Andoainen Espainiako bandera jartzeko “inposaketa” salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko uzt. 4a, 11:16

Donostiako Administrazio Auzietako epaitegiak Espainiako bandera ezartzera behartu ditu udalerri guztiak.

Udal gehienek orain arte entzungor egin diete aurreko ohartarazpenei, baina dagoeneko erabakia irmoa da. Eta atzeraezina. Espainiako bandera, beraz, Andoaingo udaletxean eskegita ikusiko da aurrerantzean. 2012ko apirilaren 20an Carlos Urquijo Espainiko Estatuko Gobernuaren azpidelegatuaren gutunean adierazten zen bezala, 39/1981 legearen 3.1 artikuluari jarraiki, bandera espainiarra udaletxeko balkoian jartzera behartuta dago Andoaingo Udala.
Udaletxean ordezkaritza duten Bildu eta EAJ-PNV alderdiek nahiz ordezkaritzarik gabe geratu ziren Aralar eta Hamaikabat alderdiek Espainiako Gobernuaren inposaketa salatu dute Udal mozio baten bitartez eta aurreko igandean ikurriñaren aldeko ekitaldia antolatu zuten. Euskal sinboloaren aldeko adierazpena irakurri eta gero, udal ordezkariek eutsi zuten “Nazio bat gara! Gurea ikurriña!” esaldia zeraman pankarta udaletxeko balkoian zintzilik ipini zuten.
Espainiako banderaren inposaketari erantzunez, udaletxearen eta Urigain etxearen artean zegoen ikurrina eta masta luzea Goikoplazara ekarri dituzte.
Andoaingo udaletxean ordezkaritza duten Bildu koalizioak eta EAJ-PNV alderdiak adierazpen bana egin dute auziaren inguruan.

Andoaingo Bildu
Alkatetzan dagoen Bildu koalizioak inposaketa salatzen du, egun hauetan herriko etxe guztietan banatzen ari diren aldizkarian adierazi bezala: “Euskal instituzioetan ikurriñak egon behar du beste euskal ikurrekin batera, eta ez inposaturiko bandera batek. Argi eta garbi jakin behar dute bandera edo sinboloen inposaketek ez dutela gure herriaren nortasuna, identitatea eta izateko modua aldatuko. Euskal Herria nazio gisa hartzen dugunontzat, gure bandera gure izatearen, gure historiaren, gure eskubide eta askatasunen sinbolo da; munduko gainerako nazioekin parekatzen gaituen ikurra da. Aldiz, espainiarrek euren bandera Euskal Herrian ezartzeak bestelako konnotazio bat du, inposaketarena, gure lurraldean subirautza espainola erakutsi nahi izatearena, alegia”.

Andoaingo EAJ-PNV
EAJ-PNVk sutsuki defendatu du ikurriña, auzi honetan izan duen jokabide koherentea aldarrikatuz. “Sinesten eta maitatzen dugun ikurriñaren alde egunero lan eginez” adierazi du EAJ-PNVk, bere blogean argitara eman duen adierazpenean. “Andoainen ikurriñarik bada, EAJ-PNVri esker izan da eta oraingoan ere, geurea, abertzale guztiona den ikurriñaren alde jardungo gara. Andoaingo abertzaleei hurrengo egunetan aurrera emango diren ekitaldietan parte hartzeko deialdia luzatzen diegu eta aldi berean etxeetako balkoietan ikurriña ipini dezaten, garbi gera dadin zein den gure ikurra: ikurriña”.
Bildu eta Ezker Abertzaleari kritika egiteko aukera ez dute galdu, “orain arteko desobedientzia aldarriak alde batera utzi eta oraingoan arduraz jokatu nahi omen dute. Hara orain nola ageri diren, espaniar gobernutik inposatutako bandera udaletxeko balkoian ipiniz”.

Andoaingo PSE-EE
Ekainaren 30eko udal batzarraldian alderdi abertzaleek aurkeztutako mozioak alderdi sozialistaren ezezkoa izan zuen. Estanis Amutxastegik Andoaingo PSE-EEren izenean zera adierazi zuen: “Ez gara abertzaleak, gure ideario politikoan aberririk ez dago. Alderdi abertzaleek aurkeztutako manifestuarekin ez gaude ados. Onerako eta txarrerako konstituzioa onartu genuen bere garaian".

UDAL BATZARRALDIA
Galde erreguetan, herritar batek desadostasuna agertu zuen Bildurekin, "inposizioaren aurrean aukera bakarra dagoela dirudi, agintzen digutena onartzea. Auzitegitik erabaki bat dator eta hor doa Bildu, hori betearaztera. Egia esan, ez dut ulertzen. Ez dut ulertzen desobedientziaren aukera alde batera uztea, ez dut ulertzen Bildutik, ezker abertzaletik, erabaki hau herritarren aurrera eraman ez izana eta eztabaidatua ez izana. Eta ez dut ulertzen nola gal genezakeen horrela urte luzez irabazitako legitimitatea. Erabakia birplanteatzea eskatuko nuke".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!