25 URTE RIKARDO ARREGI ANDOAINGO SEME KUTTUN IZENDATU ETA RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIAK SORTU ZIRENETIK
2013-6-30. Bastero.
JOSEBA ARREGI HIZLARI
SENIDEEN IZENEAN
Alkate anderea, Sailburu anderea, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde jauna, jaun andreak: Egun gutxi barru dela berrogeita lau urte Mendaroko bide-bazterrean heriotzak harrapatu zuen oraindik hogeita zazpi betetzear zituen Rikardo. Bilbora bidean, Euskaltzaindiaren lehen berrogeita hamar urte betetze ospakizunetan parte hartzera, Gipuzkoako gainontzeko euskaltzain bete eta laguntzaileak autobusez, eta Rikardo, lagun batekin, Ramon Saizarbitoriarekin, kotxez, LUR argitaletxea sortzeko beharrezkoa zen argitalpen baimenagatik Gabriel Arestirentzat ordaina zen kotxean hain zuzen.
Ezbeharrak ekarri zion heriotza. Baina badira hiltzeko beste hainbat bide: bide-bazterretan ez baina hilerrietako hertsiduretan gehienek jasaten duten ahaztearena, gehienon etorkizuna izango den ahazturik gelditzearena adibide. Andoaingo seme kuttun izendatzeak eta bere izena daramaten kazetaritza sariak sortu izanak ekidin diote ahaztearen arriskuari Rikardoren kasuan. Baina, nire iduriko, Rikardok ezin izan du beste heriotza modu bat ekidin: bere bizitza labur baina betean izan zituen interesetatik, jorratu zituen gaietatik, ireki zituen leihoetatik, bilatu zituen egietatik, bizi izan zituen esperientzietatik bakar bati loturik irautea, gainontzeko guztiak ahazturik, edo bazterturik, asmoz edo besterik gabe horrela gertatu delako.
Rikardoren oroimenak euskarari loturik iraun du. Bera izan baitzen Euskaltzaindiaren baitan alfabetatze egitasmoak abiarazi zituena, bera kazetaritzari euskaraz bultzada handi bat eman ziona. Ez da zilegi, ordea, bere memoria euskaren aldeko lanei bakarrik lotzea. Askoz gehiago zen Rikardo: bere baitan nahiko hertsirik bizi zen euskal gizartea mundu zabalera irekitzen ahalegin handiak egindako norbait, marxismoari, marxismo mota bati, Marx lehenarekin lotutako marxismoari, izpiritua zabaldutako norbait, Txillardegirekin sozialismoaren inguruan eztabaida zorrotzak izandako norbait, mendebaldean moldatzen ari ziren ezkertiar mugimenduak aztertu, ikasi eta etengabe bereganatzen ziharduen norbait –Marcuseren inguruan burututako lanak lekuko– euskal kulturak bizi zuen tradizioarekiko eta tradizio hau sagaratzen zuen Jainkoarekiko menpekotasunetik askatzeko ahaleginak egin zituen norbait, euskal kultura eta gizartea modernitatearekin lotzeko asmo bizia bere egin zuen norbait.
Esan beharrik ez Rikardo ez zela bakarra. Belaunaldi bat zen zurrunbiloan murgildurik bizi zena, eta zulotik, iluntasunetik atera eta eguzki argitan bizi berri baten bila ziharduena. Eztabaida garaiak ziren, ideologia berrien garaiak, deskubrimendu intelektualen garaiak, kanpotik zetorrena irrika biziz edan eta irentsi beharreko garaiak. Mundu berri bat eraiki nahiaren garaiak, itxaropenak nagusi ziren egunak, etorkizunetik bizitako garaiak. Batzuen kasuan behintzat.
Rikardok idatzitakoetan bada nahiko ixilpean gelditu den lan bat: Euskalzaleen Jainkoa hil behar dugu. Lan horretan Rikardoren eta bere belaunaldiko zenbaiten jarrera, gogoa eta itxaropena begibistan gelditzen dira: baserritar tradizio bat sagaratuz kultura modernora iristeko oztopo nagusi zen Jainko batekin hautsi beharra, une berean euskal kulturari, gizakiari eta Jainkoari berari askatasuna itzuliz. Beste gazte asko bezala kristau sinesmenetik etorriz eta marxismoaren zurrunbiloan murgilduz sinesmenari muzin egindakoa zen Rikardo. Baina ez zen horretan gelditu. Sinesmen modu tradiziozkoari uko eginez gizaki libreago bat aurkitu zuen, baina baita Jainko askeago bat ere. Biak batera.
Bilakaera horretan ageri da Rikardoren ezaugarri nagusietako bat: aldatzeko gaitasuna, ikasiz, aztertuz, kritikaren bidez, tradizioa gaindituz, zerumuga berrietara begiak eta burua zabalduz, eta horretarako oztopo suertatu zitezkeen Jainko eta jainkotxo guztiak zapuztuz.
Bera hil zenetik igarotako ia berrogeita hamar urte hauetan askotan bururatu zait Rikardoren heriotza belaunaldi oso baten heriotzaren ikur moduan ikus eta irakur daitekeela: orduko itxaropenak, ikasteko gogoak, aldaketarako gaitasunak, mundu berri bat bilatu eta aurkitzeko irrikak, mundu zabalera begiak zabalik hazten joateko borondateak sortu bezain pronto bertan behera gelditu edo zuloan behera joan izanaren ikur. Beste zerbait nagusitu zen gure artean, indarkeria, eragindako heriotza, jainko berriak, sasi-jainkoak, loratzera heldu ez zen hazia bere horretan ito zutenak.
Aldaketaren ordez betikoari eutsi, biziaren ordez heriotza errege, mundu berriaren ordez ez zahar eta ez berri diren amets gaiztoko mitoak, eztabaidaren ordez dogma behartua, era guztietako ideien ordez pentsamendu bakarra, hazi behar zuena harlosa pixu baten zamapean ito arte zanpatu duena.
Garai haiek joan dira. Orduztik hona gertatu dena ez zen gertatu zitekeen bakarra. Beste aukerak eskura izan genituen. Indarkeriaren dogmak deuseztu ditu beste aukera guztiak, eta orduko itxaropenak suntsitu. Orain oroimenaren, memoriaren borrokan murgildurik omen gabiltza. Agian Rikardorenak ziren ideia nagusi batzuk gogora ekarri beharko genituzke etorkizunik nahi badugu, eta etorkizun gai den benetako oroimena landu nahi badugu: gizabanakoa helburu, bere askatasuna, gizakia bere konkretotasunean –nahiz eta honelakoak garatzerakoan Rikardok berak zenbait akats logiko burutu zituen–, sasi-jainkoen kontra kritika zorrotza landu, kanpora begiratu etxezuloan hertsirik ez gelditzeko, beti ikasteko ahaleginetan jardun, beti berritzeko eta aldatzeko askatasuna lortzen saiatu. Hori baita bizitza, ezbehar batek deuseztu ezin dezakeen bizitza, bai ordea bestelako jarrerek erraz itotzen duten bizitza.
Joanak joan, orain dela 25 urte alkate zen Carlos Sanz jaunari, Andoaingo seme kuttun izendatzeko lanak bere bizkar hartu zituen Joseba Erkizia zinegotzi jaunari, Rikardo Arregi kazetaritza sariak sortzeko lana eskuartean izan zuen Xabier Huitzi zinegotzi jaunari, eta Euskara teknikari zen Patxi Baztarrika jaunari eta bere lekukoa jaso zuen Jon Unanue Euskara teknikariari gure hildako gurasoen izenean, Rikardo beraren izenean eta bizi garen Begoña, Mikel eta neronen izenean gure eskerrik bihozkorrena. Milesker.