Hiru hamarkada futbolean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:15

Orain 30 urte, 1983an sortu zen  Amasa-Villabonako futbolarien harrobi izan den Billabona FKE. Urte hauetan guztietan, milaka haur igaro da bertatik eta batzuk lehen mailara ere iritsi dira. Mikel Elizegi, egun klubeko lehendakaria denak hartu du hitza.

Billabona FKE beti izan da herriko nahiz inguruko herrietako gazteekin lan egin duen herriko taldea. Futbolariak sortzeaz gain, beti eman izan zaio garrantzia jokalarien hezkuntzari; kirol baloreak erakutsiz, beraien hezkuntza pertsonalari garrantzia emanez”, adierazi du Mikel Elizegik, klubeko lehendakariak.
1983an, Gipuzkoako Futbol Federakuntzan izena eman ondoren, bi talde txikirekin hasi zen lanean kluba. Handik gutxira, ordea, alebin, benjamin, infantil, kadete eta jubenil taldeak osatuz joan zen. Mikel Elizegik gogoratu duenez, “garai haietan benjaminek eta alebinek Donostiako Kontxako hondartzan egiten ziren txapelketetan hartzen zuten parte. Orduan, trenak ez ziren gaur egungoak bezalakoak eta batzuetan atzerapenak izaten zituztenez, trenean bertan aldatzen ginen. Esperientzia bikaina izaten zen”.

Aldaketak hamarkada berrian
1990eko hamarkadatik aurrera, lege berri baten arabera, Donostiako Kontxako hondartzako txapelketan Donostiako ikastetxeek soilik har zezaketen parte. Ondorioz, Billabona FKE alebinen eta benjaminen arteko txapelketak antolatzen hasi zen: “Partida gehienak herrian jokatzen ziren, orain Malkar plaza dagoen horretan edota Errebote plazan; finalerdiak eta finalak, aldiz, Arratzaingo futbol zelaian. Txapelketa hauetan gure taldeez gain, Tolosako eta Lasarteko beste hainbatek ere hartzen zuen parte”, azaldu du Mikel Elizegik. 90. hamarkadaren amaiera aldera, Eskola Kirolaren sorrera zela eta, Gipuzkoako Aldundiak alebinen eta benjaminen arteko lehiaketa guztiak debekatu zituen, ondorioz, kluba alebinekin eta benjaminekin lan egin ezinik geratu zen. Ezintasun honek, ordea, ez zuen luzaro iraun. Mende berriarekin batera, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Aldundiak egindako hitzarmen bati esker, Gipuzkoan, alebinen arteko txapelketa antolatu zen; honi esker, Billabona FKE berriro ere alebinekin hasi zen lanean.
 
Klubaren gidaritza
Urte luzez, Jorge Alvarez billabonatarrak izan zuen klubaren ardura; 2000 urtean, ordea, guraso talde batek hartu zuen haren lekukoa: “Ordura arte lanean ibili zen Jorge Alvarezek  zeregin hura uztea erabaki zuen eta kluba aurrera atera asmoz, guraso talde bat elkartu eta klubaren zuzendaritzan jardun zen lanean. 2011n ere antzeko zerbait gertatu zen. Aurreko zuzendaritza taldeak hainbat entrenatzaileri pasa zien lekukoa, gaur egunera arte”, adierazi du Mikel Elizegik. 2011ko udan pauso bat ematea erabaki zuten: “Herrian zegoen behar bat zela ikusirik, benjaminekin eta alebinekin lan egin ahal izateko Futbol Eskola sortu genuen. Erabaki honi esker, klubeko haur kopurua bikoiztu egin zen, 80 izatetik 150 gaztetxo inguru izatera pasa ginen. Kopuru hori dela eta, 2012an, bi infantil talde osatu genituen. Gaur egun, sei talde ditu klubak: jubenil, kadete, infantil, infantil txiki, alebin eta benjamin taldeak hain zuzen. Era honetara, klubean hasieratik bukaeraraino jarraitzen duen gazte batek, hamaika denboraldi igaro ditzake”.

Lehen mailako jokalariak
Aipatzekoa da, urte hauetan guztietan jokalari ugari igaro dela klubetik, horietako batzuk gainera, lehen mailara ere iritsi izan dira: “Gure klubak hitzarmen bat dauka Realarekin eta hitzarmen honi esker, hainbat jokalari Billabona FKEtik talde txuri-urdinera joanak dira. Aipagarrienetakoak, Andoni Imaz eta Iñigo Sarasola, Realeko lehen taldeko jokalari izandakoak biak; honekin batera, Aitor Castro eta Unai Etxeberria, Sansen eta jubenilen taldean dabiltzanak, hurrenez hurren”.

Klubik nabarmenduena
Billabona FKEk Zilarrezko ezteiak ospatu zituen urtean, 2008ko ekainean, Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatutako asanbladan Gipuzkoako klubik nabarmenduena izendatu zuten: “Izendapen honekin hainbat urtetan egindako lana goraipatzeaz gain, kadete eta jubenil taldeak Gipuzkoako Ohorezko mailara igotzea lortu izana ere azpimarratu zuten”, esan du Elizegik.

Denboraldi amaierako  ospakizuna
2000 urtean sartutako zuzendaritza taldearen berrikuntzetako bat, denboraldi amaieran bazkaria egitea izan zen. Hamahiru urte hauetan, ohitura sendo mantendu da: "Bazkariaren ondoren, azken urtea amaitzen duten jubenilei omenaldi xume bat egiten zaie".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!