Jaiei begira, herritarren artean zerbait antolatzeko nahia azaldu zen festa batzordean. Hasierako asmoa danborrada egitea bazen ere, azkenean, batukada egitearen ideiak hartu zuen indarra. Herritar ugarik eman du izena batukada tailerrean. Julen Larruskain Kultura zinegotziak azaldu duenez, “aipatzekoa da tailerrean izena eman duen gazte kopurua”. Ikastaroa aurrera eraman ahal izateko Udalak diru laguntza, lokala eta tresnak jarri ditu, Ebia kultur taldea, berriz, antolakuntzaz eta komunikazioaz arduratu da.
Batukada tailerrean ikasitakoaren emaitza, ekainaren 27an, ostegunarekin, plazaratuko dute bertso-saioaren ondoren eskainiko duten kalejiran.