Auzolanaren bidez, herria edertuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:25

Orain urtebeteko nahia betez, zizurkildar lagun koadrila batek, auzolanean, herriko plazan dagoen zuhaitzaren ingurua lorez apaindu du. Jeranioak, begoniak eta margaritak jarri dituzte, besteak beste.

Mende luzeetan, Euskal Herrian oso errotuta egon den ohitura da auzolana. Herribide berriak, etxeak, mendietako garbiketa lanak, jaiak..., auzolanean egiten ziren lan asko eta asko. Egun, antzina izan zuen indarrik ez badu ere, bada oraindik ere auzolanari eusten dionik. Zizurkilen, esaterako, Eskeltzugain abeltzain elkarteak urtero antolatzen du auzolan saioa; hauen helburua, ganadua mendira eraman aurretik inguruko larreak, askak eta itxiturak txukuntzea izaten da, besteak beste. Zizurkilen, duela hogeita hamar urte pasatxo, gauza asko egiten zen auzolanean. Auzo bakoitzeko bideak konpontzeko, auzoko baserri guztietara zabaltzen zen deialdia. Derrigorrezkoa zen etxe bakoitzeko kide bat lanera joatea; etxeren bateko inork joaterik ez zuenean, ordezko bat bidaltzen zuten. Udalak jartzen zuen materiala, eta egin beharreko lanak herritarren artean egiten ziren. Herriko jaiak antolatzeko ere, auzolanean aritzen ziren; urtero lau bat saio antolatzen ziren.
Ohitura hori berreskuratu nahian, zizurkildar koadrila batek, hain ezaguna den herriko plazako plataneroaren ingurua lorez apaindu du. Auzolanean aritu diren kideek azaldu dutenez, “orain urtebete aipatu genuen polita izango litzatekeela plaza pixka bat apaintzea, baina sekula ez genuen aurrerapausorik ematen. Aurtengo jaietarako Festa Batzordeak Atari bizi lehiaketa antolatu du, hots, ederren apaindutako etxeak sarituko ditu. Horren aitzakian, eta Udalak ere balkoiak apaindu dituenez, guk ere plaza apaintzea pentsatu genuen. Horrela, bospasei lagun elkartu eta erositako loreak edota herritar batzuek emandakoak landatu ditugu. Guretzat, polita da Festa Batzordearekin batera elkarlanean aritzea”.

Konpostaren erabilera
Zizurkildar askok hilabeteak daramatzate konposta lantzen. Loreak aldatu dituzten lurra aspaldian landu gabe zegoenez, lehor samarra zegoen. Konposta aprobetxatuz, lurrari nahasi diote. Horrez gain, bertan dauden eserlekuen azpian egurrezko taula batzuekin itxitura egin dute, jendea lasai eser dadin; era horretara, loreak ere hobeto mantenduko direlakoan. Aipatzekoa da “proiektu txiki honetan jarri dugun ilusioa. Hau hasiera baino ez da. Gure helburua, poliki-poliki herria apaintzen joatea da, hots, herriak berak duen edertasuna azpimarratzea, betiere, auzolanean. Ederra  litzateke, aldi berean, Zizurkil Behean ere horrelako lan-talde bat sortuko balitz. Horrez gain, gurekin lan egitera jende gehiago ere animatuko balitz, poztuko ginateke”, adierazi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!