Ekaineko udal batzarraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 4a, 11:22

Ekaineko aztergaiak gertutik jarraitu nahi zuten herritarrekin bete zen pleno aretoa ekainaren 27an. Hiru aztergai izan ziren herritarren arreta piztu zuten gaiak: Ondarreta ikastetxeko jolastokiaren konponketa, bandera espainiarra balkoian jartzeko ebazpena eta presoen senitartekoei zuzendutako diru laguntzen araudia. Herritarrek galde-erreguan parte hartu zuten iritzia emanez.

Bertxingo zentralean eta Ondarreta ikastetxeko jolastokian konponketak egiteko proposamenak aurrera atera ziren ekainaren 27ko Udalaren osoko batzarraldian, PP alderdiko ordezkaritzarik gabe burutu zena. Bertxingo proposamena aho batez onartu zuten. Ondarretako jolastokiaren konponketak, berriz, Bilduren eta PSE-EEren baiezkoa eta EAJren abstentzioa jaso zuen. Mari Jose Izagirre zinegotzi jeltzaleak arrazoitu zuenez, "Andoaingo haur parkeek azterketa baten beharra daukate, horietako asko egoera txarrean daudelako. Ez zaigu ondo iruditzen parke bakar bat konpontzen hastea". Ana Carrerek aitortu zuen haur parke batzuk konpontzeko premian daudela, baina baita gogoratu ere Ondarretako jolas tokiak ez dituela lege arauak betetzen. Ondarretako irakasle eta guraso ugari hurbildu zen batzarrera. Ikastetxeko jolastokiaren konponketarako 89.000 euro bideratuko dira.

Hiru mozio etxeBIZITZEN
desjabetzeen HARIRA
Andoaingo Udal batzarrak aho batez etxebizitzen desjabetzeen inguruko bi mozio onartu zituen: Etxegabetze eta udal etxebizitzei buruz Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren arteko hitzarmenari atxikitzea, eta, Andoaingo Udalak etxegabetzeen aurrean jarduteko udal protokoloa onartzea.
Hirugarren mozioa, Andoaingo Kaleratzeak Stop kolektiboak aurkeztu zuen, bi eskaera eginez: Madrilgo Ekonomia Ministeritzari, lehen baitlehen neurriak ezar ditzala maileguen interes tipoa zehazten duen Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea desager dadin; Kutxabanki berriz, indize hori ez dezala aplikatu. Mozioak Bildu eta PSE-EEren baietza jaso zuen, eta EAJren abstentzioa.
 
KZguneen alde
PSE-EEk mozioa aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzari gune horiek ez ixtea eskatuz. Erakundeak herritarrak informazioaren gizartean integratzeko jokatu duen funtzioa goraipatu zuen. Bilduk bat egin zuen eskaerarekin, eta Carrere alkateak gogoratu zuen Andoaingo egoitzak herritarrei premiazko zerbitzuak eskaintzen jarraitzen duela 2001ean ireki zenez geroztik. Andoaingo KZguneari lotutako bi datu eman zituen: batez beste hilero 790 pertsonak erabiltzen dute, eta 2013an dagoeneko, 392 erabiltzailek egin dute ikastaroa bertan. EAJk kontrako botoa eman zuen; jeltzaleek adierazi zutenez, KZguneak berregokitze prozesu batean murgiltzea da Jaurlaritzaren asmoa: "asko aldatu dira gauzak 2001az geroztik, eta berregokitzeak zerbitzu gehiago eskaini nahi izateari erantzuten dio”.
Presoen senitartekoei diru laguntzak
Bilduk eta EAJk herriko era guztietako presoen senitartekoei zuzendutako diru laguntzen araudia onartzeko proposamena egin zuten. Hain zuzen, kilometrajeari dagokionez, kilometro bakoitzeko 0,20 euroko laguntza ematea onartu zuten, PSE-EEren ezezko botoarekin.
Galdera eta eskaeren tartean, jendartean zegoen preso baten senideak hitza hartu zuen, EAJ eta Bilduri kritika egiteko: onartutako diru laguntza eskupekotzat hartzen zuela adierazi zuen, eta aldi berean, erabakia bi alderdiek euren burua zuritzeko izan zela. EAJ-PNVko Eneko Urdangarinen eta hitza hartu zuen senidearen arteko ika-mika sortu zen orduan; Urdangarinek adierazi zuen Bilduk agintzen duen herrietan onartutakoaren gainetik dagoela Andoaingo Udalak onartu duen kopurua. Senideak, ordea, kontrakoa zela erantzun zion.
Ikurriña izan zen beste aztergaietako bat hilaren 27ko batzarrean. Bilduk eta EAJk manifestu bat adostu zuten, Aralar eta Hamaikabaten atxikimenduarekin; bertan, Madrilgo Gobernuak EAEn daukan delegatu Carlos Urquijoren ebazpena inposiziotzat jo ostean, Espainiako banderak ez duela Andoaingo herritarren nortasuna ordezkatzen ziurtatu zen. Proposamen zehatzen artean, udaletxeko balkoian eta plazan ikurriña jartzea eta ekainaren 30ean ekitaldi publikoa egitea onartu zuten. PSE-EEko Estanis Amutxastegik hitza hartu zuen, eta esan, Euskadi Espainiako nazioaren barruan dagoela eta konstituzioak esaten duena onartu behar dela, nahiz eta Urquijoren ekimena gogoko ez izan.
Azkenik, batzarrak aho batez baietza eman zion Aita Larramendi ikastolak egindako eskaerari: eraikuntza berria udal eremuan dagoenez, ikastolak Udalaren baimena behar du hipoteka eratzeko.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!