Juan Joxe Lizaso segalaria, epaileekin haserre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:20

Joan zen ekainaren 23an jokatu zen Aian Gipuzkoako segalarien txapelketako finala. Egindako lanarekin gustura geratu zen Juan Joxe, baina epaileen erabakiekin haserre ageri da.

Igor Esnaola, Mikel Garaialde, Mikel Alkorta eta Juan Joxe Lizaso iritsi ziren Aiako final handira. Kanposantuaren aldameneko belazean aritu ziren segan, ordubeteko saioan: “Belar hobea zegoen toki batzuetan beste batzuetan baino. Esnaola eta biok oso parekatuta gindoazen eta erabaki bat hartu nuen; azken aurreko maila erabat bukatu gabe utzi eta belar hobea zegoen tokitik beste maila bat hasi nuen. Epaileak berehala esan zidan araudiak ez zuela horrelakorik egiten uzten eta bukatu gabe utzitako mailara itzuli beharra izan nuen. Esnaolak, ordea, nik egindako gauza bera egin zuen, eta hari ez zioten ezer ere esan. Horixe da haserrarazi ninduena; segalari batekin eta bestearekin ezberdin jokatzea. Ni oso baketsua izaten naiz, eta ez dut normalean hitzik ateratzen; nire lana egitera joaten naiz, buru-belarri. Erabaki hark, ordea, amorrarazi egin ninduen. Denok baldintza berdinetan aritzea nahi nuen”, azaldu du Juan Joxek, minduta.

Garaipen estua
Hogeita zortzi kiloko alde txikiagatik, Igor Esnaola gailendu zitzaion Juan Joxeri: “Epaileek txistua jo eta belarra pisatzen hasi aurretik adierazi nien nire haserrea. Norbaitek esango du galdu nuelako nagoela haserre, baina hori ez da horrela. Lau segalariok lan bikaina egin genuen, ikuskizun ederra eskaini genuen eta Esnaolak ederki erakutsi zuen maila bikaina duela. Hark berea egin zuen. Pena ematen dit, ordea, epaileen jarrerak; segaren aurkakoa izan zela iruditzen zait”.
Etorkizunari begira, zalantzati ageri da Juan Joxe: “52 urte ditut, adina ez da sekula arazo izan niretzat eta ondo erakutsi dut hori, maila ona emanez. Gipuzkoako Txapelketan gertatutakoak, ordea, zalantzak sortu dizkit. Etsita nago, lehiarako gogo handirik gabe. Kirol pobrea da sega, norberak poltsikotik dirua jartzea eskatzen du askotan. Kirol honetan aritzen denari zergatik jarri oztopo gehiago? Segatik atera nadin nahi dutela dirudi”.

Urte asko segan
Oso gaztetan hasi zen Juan Joxe segan: “Etxeko seme bakarra nintzen. Gurasoak nahiko helduak nituen eta mutil koxkorretan, gazterik tokatu zitzadan etxean laguntzeko segan hastea. Txapelketan, berriz, 1984an hartu nuen parte lehendabizikoz. Eten handi bat egin nuen ondoren eta ia 25 urte txapelketetan parte hartu gabe egon nintzen. 2009an itzuli nintzen lehiara eta hortxe gabiltza oraindik ere. Gehienbat, semeek animatuta erabaki nuen txapelketara itzultzea”.
2009ko txapelketan maila bikaina eman zuen Juan Joxek: “Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketan parte hartu nuen, eta garaile izan nintzen bietan. Baita 2010 eta 2011 urteetan ere. 2012an Gipuzkoako irabazi nuen, eta Euskal Herrikoan hirugarren postuan geratu nintzen”, azaldu du.
Euskal Herriko Sega Txapelketan arituko da Juan Joxe uztaileko lehen asteburuan: “Sailkapeneko froga jokatuko dugu Araban, bederatzi segalariren artean. Oraintxe ez dut lehiarako gogo handirik baina ikusiko dugu zer nolako txapelketa ateratzen zaidan”.

Gazteria, indartsu
Asteasun bizirik dago oraindik ere segarako zaletasuna: “Oso segalari onak eman ditu herriak eta oraindik ere, indartsu dabilela ikusten da. Gipuzkoako txapelketako finalean aritu ginen lau segalaritatik bi ginen asteasuarrak”.
Gazteak ere aipatu ditu Juan Joxek: “Garaialde urnietarrak iazko udazkenean hartu zuen sega lehendabizikoz, herriko jaietarako. Aurten aurkeztu da lehen aldiz txapelketara eta finaleraino iristea lortu du, lan polita eginez, gainera”. Segalari gazteen presentziak, ikusle gehiago erakarri ditu saioetara: “Zizurkilgo kanporaketan ikusle asko bildu zen eta Aiako finalera, giroa oso txarra bazen ere, jende mordoxka gerturatu zen. Segalari gazteak zeudelako, edo gehiago iragarri delako, aurreko urteetan baino jende gehiago izan da”.
Bere kasara egiten ditu entrenamenduak Juan Joxek: “Mendian asko ibiltzen naiz eta apirilaz geroztik, segan aritzen naiz saio batzuk egiten. Aurten eguraldiak ez du asko lagundu eta ez da erraza izan entrenatzeko belar sail onak bilatzea”.

Finala, zenbakitan
Ordubeteko lana egin behar izan zuten lau segalariek. Igor Esnaola izan zen garaile, 28 kiloko aldearekin:
1.- Igor Esnaola 4.564 kilo
2.- Juan Joxe Lizaso 4.536 kilo
3.- Mikel Alkorta 4.478 kilo
4.- Mikel Garayalde 4.120 kilo
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!