituen laguntzako zuzendari nagusiak Serranok egindako galderei erantzun zien.
Ama Kandida etorbidetik Activate langabetuen elkarteak duen egoitzara gerturatu zen Martin Garitano. Ahaldunak langabetuek egindako galderei erantzun zien.
 
Sorabilla, Kaletxiki, Bastero
Kaletxikiko Buruntza jatetxean bazkaldu eta gero, Sorabilla eta Etxeberrieta auzoetako egoera bertatik bertara ezagutu zuen. Sorabillan Garitanok auzotarren kezkak haien ahotik entzun zituen. Auzotarrek eskertu egin zuten Aldundiak bidegorriarekin eta seinalizazioaren berrikuntzan aurrerapausoak eman dituztelako. Nolanahi ere adpaldiko bi eskaera egiten jarraitu zuten: Batetik Sorabillatik Karrikara iristeko zeharakatu behar diren hiru errepideetan zebra bideak ipintzea. Eta, bestetik, N1 errepideko zarata ekiditeko panelak jartzea. Gazi-gozoa izan zen erantzuna. Aldundikoek hitzez behintzat zebra bideak margotuko dituztela adierazi zieten auzoan bertan egindako bileran. Panelak ordea, egoera ekonomikoa zaila izanik, ez dira jarriko epe labur eta ertainean.
Etxeberrietan auzotarrek dituzten kezkak helarazi zizkieten Aldundiko ordezkariei. Bereziki, Etxeberrieta atzekaldeko bizilagunen arteko bizikidetzari dagozkionak.  Jatorri ezberdineko herritarrak bizi dira bertan eta nahi baino gehiagotan istiluak sortu izan dira.
Ia egun osoa Andoainen eman ondoren, Basteron dozenaka lagunen aurrean jarri ziren Martin Garitano eta hainbat diputatu. Herritarren eskakizunak entzutera etorri zirela adierazi zuten, zentzu horretan parte hartze aktiboa izan zuten Basterora hurbildu zirenak. Aldundikoekin batera Andoaingo alkate Ana Carrere ere hizketan aritu zen.
Basteron hainbat gai jorratu ziren: Adinean aurrera doazenen langabezia, Leitzaran eta Oria ibaien egoera, Leitzaranera ibilgailuan sartzeko jarri dituzten murrizketak, AHTaren obrak, IBIaren igoera, N1 errepidearen zarata... 
 
Ia hamabi orduko bisitaldiari amaiera eman zioten horrela.
 
Herritarrekin herrira 
Gipuzkoako Foru Aldundiak "Herritarrekin Herrira" egitasmo berriaren lehen saiorako Andoain herria aukeratu zuen. Andoainera iritsi aurretik Donostian egin zuten prentsaurrekoan egun osoko bisitaldien izaerari buruzko azalpenak eskaini zituzten.
Martin Garitano Ahaldun Nagusiak aurkezpen ekitaldi horretan zera adierazi zuen, “herritarrekin zuzeneko hartu-emana behar dela sinetsita gaudenez, Gipuzkoako herrietara egun osoko bisitak egiten hasi gara. Askotan izan gara Gipuzkoako hainbat eta hainbat herritan, baina ekimen honen helburua ez da gertaera edo proiektu bat dagoelako herri batera joatea, alegia, ez goaz inaugurazio batera, elkarretaratze batera edo dena delakora, baizik eta herriko errealitatea zuzen-zuzenean ezagutzera eta herriko udal ordezkariekin, eragileekin eta herritarrekin harreman zuzena izatera”. Esan eta egin. Andoainen egin zuten lehen saioan Garitano udal langileekin, adinekoekin, langabetuekin, auzo elkarteetako kideekin eta herritarrekin batzartu zen.
Agintaldiaren hasierako asmoari erantzuten dio Herritarrekin Herrira egitasmoak, Garitanoren arabera: “Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi ginenean argi adierazi genuen bestelako politikak egitera gentozela, bestelako Gipuzkoa nahi genuelako, Gipuzkoa berde, sozial, solidario eta euskalduna eraikitzera gentozela, baina eraikitze horrek bezainbesteko garrantzia du nola eraikitzen dugun. Eraikitzeko moldeei dagokienez, guretzat ezinbestekoa da herritarrekin batera eraikitzea, alegia, herritarren parte-hartzearekin eta haiekin komunikazio zuzena izanez”.
Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren partaidetza zuzendariak azaldu zuenez, egitasmoa beste jauzi bat da: “Aldundia erakunde publikoa da, denona, eta hala sentitu behar dugu. Ekimena edukian ere desberdina da, herrietan egoteko beste modu bat delako: aurpegia jarriko diogu herriei. Gainera, irekia da, nahi duten guztiek gurekin egoteko aukera izango dute”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!