Adunan eta eskualdean, betidanik jakin izan da Belkoainen 36ko Gerrako lubakien arrastoak zeudela, baina orain arte sekula aztertu gabe egon dira. Orain urte eta erdi Aranzadiko hainbat kide, Joxe Aburuza adunarraren laguntzarekin, lubakiak dauden lekura joan ziren: “Erabat harrituta geratu ziren zein luzeak eta zein ondo kontserbatuak dauden ikustean. Uste dugu gehienak dagoeneko lokalizatuta dauzkagula, baina ziurrenik gehiago ere egongo dira. Gure asmoa, poliki-poliki dena aztertzen joatea da”, adierazi du Josu Amilibiak.
Harrizko hormak
Aztertzaileek forma desberdinetako lubakiak aurkitu dituzte Belkoainen, baina denak harriz egindakoak dira. Hormaren zati batzuk, urteen poderioz, lurperatuta daude eta indusketak egitea ezinbestekoa izango da. Indusketa lanak egiterakoan, objekturen bat aurkitzeko esperantza ere agertu du Josuk: “Gerran, urduritasun uneak izaten zirenez, askotan, korrika eta presaka alde egin behar izaten zuten. Ondorioz, lubakiak garbitzeaz gain, gerra garaiko beste zer edo zer aurkitzeko itxaropena ere badugu”.
Trintxeren inguruko azalpenak ere eman ditu: “Garbituko dugun aurrenekoa Adunako bidetik gurutzera ailegatu baino 200 metro lehenago dago eta izugarri luzea da. Auskalo zenbat jende aritu zen bertan lanean”. Lubaki nagusi horrez gain, badira bestelako itxura dutenak ere: “Txikiagoak ere badaude, borobil formakoak. Badirudi metrailadoreentzat erabiltzen zituztela”, esan du Josuk.
Berreskuratzea, auzolanean
Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria historikoa lantzeko diru-laguntzak eman zituen: “Diru-laguntza horiek lortzeko, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, proiektu bat aurkeztu genuen. Gure helburua Belkoaingo lubakiak berreskuratzeaz gain, zer gertatu zen plazaratzea da eta horretarako, hitzaldiak eskaintzearekin batera, ez dugu baztertzen libururen bat argitaratzea ere”, azaldu du.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak urtero auzolandegiak antolatzen ditu: “Guk proiektu honetan izena eman genuen eta onartu egin gintuzten. Horrela, uztailaren 16tik 30era bitartean estatu mailako 18 eta 25 urte bitarteko 20 gazte eta lau begirale etorriko dira Adunara lubakien berreskurapenean lanean aritzera. Beraz, Aranzadikoen laguntzarekin, uztailaren 17an ekingo diegu indusketa lanei eta hurrengo hamabost egun horietan lubaki baten berreskurapenean zentratuko gara”.
Urteetako lana izan daitekeen arren, “auzolandegi honetaz gain, aurrera begira, berreskuratze lan honetan inguruko jendearekin lan egitea gustatuko litzaiguke”.
Aurrekoaren harira, uztailaren 19an, ostiralarekin, lana ezagutzera emateko ekitaldia antolatzeko asmoa dute, eta beste hainbaten artean, inguruko Udalak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere gonbidatu dituzte. Ekitaldian orain arte egindako lana plazaratzeaz gain, etorkizunera begirako asmoak ere azalduko dituzte.
Dokumentu ugari
Amasa-Villabonako Aritza Kultur Elkarteko Karlos Almortza historialaria Juan Miguel Lasa Arrastoaren, jatorria Adunan zuen billabonatarraren, informazio bila gerturatu zen Adunako artxibora. Orduko alkate zen Arantza Aburuzak Aritza Kultur Elkartekoei aipatu zien bere aitak ezagutzen zuela Belkoaingo lubakien kokapena. Hor hasi zen dena.
Josuren ustetan Adunako artxiboko dokumentuak “ez dira Amasa-Villabonan aurkitu dituztenen antzekoak; gehienak, zergen eta komertzioaren inguruan hitz egiten duten dokumentuak dira”. Horiez gain, badaude Belkoaingo gurutzea behin baino gehiagotan aipatzen duten dokumentuak ere: “Dakigunez, tropa nazionalen garaipena ospatzeko eraiki zen gurutzea”. Informazio hau guztia eskura izanda, etorkizunean argitalpenen bat egitea ez dute baztertzen: “Ikusiko dugu. Adunako historia idatzi nahian, Amasa-Villabonako Aritza Kultur Elkartekoak Adunako jende helduaren testigantzak jasotzeko asmotan dabiltza”.