Irati Otaegi palista aritu da irakasle lanetan, hiru astez, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik hasi eta seigarren maila bitarteko 20 gaztetxorekin. Ikastaroaren helburu nagusia, nesken kirolari bultzada ematea izan da: “Gure helburua, neskei protagonismoa ematea da, neskak nesken aurka lehiatzea hain zuzen. Gogoa eta intentzioa inork baino gehiago jartzen dute, gainera”, azaldu dute Irati Otaegik, Antton Elizegik eta Nerea Urkolak. Datorren ikasturteari begira, talde sendoa osatzea da helburua: “Nesken pala taldea osatzea litzateke xedea”.
Palaren alde
Zalantzarik gabe, kirolari dagokionez, neskek aukera murritzagoak dituzte taldeak osatzeko garaian. Herri txikietan, joera hori areagotu egiten da, hirukotearen ustetan: “Asteasun, adibidez, futbola gustuko izanez gero, kanpora joan beharra izaten dute. Herrian frontoi majoa dugula aprobetxatuz, eta esku pilotan aritzen diren neskak gutxi direla ikusirik, nesken pala ikastaroa martxan jarri genuen. Entrenamenduetara ekartzen duten grina kontuan izanda, motibatu egin behar dira”.
Pala Txapelketako finala, jaietan
Dagoeneko partida batzuk jokatu dituzte eta txapelketako finala Sanpedrotan jokatuko da, ekainaren 27an arratsaldeko 18:00etan, hain zuzen.
Aiztondon, bailarako pilota eskolak elkartu eta pilotari bultzada eman asmoz, elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu zuten orain gutxi. Antton Elizegiren ustez, “kirol guztiekin egin beharko genuke gauza bera. Nesken kirola bultzatzeko eskualde mailako elkarlana beharrezkoa dela deritzot”.