Desjabetze egoeran dauden kasu guztiak banan-bana eta bereziturik aztertuko direla ohartarazi zuten, hamar puntu dituen protokoloa azaltzeari ekin aurretik. Hona, protokoloak adierazten duena laburbilduta:
- 1. Udala, etxegabetzeen aurka ari diren eragileekin duen informazioa eta baliabideak elkartrukatzeko prest agertuko da. Eragileekiko harremana iraunkorra izango da.
- 2. Udala herrian ohiko etxebizitzaren etxegabetzeak jasan dituzten edo jasateko arriskuan dauden herritarrei irekita dago.
- 3. Andoaingo Udalak herritarren aurkako etxegabetze prozedura martxan duen bankuarekin harreman bidea irekiko du, etxegabetze prozedura denbora mugagabean bertan behera uzteko exijituz.
- 4. Udalak, Kutxabankeko partaide den heinean, bereziki exijitzen dio entitate honi etxegabetzeak bertan behera utz ditzan denbora mugagabean.
- 5. Udalak, etxegabetzeen gaiarekin duten jarreraren arabera, kreditu entitateekin duen harreman instituzionala edota ekonomikoa berrikusi egingo ditu.
- 6. Udalak herritarren jakinaren gainean utziko du etxegabetzeetan Banku, Kutxa edo Kooperatiba bakoitzak duen jarrera.
- 7. Udal honek ez du etxegabetze prozedurarik bultzatuko, ezta beraietan parte hartuko ere.
- 8. Udalak herriko kaltetuei laguntza juridikoa eta lehen arreta eskainiko die.
- 9. Ohiko etxebizitzarik gabe geratu diren andoaindarrei premiazko irtenbidea emate aldera hainbat etxebizitza hutsik dituzten banku eta higiezin enpresei ardura exijituko die.
- 10.Herrian etxegabetze prozedura bat gauzatzen den bakoitzean, egunean bertan, Udalak eragileekin batera etxebizitza eskubidearen alde eta etxegabetzeen aurka kontzentrazioa deituko du.