Atez ateko bilketa martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 5a, 11:10

Hondakinen bilketa sistema berria martxan da Zizurkilen eta uztailaren 7an abiaraziko dute Amasa-Villabonan. Helburu nagusi bat du sistema honek: sortutako hondakinak birziklatu ahal izateko, gaika sailkatuta biltzea.

Herritarrei ahalegin txiki bat eskatzen die atez atekoak: sortzen dituzten hondakin guztiak sailkatu egin behar dituzte. Horretarako,  kolore ezberdinetako kuboak dituzte etxean; marroia organikoarentzat; horia ontzi arinentzat; urdina papera eta kartoiarentzat; eta grisa birziklatu ezin diren hondakin edo errefusarentzat. Asteko egun bakoitzean, hondakin mota jakin bat atera behar da.
Herri bakoitzak, bere beharretara egokitu du sistema. Hona hemen jakin beharreko nagusienak:

Zizurkil
Ekainaren 7an eta 8an egin zuten kubo banaketa. Kalean kuboak utzi ahal iateko zintzilikarioak prestatu, eta ekainaren 17an jarri zuten martxan hondakinen bilketarako sistema berria.
Dagoeneko desagertu dira kaleko edukiontzi handiak. Hondakin berezietarako prestatutakoak soilik utzi dituzte: arropa, beira, pilak eta erabilitako olioa jasotzeko balio dutenak. Gainerako hondakinetarako, kubo bereziak erabili beharko dira aurrerantzean. Zizurkilgo kasuan, berezitasun bat azpimarratu behar da; kubo mixtoa dute ontzi arinak eta papera atera ahal izateko.
Edukiontziak zintzilikariora ateratzeko ordutegia finkatuta dago Zizurkilen: iluntzeko 20:00etatik 22:00etara. Gaueko 23:00ak aldera irisiten da kamioia herrira, hondakinen bilketa egitera.
Zizurkilgo egutegia:
  • Astelehena    Ontzi arinak
  • Asteartea        Organikoa
  • Asteazkena    Papera eta kartoia
  • Osteguna    Ontzi arinak
  • Ostirala    Organikoa
  • Larunbata    Errefusa
  • Igandea    Organikoa
  • Egunero    Pixoihalak eta konpresak

Behar bereziren bat sortzen den momentuetarako larrialdi guneak ere eraiki dituzte. Esaterako, etxean bazkari bereziren bat izan, eta ohi baino materia organiko gehiago sortzen denean, edota ordutegia dela eta kuborik atera ezinda geratuz gero, larrialdi gunera sartzeko baimena emango zaie herritarrei. Horretarako, udaletxearekin harremanetan jartzea izango da biderik zuzenena.

Amasa-Villabona
Sistema mixtoa jarriko da abian Amasa-Villabonan. Ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa atez ate bilduko dira baina papera eta kartoia gaur egungo sistema bera erabiliz jasoko dira; kaleko edukiontzien bidez.
Ekainaren amaieran egin berri dute Amasa-Villabonan kuboen banaketa, eta uztailaren 7an jarriko da martxan sistema berria, materia organikoaren bilketarekin. Hiru kubo ezberdin jaso zituzten billabonatarrek: materia organikorako, etxean erabiltzeko kubo txikia eta kalera ateratzeko beste bat; eta errefusarako kuboa. Ontzi arinen bilketarako, plastikozko poltsen aldeko hautua egin dute Amasa-Villabonan. Poltsa horiek banatu dituzte, baina beste edozein poltsa erabiltzeko aukera ere izango da.


Amasa-Villabonako egutegia:
Berezitasun bat du Amasa-Villabonako egutegiak; larunbatetan ez da hondakinik atera beharko:
  • Astelehena    Ontzi arinak
  • Asteartea    Organikoa
  • Asteazkena    Errefusa
  • Osteguna        Ontzi arinak
  • Ostirala        Organikoa
  • Larunbata    
  • Igandea    Organikoa
  • Egunero    Pixoihalak eta konpresak, larunbatetan izan ezik.

Ordutegi zabala prestatu dute Amasa-Villabonan hondakinak atera ahal izateko: Neguan 20:00etatik 06:00etara eta udan 21:00etatik 06:00etara. Behar bereziren bat sortzen den momentuetarako, larrialdi guneak eraiki dituzte Villabonan ere. Udaletxera jo beharko da larrialdi gune hauek erabili ahal izateko.
Bestalde, Amasa-Villabonako herrigunean, auzokonpostaren aldeko apustua egin du Udalak. Konposta egiteko bi gune daude dagoeneko martxan eta herriko hogeita hamar familia ari dira parte hartzen. Auzolanean kudeatzen dituzte, Udalaren babes eta laguntzarekin. Ehun eta hamabost familiak eman zuten izena ekimen honetan, eta epe ertainean, beste bi konpostagune zabalduko dituzte.

Landa eremuetan ekarpen guneak
Zizurkil
Landa eremuan hondakinak ez dira atez ate bilduko. Zizurkil Goian, esaterako, konposta da sistema berriaren ardatz nagusia. Goiko herrigunean bizi diren bizilagunek auzokonposta egiten dute. Baserri eta etxe bakanetan bizi direnek ere, euren kabuz kudeatzen dute sortutako materia organikoa.
Gainerako hondakinen bilketarako, ekarpen guneak sortu dituzte. Bost ekarpen gune jarriko dituzte Zizurkilen. Horietako hiru Zizurkil Goian egongo dira: elizaren atzeko aparkalekuan eta pilotalekuaren atzealdean bi gune nagusi, eta Buztin bailaran beste gune txikiago bat.
Zizurkil behean beste bi gune egongo dira: Tren geltokiaren aparkalekuan bat, eta Pagamuño auzoaren inguruan bestea. Ekarpen gunera sartu ahal izateko, txipa duen txartela izango dute landa eremuko etxe bakoitzean. Modu horretan, ekarpen guneko sartu-irteerak zehatz ezagutu ahal izango dituzte. Herritarrek ez dute ordutegi finkorik izango ekarpen guneetara joateko eta bertan, hondakinak sailkatuta uzteko edukiontziak izango dituzte.

Amasa-Villabona
Amasa-Villabonako landa eremuko biztanleek ere, ekarpen guneak izango dituzte euren hondakinak eraman ahal izateko. Hiru gune jarriko dira martxan: Amasan, Otsabi auzoan eta Legarretan. Billabonatarrek ere, txipa duen giltza izango dute ekarpen guneetara sartu ahal izateko. Modu horretan, uneoro zein sartu den jakin ahal izango dute.


Informazio guneak, zabalik
Herritarren zalantzak argitu eta beharrezko informazioa banatzeko, bi herrietan zabalik daude informazio bulegoak.

  • Amasa-Villabona
    Kale Nagusia 29, behea.
    Egunero zabalik, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
    672 655 455/
    villabona@tolosaldea.org
  • Zizurkil
    Atxulondo.
    Asteartetik ostiralera,
    15:00-19:00.
    661 559 736/
    zizurkil@tolosaldea.org

HONDAKINEN BILKETA GALDEGAI
Azken aldian zeresana ematen ari da hondakinen bilketa sistema. Mila datu argitaratu da gai honen inguruan. Tolosaldea Txukun plataformak herri kontsultak egin ditu.

Ekainaren 29an goizeko 10:00etan ekin zitzaion herri galdeketari, Amasa-Villabonako Gurea zineman. Lehen orduan, herritar talde bat ikuskaritza lanak egin nahian gerturatu zen bertara Udalaren baimena eta euren NANak eskuan zituztela. Patxi Agirre, Tolosaldea Txukun plataformako kideak baimena ukatu zien “erantzuna emanda dago” esanez. Kazetariei ere irudiak hartzea debekatu zieten. Halaxe salatu zuen ikuskaritza egiten ari zen herritar taldeak: “Herri galdeketa ariketa demokratikoa da. Eta gaur hemen ez dira iritzi guztiak errespetatuak izango. Galdeketa hau antidemokratikoa da. Udalaren baimena badugun arren, ez digute ikuskaritza  egiten utzi. Guri sarrera debekatzeaz gain, prentsari ere ez zaio utzi sartzen. Bertan egon gabe, ez dakigu pertsona batek zenbat aldiz bozkatuko duen, erroldatua dagoen edo boto delegatua emango duen. Metodo hauek erabiliz, edonork edonoren izenean bozkatzeko aukera izango du. Hau ez da galdeketa bat, fartsa bat baizik. Gu hemen kanpoan egongo gara eta gure emaitzekin errealitatea erakutsiko dugu”.
Eta halaxe, zinemaren kanpoaldean eseri eta kontaketa lanak egin zituzten. Hauen arabera, 1533 pertsona joan ziren bozka ematera, herritarren %34a hain zuzen. Tolosaldea Txukun plataformako bozeramaile den Patxi Amantegik, ordea, ondorengo datuak eskaini zituen: “Amasa-Villabonan 1625 bozka jaso ditugu, horietatik 1613 izan dira gure aldekoak. Hala ere, gure ustez, jende gehiago dago atez atekoaren aurka. Azken asteotan Udalak egindako presioa nabaria izan da bozketan. Ezagutzen ditugu atez atekoaren aurkakoak direnak eta etxean geratu direnak”.
Bestalde, Zero Zabor taldeko kideek emaitza horiek puztuak izan direla salatu zuten: “Bozka ematera joan diren asko ez ziren herritarrak, eta beste asko behin eta berriz sartu dira. Honenbestez, parte hartze datuak ez zaizkigu sinesgarriak iruditzen”.

Emaitzekin zer?
Patxi Amantegik eskerrak eman nahi izan dizkie bozka ematera gerturatu zirenei: “Emaitza hauek Udalari helaraziko dizkiogu eta gure aldetik ahalik eta gehien egiten saiatuko gara. Egoera puntu gorenera iritsi da, igande goizean esaterako, iskanbila larriak izan genituen. Ea noizbait gauzak ondo egiten hasten garen, honaino iritsi aurretik, hurrengorako, ea taldean lan egiten ikasten dugun, adostasunez eta konpromisoz”. 
Ikuskaritza taldeak, bestetik, herri kontsultako datuak kontuan ez hartzeko eskaera egin zion Udalari: “Tolosaldea Txukun lortzen ari den gauza bakarra, herritarren eta familien artean giro txarra sortzea da. Guk bestelako jarrera eta ereduak nahi ditugu herriarentzat. Udala bere lana ongi egiten ari dela iruditzen zaigu, administrazio publikoaren zeregina baita herritarren osasuna babestea, horregatik, kontsultaren emaitzak kontuan har ez ditzan eskatzen diogu. Bestetik, jakinarazi nahi dugu igandean sortutako iskanbila horiek ez zutela gurekin zer ikusirik izan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!