Ekimen berria Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:47

Aiztondoko presoen aldeko ekimena abian da Larraulen. Saski eder baten zozketak emango dio hasiera, baina etorkizunari begira, gauza gehiago antolatzen jarraitzeko gogoz daude.

Zizurkilgo preso baten senitartekoek egindako eskaerari erantzunez, lanean hasi ziren Olga Villa, Aitor Atxega eta Endika Azpirotz herritarrak. “Presoei emateko diru kopuru bat behar izaten dute senitartekoek urtean. Diru horrekin, zenbait gauza egin ditzakete espetxean: liburuak erosi, ikastaroak jaso..., guztira 1000 euro inguru behar izaten du preso bakoitzak, urtean. Larraulen, preso batentzako adina diru lortzeko aukera izan dezakegula iruditzen zaigu, eta horretan ari gara”, azaldu dute.
Herrian ez dago presorik, baina Aiztondo bailaran badira zazpi, eta larrauldarrek lanari ekin diote haien alde: “Duela hilabete hasi ginen zenbait ideiari bueltak ematen. Zizurkilgo lagunak etorri ziren orain arte egin izan diren ekimen ezberdinak azaltzera: herritarren arteko demak, kirol saioak, jolasak, apustuak...,  Aiztondoko beste herrietan presoen eskubideen aldeko ‘Herrira egunak’ ere antolatu dituzte, baina Larraulen, ez genuen aukera hori oso garbi ikusten, momentuz. Horregatik, beste aukera baten alde egin genuen”.

Zozketa
Errifa bat izango da larrauldarren lehen ekimena: “Saski eder bat osatu dugu eta errifak salduko ditugu. Liburuak, DVDak, barazkiak..., denetarik izango da saskian. Bi euroan jarriko ditugu boletoak. Guztira mila egin ditugu; ikusiko dugu zer moduz ateratzen den. Lagunen eta ingurukoen beharra ere izango dugu salmenta egiteko, norbaitek lagundu nahiko balu. Hementxe gurekin harremanetan jarri ahal izateko telefono zenbakia: 943 694 110”.
Ekainaren 23an saldu zituzten lehen errifak, Larraulgo San Juan bezperako ospakizunean. “Jende asko biltzen da afaritan, eta salmentari ekiteko aukera ona zen. Asteasuko Sanpedrotan ere, hainbat tabernatan jarri genituen salgai eta horrez gain, ezagun eta lagunen artean ere banatu ditugu sortatxoak, errifak saltzen joan daitezen”.

Herritarrei gutuna
Larrauldarrei ekimenaren berri emate aldera, gutun bat banatu zuten etxe guztietan: “Beste azalpenik gabe errifak saltzen hastea baino egokiagoa iruditzen zitzaigun herritarrei informazioa banatzea. Villabona eta Zizurkilgo bi presok idatzitako gutunak hartu genituen ardatz euren egoeraren berri emateko. Errifatik bildutako dirua presoei laguntzeko izango da eta horren berri emateko, egokia iruditu zitzaigun informazioa banatzea. Horrez gain, errifako paperean ere garbi azaltzen da Herrirako logotipoa, helburua zein den gogorarazteko”.

Etorkizunera begira
Abuztuaren 4an egingo dute saski ederraren zozketa, baina ez da hor amaituko presoen alde hasi berri duten ekimena: “Oraindik ez dugu ezer zehaztu, baina aurrera jarraitzeko gogoz gaude, eta ideiaren bat ere badarabilgu buruan. Ikusi egin beharko dugu zenbat lagun inguratzen zaigun lanerako prest”, jakinarazi dute.
Presoen egoeraren inguruan aritu dira Olga, Endika eta Aitor: “Gobernuari ez zaio presoen gaia mugitzen hasteko asmorik ikusten. Preso asko etxetik oso urrun dago eta hori zama handia da senideentzat, zigor gogorra. Guk, gure ekimen xumearekin, zama hori pixka bat arintzeko ahalegina egin nahi dugu”.

Saski ederraren zozketa
Zozketako irabazleak, euskal kultura eta jaki ederrak batzen dituen saski bikaina etxeratzeko aukera izango du. Abuztuaren 4an egingo dute zozketa, arratsaldeko 20:00etan, herriko ostatuan.

Saski ederra osatu dute:
  •     Gaztelupeko Hotsak argitaletxea: Disko eta liburu sorta.
  •     Elkarlanean argitaletxea: Disko eta liburu sorta.
  •     Argia: Liburuak.
  •     Irrien Lagunak: Disko, DVD eta papinak.
  •     Musturienea harategia: Jaki sorta.
  •     Jaialdi baterako sarrerak.
  •     Artola sagardoa.

Horrez gain, gozokiak, barazkiak...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!