Demokrazia parte-hartzaileaz eta herri kontsultaz mozioa aurkeztu du Amasa-Villabonako Bilduko Udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 28a, 16:37

Joan den asteburuan Zizurkilgo herri kontsultan gertatutakoaren ondoren, urjentziaz, Udal Plenoa deitu du Amasa-Villabonako Bilduk. 

Demokrazia parte-hartzailean pauso bat eman nahian, prozesu parte-hartzaileen eta herri galdeketen araudia adostuko du Udalak. Horretarako, lan mahai berri bat sortuko da eta helburua, urte amaierarako araudi horren zirriborroa eskuratzea da, gerora herritar guztien esku jarri eta helegite eta ekarpenei txanda emateko.

Mozioa bertaratutako Bilduko bost zinegotzien adostasunarekin onartu da; PSE-EEko Maria Luisa Arija zinegotziak aurka bozkatu du eta EAJ alderdiko ordezkaririk, berriz, ez da plenoan izan. Plenora gerturatutako hainbat herritarrek azken alderdi honetako ordezkariekin hitz egiteko nahia agertu dute.

Horrez gain, astebururako Tolosaldea Txukunek antolatutako herri galdeketaren inguruan plataformak izan duen jarrera salatu dute: “Gaur, herritar talde baten gutuna jaso dugu. Talde honek, asteburuan ospatuko den herri galdeketan ikuskaritza lanak egiteko baimena eskatu dio Tolosaldea Txukun plataformari eta honek ukatu egin die. Herri galdeketak serioak dira eta boto delegatuak  kezkatzen gaitu, baina are gehiago kezkatzen gaitu ikuskaritza egiten ez uzteak”.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!