Buruntzaldeko EH BIlduren agerraldia, presoen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 4a, 18:41

Uztailaren 3an Lasarte-Oriako Villa Mirentxu udal eraikinaren kanpokaldean EH Bilduko eskualdeko alkate guztiak eta hainbat zinegotzi “Giza eskubideak, irtenbidea bakea, euskal presoak euskal herrira” lemapean zenbait konpromiso hartu zituzte.

Honakoak:

“Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela. Arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena, presoen eskubideena. Jarrerarik inmobilistenak hortxe ari gara ikusten.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduko alkate eta zinegotziok euskal presoen eskubideen alde hainbat konpromiso hartzea erabaki dugu. Ezinbestekoa da dispertsioaz eta neurri horrek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea. Konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditzea.

Horregatik, lehen esan bezala, EH Bilduk eta koalizioaren hautetsiok helburu hauekin bat egiten dugun heinean, aldarrikapen hauek gure eskualdeko udal guztietan bultzatuko ditugu.

Beraz, gaurkoan jakinarazi gura dugu honako konpromisoak beteko ditugula euskal presoen eskubideen alde:

  • • Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetero berritzea.
  • • Hasierako dosierra Instituciones Penitenciariasera, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
  • • Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
  • • Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratutako materialaren  ale bana bidaltzea.
  • • Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
  • • Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
  • • Preso gaixoak dauden herrietan alkateen parte hartze aktiboa presoa etxeratu arte.
  • • Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
  • • Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
  • • Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!