Estitxu Eizagirre, Argiako zuzendari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:44

Luze hausnartutako erabakia izan da Estitxu Eizagirrerena; Argia aldizkariko zuzendaritza hartuko du irailean. Erronka berrien inguruan aritu da Larraulen bizi den hernaniarra.

Bertsolari gisan ezagutu zintugun, baina oso gazterik hasi zinen kazetaritzaren munduan...
Ikusentzunezko ikasketak egin nituen, Bilbon. Bertan ikasten ari nintzela, euskal prentsaren inguruko hitzaldi bat antolatu zuten. Elhuyarko Martxelo Irazabalbeitia eta Argiako Pello Zubiria ziren hizlari. Pello Hernanin bizi da eta ni ere hernaniarra izanik, ezagutu egin ninduen. Unibertsitatean denbora galtzen ari nintzela esan zidan, eta kazetaria izan nahi banuen, Argiara joatea zela onena. Horrelaxe hasi nintzen lehen kolaborazioak egiten. Uda bat pasa nuen bekadun gisa eta ondoren, Ixiar ahizpa eta biok elkarlanean hasi ginen. Pertsonaia izeneko atalaren ardura hartu genuen, duela hamabi bat urte. Pello Zubiriaren apustua izan zen atal haren sorrera; pertsonaia ezberdinak elkarrizketatzen genituen. Rikardo Arregi saria eman ziguten elkarrizketa sorta harengatik. Saria jaso eta urtebetera sartu nintzen Argiako lantaldean.

Erredakzio buru zara orain...
Bai, sei urte daramat lan horretan. Koordinaketa lanak egiten ditut. Oso talde sendoa dugu Argian, oso heldua. Gure artean oso ondo ezagutzen dugu elkar eta hori abantaila handia da lanerako garaian. Ondo dakigu zeintzuk dira bakoitzaren puntu indartsuak. Taldea oso egina dago eta oso gustura ari gara.

Duela hamabost bat egun jakinarazi zenuten zuzendari lanetan hastekoa zarela. Nola jaso zenuen berria?
Xabier Letonak urte asko egin ditu zuzendaritzan, eta bazeraman denboratxo bat erreleboa eman nahian. Niri proposatu zidan erreleboa hartzea, baina nik ez nuen ardura hori hartu nahi. Duela sei urte lehen umea izan nuenetik lau orduz ari nintzen lanean, eta bizimodu aldaketa handiegia izango zela iruditzen zitzaidan. Erronka handia zen Argia bezalako aldizkari baten zuzendaritza hartzea. Denbora aurrera joan ahala, ordea, lasai hausnartzeko aukera izan dut eta iazko irailean, baiezkoa ematea erabaki nuen. Pixkanaka ari gara kargu aldaketa egiten eta aurtengo irailean ekingo diot lan berriari.

Hamabi urte egin ditu Xabier Letonak Argiako zuzendaritzan...
Oso babestua sentitu naiz, bai bere aldetik baita lantaldearen aldetik ere. Meritu handikoa da Xabierrek orain zuzendaritza uztea. Lantaldea oso ondo osatua dago, produktuak urte asko darama kalean eta nahiko garbi dago zer egin nahi dugun eta nora joan nahi dugun. Hori guztia bere zuzendaritza garaian osatzen joan den zerbait da. Oraintxe zetozen bere zuzendaritzako urterik erosoenak, eta momentu honetan uztea erabaki du. Nik hori asko estimatzen dut. Aldi berean, aipagarria da gure erredakzioan Argiako zuzendari izan diren hiru kide izango ditugula: Xabier Letona, Pello Zubiria eta Garbiñe Ubeda. Esperientzia metaketa handia dakar horrek eta oso aberasgarria da. Alde horretatik, badakit laguntza handia izango dudala. Lantaldeak ere babes osoa erakutsi dit eta horrek indar handia eman dit.

Ardura berriak hartzea egokituko zaizu aurrerantzean. Nola bizi duzu erronka hori?

Lantaldeari dagokionez, gurea oso taldeko lana da. Asko eta oso maiz eztabaidatzen dugu eta erabaki guztiak adostasun handiz hartutakoak izaten dira. Alde horretatik, zuzendari kargua izen bat da, beste ezer baino gehiago. Taldeko kide izaten jarraituko dut. Etxetik kanporako lanetan nabarituko dut aldaketa handiena. Kritikak entzutea eta egiten dugunari aurpegia jartzea egokituko zait aurrerantzean.

Berriz ere emakume batek hartuko du Argiako zuzendaritza. Zein da zure sentipena?
Hazteko aukera bat dela ikusten dut. Emakume gisa ere, aukera polita dela iruditzen zait. Argian, ez da berria emakume bat zuzendari lanetan aritzea. Aldizkariaren jaiotzetik beretik egon dira emakumeak zuzendaritzan; Miren Jone Azurza izan zen Argiako lehen zuzendaria. Garbiñe Ubeda ere aritu zen zuzendari lanetan, independentzia politikoa markatzea zailagoa zen garaian. Bestalde, zuzendari izan gabe, aldizkaria aurrera ateratzeko ahalegin eta lan handia egin duen emakume sorta pasa da etxe honetatik. Zentzu horretan, ez da berria orain emakume bat zuzendaritzan aritzea, baina beti da positiboa. Askotan, emakumeoi kosta egiten zaigu horrelako ardura bat hartzea, erosogoa egiten zaigulako etxe barruko lanetan geratzea. Horretaz konturatuta, aurpegia emateko erabakia hartu dut. Niretzat hazteko aukera izango da eta baita lan mundua beste ikuspegi batetik ezagutzekoa ere.

Etxekoen babesa ere oso garrantzitsua izango da gisa honetako erabakia hartzeko garaian...
Zalantza handienak izan nituen garaian, etxekoak izan ditut akuilu. Haien animo eta laguntzarik gabe oso zaila izango litzateke erabakia hartzea; babes handia sentiarazi didate. Badakit lanak geroz eta toki handiagoa hartuko didala, baina ordutegi malgua dugunez, etxeko martxarekin bateratzeko aukera ere izango dut. Oreka mantentzen saiatuko naiz. Hori, oraindik ere, gehixeago tokatzen zaigu emakumeoi gizonezkoei baino. Hala ere, aldaketak badatozela iruditzen zait. Emakumeok aspaldi sartu ginen lan munduan eta borroka handia egin beharra izan dugu. Gaur egun, geroz eta gehiago hitz egiten da familia eta lana bateratzeaz eta eraldaketarako nahi naturala badagoela iruditzen zait. Argian oso maiz aritzen gara gai horien inguruan eta alde horretatik, zorte handia dudala iruditzen zait. Adibide gisa jarri nahiko nuke Xabier Letona bera; hiru umeren aita da eta ahalegin handia egin du familia eta lana bateratzen.

Zeintzuk izango dira Argiaren etorkizuneko erronka nagusienak?
Komunikabide guztiek dituzten erronka berdinak izango ditu Argiak ere; internet sarea kazetaritza eraldatzen ari da. Batetik, kazetaritza egiteko molde berriak asmatu behar dira eta bestetik, negozio ereduan ere asmatu beharra dago. Internetek kazetaritza egiteko modua aldatu du. Komunitatea sortzea ahalbidetu du eta informazio iturri berriak ere sortu dira; horretara egokitu behar dugu.
Beste alde batetik, etengabeko galdera batik erantzuna bilatzen jarraitu beharko dugu; zer eskaini behar diogu irakurleari? Aktualitatearen bigarren irakurketa egiten saiatzen gara. Badakigu gure informazioa zenbat eta aktualagoa izan, orduan eta interesagarriagoa egingo zaiola irakurleari, baina aldi berean, ahalik eta sakontasunik handienera iritsi nahi izaten dugu, beste komunikabideetatik desberdintzeko.

Internet aipatuta, Gaitzerdi izeneko bloga ere elikatzen duzu...
Bai, hala da. Argiako kazetari guztiok dugu bloga eta nirean, eguneroko gauza txikien inguruan idazten dut. Duela urte mordoxka sortu nuen nire lehenengo bloga, Garialea izena zuen eta bertsolaritzaren inguruan aritzen nintzen bertan. Garai hartan ez zegoen www.bertsoa.com bezalako gunerik eta Bertsozale elkarteko gunea ere ez zen gaur egun bezain maiz berritzen. Hutsune bat bazegoela ikusita erabaki nuen blog hura sortzea. Garai hartan, oso sartua nengoen bertsoen munduan; bertso eskolako irakasle nintzen, plazetan aritzen nintzen..., gai asko sortzen zen bloga elikatzeko. Gaur egun egin dezakedan jarraipena askoz ere txikiagoa da eta horregatik erabaki nuen hura utzi eta gaur egungoa sortzea.

Bertsolaritza alde batera utzia al duzu?
Nire zaletasunik handiena dela esango nuke. Etxean asko abesten dugu, bai bertso zaharrak baita bat-batekoak ere. Horrez gain, astean behin Larraulgo elkartean kantuan aritzen gara Maddi Etxeberria larrauldarra, Haritz Mujika asteasuarra, Ixiar ahizpa eta laurok. Zaletasuna oso gustura bizi dut, baina ez du zerikusirik garai bateko intentsitatearekin. Plazetara joateko deitzen nautenean, ezezkoa ematen dut maiz, ez dudalako nire burua horretarako gai ikusten. Ikusleei errespetu handia zor zaie eta ez dut erdipurdiko maila emanez joan nahi izaten.

Hernaniarra zara izatez, baina urte mordoxka daramazu Larraulen...
Sustraiak bota ditut Larraulen eta oso gustura bizi naiz bertan. Naturaz gozatzeko oso toki egokia da eta komunitate txikia izateak, gauzak beste modu batera egiteko aukera ematen du. Nagoen tokian leporaino sartzen naiz; asko inplikatzen naiz gauzak egiteko garaian eta zentzu horretan ere, oso pozik nago Larraulen. Umeak hazteko, bestalde, oso toki egokia da, beraien neurri neurrikoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!