Zer dela eta hautatu zaituzte Kandido izateko?
Nik ez dakit oso ziur, baina pentsatzen dut izango dela ni Kaletxikiko auzotarra ez izan arren bertako jaietan pixka bat inplikatzen naizelako. Egia esan, ni Extremadura Kalean hazitakoa naiz, baina betidanik erakarri izan nau Kaletxikik; auzo horrek badauka zerbait berezia. Ontza elkarteko bazkidea naiz, eta orain lau bat urte jai batzordean sartu nintzen, auzoari ekarpentxoa egin diezaiokedala pentsatuta.
Jendearen begirada ugari zuregana zuzenduko dira aurten...
Bai, errespetua eragiten duen papera da, eta txintxo-txintxo ibili beharko da. Berez, protokoloak agintzen du Txikitxuekin Kaletxikira jaitsiera egitea ostiralean, eta gero igandean soka-dantzan eta jai amaierako ekitaldian parte hartzea. Gauzak txukun egiten saiatuko naiz. Ostiralean, parranda txikiren bat egingo dut rock kontzertuarekin batera; larunbatean, berriz, txoznan ordu batzuk sartu eta buelta txiki bat emanda etxera erretiratuko naiz, gogorra izango baita hurrengo eguna.
Zein dituzu jaietako ekitaldirik gogokoenak?
Niri igandea gustatzen zait gehien, eta horren barruan Batzokia eta Ontza elkarteak egin ohi duten desafioa. Goizetik kros lasterketak eta ondorengo auzotarren bazkariak eguna biribiltzen dute.
Nork irabaziko du desafioa?
Bada garaia Ontzak irabaztekoa! Aurten kideak latz ari dira entrenatzen eta badago esperantza garaile irteteko. Ontzako bazkidea naiz baina sokari tira egiteko indarrik ez dudanez, animatu besterik ezingo dut egin.
Nola animatuko zenuke Andoaingo jendea Kaletxikira hurbil dadin?
Azken urtetan jende mota ezberdinentzat erakargarriak diren ekitaldiak antolatzen ari dira Kaletxikin. Andoainen askok buruan sartuta daukate Sanjuanak eta Santakrutzak direla herriko jai bakarrak. Bada garaia ingurura begira dezaten eta kontura daitezen auzoetan ere gauza politak eta parte hartzaileak antolatzen direla, auzotarrentzat bezainbeste auzotarrak ez direnentzat.