Atez atekoaren hasiera ofiziala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 8a, 15:45

Goizeko 11:30ak pasatxo zirenean eman zaio hasiera ofiziala atez ateko zabor bilketari Amasa-Villabonan. Txermingo ikastolaren aurrean bildu dira Galder Azkue alkatea, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkaria, Ainhoa Iraola Foru Aldundiko ingurumeneko ordezkaria eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentaria, herritar ugarirekin batera.

Bideoa | Adierazpenak:

Galder Azkue alkateak, atez atekoa zaborrak biltzeko sistemarik egokiena dela argudiatuta, herria eta herritarrak zoriondu ditu gaur eguerdian. "Pauso handia emango dugu gaur eta harro egoteko arrazoia dugu. Nire aldetik, herritarrei eskerrak eman, parte hartzera animatu eta edozein arazoren aurrean Udaleko ateak zabalik daudela gogoratzea besterik ez". Azken lau hilabeteotan herritarrekin batera zaborren kudeaketaren inguruan eginiko gizarteratze lana aberatsa izan dela aitortu eta gero, hemendik sei hilabetera, "herritarren ekarpenak jaso eta datu teknikoak beraiekin partekatzeko, parte hartze prozesuaren beste saio batzuk izango dira. Gure helburua Zero Zaborren baitan emaitzarik onenak abian jartzea delako herritarrekin batera", jakinarazi du.

Era berean, larunbat gauean erretako edukiontzien gaiaren inguruan, alkate bezala baloraziorik egin nahi ez duela adierazi du. "Kaltetutako bizilagunei gure babesa erakutsi nahi diet eta behar duten laguntza jasoko dutela esan". Sistemak sortu duen polemika alde batera utzita, egunez egunekoan, atez ateko sistema jendeak uste duena baino askoz ere erosoagoa dela jabetuko dela uste du Galderrek, "herri bezala birziklapenean aurrera egiteko bidea emango digu sistema honek".  

Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak Villabonako Udala zoriondu du "azken hilabeteotan eginiko lan sakonarengatik eta herritarrak lagundu izanagatik. Ekainaren 17an eman genion hasiera atez ateko sistemari Tolosaldean eta bertan esan genuen birziklatze tasak iraultzera gindoazela. Herri horietan zaborraren %70a gaika sailkatzen dugula esateko moduan gaude. Guretzat pozgarria da Amasa-Villabona ere pauso horiek ematera doala ikustea".

Gipuzkoa Zero Zabor norabidean pauso handiak ematen ari dela esanez ekin dio Ainhoa Iraola, Foru Aldundiko ordezkariak bere saioari. "Gaur gaurkoz eta irizpide objektiboetan oinarrituz, atez atekoa, birziklapen maila altuenak lortzen dituen sistema dela ikusten da. Villabonako alkatea, Udala eta batez ere Villabonako herritarrak zoriondu nahi ditut, etorkizuna hau dela uste baitut".

Marian Beitialarrangoitiaren adierazpenak

EH Bilduko parlamentari Marian Beitialarrangoitiak Villabona zoriondu du eguerdian, atez atekoari bide egin diolako Gipuzkoa eta Sakanako beste hainbat herrirekin batera. "Ez daukat zalantzarik hori parte ona dela, baina era berean, ez dut zalantzarik badagoela Villabonan bart gertatutako beste parte bat. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia". Lezon ere, kazetariekin gai berari buruz hitz egin zuela esan du: "Hondakinen inguruan hitz egiteak eztabaida sosegatua eskatzen du, eztabaida teknikoa, politikoa baino areago. Batzuk aldiz, horrek eragiten diena gustuko ez dutelako, nahiago dute eztabaida gezurrezko eta nahasian aritu eta nire ustez hor kokatu behar da Villabonan kontenedoreekin gertatutakoa. EH Bilduk eztabaida sosegatuaren alde jarraituko du eta nahiago genuke gainerako alderdiek ere gauza bera egingo balute". Edukiontzien erreketen inguruan zera gaineratu du, "ez dakit erreketen atzean EAJ ote dagoen, baina argi daukagu gai honetan euren jarrera antzeko jarreren animatzaile eta sustatzaile dela. Gure ustez, zentzuz pentsatu beharko lukete zertan ari diren".

Argazkiak 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!