Mundu hobe bat bermatzeko lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:11

Jesusen Bihotza ikastolak Eskola jasangarriaren ziurtagiria lortu berri du. Eskola Agenda 21 programan buru belarri lanean aritu ondoren jaso du aipatutako agiria. Arlo honetako arduradun diren Juan Mari Ugartemendia, Idoia Ariznabarreta eta Amaia Ariznabarreta irakasleek eman dituzte azalpenak.

Ingurumenari eta Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzian du jatorria Agenda 21ek. Poliki-poliki erakunde handietatik txikiagoetara zabalduz joan zen, Eskola Agenda 21 sortu zen arte. 2006-2007 ikasturtean hasi zen Jesusen Bihotza ikastola, Zizurkilen lehenik eta ikasturte bat geroago Amasa-Villabonan, Eskola Agenda 21ean lanean: “Eskola Agenda 21en helburua etorkizunerako gizarte eta mundu hobea uztea da; gure ingurua hobetzea, arlo guztietan, besteak beste, naturarekiko, giza eskubideekiko, sexualitatearekiko eta erlijioekiko errespetuan oinarritzen da. Ikasturtearen hasieran, Tolosaldeko ikastetxe guztietako ordezkariak elkartu eta zein gai jorratuko dugun erabakitzen dugu. Aukeratutako gai hori ikastetxean eta herrian lantzen dugu, hau da, teoria eta praktika lantzen ditugu. Urte osoko lana eskuartean dugunean, herriko ikastetxeetako ikasle ordezkariak elkartu eta aurrera begira zein konpromiso hartuko dituzten eta Udalari zein proposamen helaraziko dizkioten erabakitzen dute. Udala eta ikastetxeen arteko elkarlana du ardatz egitasmoak”, azaldu du hirukoteak.  

Ikasleak kontzientziatzea lan zaila
Gai batzuk herri mailan lantzea erraza ez den arren, beti teoria praktikara eramaten saiatzen direla azaldu dute: “Aurten, esaterako, biodibertsitatea landu dugu eta ikasleek gai hori praktikan jar zezaten irteerak egin ditugu Komizar edota Lastur parkeetara eta bertan, onurak eta mehatxuak zeintzuk diren aztertu dituzte, besteak beste. Gure eginbeharra ikasleak kontzientziatzea da. Horregatik, etengabe jasangarritasunarekin lotutako mezuak helarazten saiatzen gara. Adibidez, hamaiketakoa zilarrezko paperean bilduta ekarri beharrean pote batean ekartzea proposatuz, eta abar. Mezu horiek zenbaterainoko eragina duten ez dakigu, baina gutxi batzuk konturatzeak ere asko balio du”.

Lau urterako ziurtagiria
Lan ordu askoren fruitua izan da iragan ekainean jaso zuten Eskola Jasangarriaren ziurtagiria: “Ikasturte amaieran txosten mardul bat prestatu behar izan genuen, gurea, Eskola jasangarria dela ziurtatzeko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik etorritako aztertzaileek ebaluatu egin gintuzten. Oraindik badugu zer hobetua,  baina ziurtagiri honi esker,  beste lau urtean eskola jasangarria garela ziurta dezakegu. Hala ere, lanak ez dira hemen amaitzen. Aurrera begira, beste hainbat berrikuntzekin batera, eskola baratze proiektua txertatu nahi dugu ikastolan. Egia esan, gustura gaude orain arte egindakoarekin. Aipatu beharrekoa da, halere, zigilua ikastetxeko komunitate osoak egindako lanaekin lortu dugula, hots, ikasle, irakasle, guraso, garbitzaile eta jangelako langileen laguntzarekin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!