Kaleko katuen bizi kalitatearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:28

Andoaingo kaleko katuen aldeko ekimenak burutzen dira azken hilabeteetan Udalaren eta animalien aldeko elkarteen artean. Andoainen katu jabegabeak babesten dituzten bi elkarte daude: Katu Kale eta Andoaingo Katu Elkartea (AKE). 

2013ko martxoan, Andoaingo Udalak jarduera protokoloa onartu zuen, udalerrian dauden katu koloniak identifikatzeko eta kontrolatzeko eman beharreko pausoak arautzen dituena. Bi helburu nagusi ditu protokoloak: katuek bizilagunei sorraraz diezazkiekeen eragozpenak galaraztea, eta animalia hauei tratu egokia eta etikoa ematea.
Protokolo hori betetzearen alde jarri dira abian, Udalaz  gain, honako hauek: animaliak biltzen dituen Hotel Canino y Felino Igeldo enpresa, Errenteriako Miauka, FACMA batetik, eta  Andoaingo zenbait herritarrek osatutako bi elkarte,  bestetik, Katu Kale eta Andoaingo Katu Elkartea (AKE).
Naiara Barquillaren, AKE elkarteko kidearen iritziz ontzat hartu behar da protokoloa, “kaleko katuen gaian Europa mailan herrialderik aurreratuenen pare jartzen baikaitu”.

Katu koloniak
Andoaingo bi elkarteek kaleko katuen bizi kalitatearen aldeko lanean dihardute. Galtza bete lanekin dabiltza egunero-egunero: herriko zenbait auzotan katu koloniak kontrolatzen eta elikatzen dituzte, horien osasuna zaintzen dute, babesik gabe dauden katakumeak adoptatuko dituzten pertsonak bilatzen dituzte edota bilketa-etxeetara eramaten dituzte, zikiratzeko (arrak) eta antzutzeko (emeak) harrapatu eta albaitariarengana eramaten dituzte…
Une honetan, Katu Kale elkarteak hiru katu kolonia kontrolatzen ditu Andoaingo goi partean. AKEk, berriz, bi: herriko beheko partean bata, geltoki aldean bigarrena. Etorkizunari begira, euren helburua herriko kolonia guztiak identifikatu eta kontrolatzea da, horien bizi kalitatea hobetzea, katu guztiak zikiratu nahiz antzutzea, eta azken batean, bizilagunen eta katuen arteko bizikidetza ziurtatzea. “Gizartearentzat onuragarria den” ekintza batean murgildu dira, baina oztopo ugari ari dira topatzen bidean. Hala eta guztiz ere, izugarri maite dituzte katuak, eta ez dute erraz etsitzen gizakiok horiei zor dizkiegun eskubideak errespeta daitezen.
Egitasmoari eskaintzen dioten dedikazio pertsonalaz gain, ez da makala egin behar duten ahalegin ekonomikoa ere. Eguneroko gastuei nolabait aurre egiteko, esku lanak egin eta salgai jartzen dituzte bi elkarteetako kideek. Katu Kalek, esaterako, saltokia jarri zuen Sanjuan jaietan zein aurreko astean bigarren eskuko azokan. AKEko kideek, berriz, beren produktuak Hernaniko ile apaindegi batean eta bi tabernetan dauzkate salgai, eta sare sozialetan ere zabaltzen dituzte.

Elikadura garbia
Protokoloak, besteak beste, gogorarazten du galarazita dagoela katuei kalean jana ematea. Diana Imaz Katu Kale elkarteko kideak dioenez, “auzotar askok borondate onez ematen dizkie etxean soberan geratu zaizkien hondakinak, baina kalean edozein tokitan uzten dituzte eta balkoietatik botatzen; ez dira ohartzen katuei jarrera horrek kalte besterik ez diela egiten. Janleku jakin bat behar dute eduki katuek auzo bakoitzean. Leku hori kontrolatuz gero, asmo txarreko inork ezingo du, esaterako, arrozean pozoia edo beste edozein produktu hilkor sartu; eta gainera, auzoan ez da zikinkeriarik sortuko”.
Etxeko jana emateak katuei dieta desorekatua eragiten diela gaineratu du Naiara Barquillak, eta katuen pentsuak bakarrik ematea aholkatzen du: “Katuentzat ezinbestekoa den osagai bat darama, taurina izenekoa, eta hori da komeni zaiena. Gizakiek eta zakurrek, esate batera, naturalki sortzen dute osagai hori, baina ez horrela katuek. Azken batean, katuei pentsua nahikoa ematen bazaie, ez dute besterik behar osasuntsu egoteko”.

Zikiratzea eta antzutzea
Kaleko katuen gaian oso sartua ez dagoen bati ulergaitza egingo zaio, agian, zera uztartzea: katuak zikiratu edo antzutu nahi izatea batetik, eta katuen bizi kalitatea eta ugalketa defendatzea bestetik.  
Diana Imazek badauka erantzunik uste oker horrentzat: “Bizilagunentzat zein katuentzat beraientzat da mesedegarri jarduera hori. Katuen ugalketa kontrolatzen da, lasaiago bizi dira, arrek euren artean ez dute borrokarik egiten, gauez ezatseginak izan daitezkeen miauak ekiditen dira, bizitokiko mugak jartzeko egiten dituzten markaje erritualak eta usain txarreko txisa-egiteak eragozten dira, emeek umaldiak ez dituztenez bizi itxaropena luzatzen zaie…”. Nahiz eta emeak antzutu, katu kopurua ez da jaisten, Imazek erantsi duenez: “Katu kolonien kopuruak kontrolatzea eta egonkortzea lortzen da, beti egongo baita katakume edo noraezean dabilen katuren bat koloniara gehituko dena. Errealitate horixe aurki dezakegu zikiratze edo antzutze politika aplikatu den toki guztietan; esaterako, Errenterian”.

Uste okerrak
Kaleko katuak arazo iturri besterik ez dira zenbait herritarrentzat, eta ez dituzte beraien auzoetan ikusi nahi; zikinak omen dira, edozein lekutan egiten omen dute kaka, arratoiak erakartzen omen dituzte…  
Aurreiritzi ugari dago katuen inguruan, Soiartze Rivero AKE elkarteko kidearen ustez: “Ondo elikatutako eta osasun oneko kaleko katu batek ez du zertan arazorik sortu behar. Gizakiari ez dio gaixotasunik kutsatzen. Dagoen animaliarik diskretuena da, ia ikusezin bihurtzen da kalean. Gizakia baino garbiagoa ere badela esan genezake: hondarrean lurperatzen ditu bere gorozkiak. Gainera, arratoiak hiltzeko dagoen sistemarik hoberena da”.
Arazoak sortu izan dira auzotarren artean Andoainen, katuen kontura. Diana Imazek zenbait ika-miketan parte hartu behar izan du, katuen eskubideak defendatzearren: “Zenbait pertsonari azterketa psikologikoa egingo bagenie, hurkoei gaiztakeria egiteko grina daukatela azalduko litzateke; ezin, ordea, gizakiei ezer egin, eta, gertu dauzkaten katu babesgabeekin edo beste animaliekin husten dute grina zital hori”.
Horrela, Imazek aitortzen du gorroto eta ezinikusiren bat edo beste eragin duela zenbaitengan: “Erotzat jotzen gaituzte, edota kargu hartzen katuei jaten ematen jarraitzen dugulako. Katuentzat prestatutako jantokiak txikitu edota katuak akabatu eta gorpuak jantoki horietan utzi izan dituzte”.
Istiluak istilu, Naiara Barquillak katuen aldeko ekintzaile guztien iritzia jaso nahian, mezu baikorra luzatu nahi luke: “Ez dira aurkari asko, baina horiekin eta gainerako bizilagunekin hitz egin, eta egiten ari garena azaltzea eta ulertaraztea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Azken batean, egiptoarren garaitik gizakiak eta katuak elkarrekin bizitzen jakin dute. Animalien eskubideekiko inoiz baino sentiberagoak garen une honetan, kaleko katuen alde egitea egokitzen zaigu guztioi. Kontziente izan behar dugu, elkarlanean jardunez gero soilik lor dezakegula bizikidetza baketsu hori”.

Helbide interesgarriak
  • Andoaingo Udalak onartutako jarduera protokoloa:
    http://www.andoain.org/es/ficheros/3_6503es.pdf
  • Andoaingo Katu Kale: 
    andoainkatukale@gmail.com. katukaleandoain.blogspot.es.
    644 446 728.
  • Andoaingo Katu Elkartea (AKE): 
    katuadopzioak@gmail.com
    668 868 081.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!