25 urte hauetako lana eskertu nahian, maiatzaren 15ean Udalak lau protagonistak omendu zituen: “Ez genuen inondik-inora ere espero, erabateko sorpresa izan zen. Norbait zutaz gogoratzen dela ikusteak izugarrizko poza ematen du eta ilusioa egiten du”. Jasotako omenaldi xumearen ostean, aurtengo Sanpedrotako txupinazoa botatzeko proposamena jaso dute. Lazarok, Joxe Manuelek eta Joxe Agustinek azaldu dutenez, “oraindik ez dugu ezer prestatu. Udaletxeko balkoian ikustean, ‘hemen ez da gauza onik’ esango du batek baino gehiagok”, adierazi dute irribarre artean.
1988 urtean hasi ziren lehenengoz Pello Otegi zena, Lazaro Goenaga, Joxe Manuel Zubeldia eta Joxe Agustin Arteaga San Isidro eguneko ospakizunak antolatzen. Urtemuga hori aintzat hartuz, aurten San Pedro jaietako pregoiaren ardura izango dute. Lazaro Goenagak, Joxe Manuel Zubeldiak eta Joxe Agustin eta Mikel Arteaga aita-semeek hartu dute hitza. Garai hartan, Asteasuko apaiza zen Fidel Tolosaren laguntzaz hasi ziren 1988an San Isidro eguneko ospakizunak prestatzen: “Fidel festa giro zalea zen eta hark bultzatuta hasi ginen, egunari festa kutsua eman asmoz. Garai batean, elizako momentu hori izaten zen ospakizuna, meza eta hamaiketakoa, baina guk eguna borobildu nahi izan genuen. Horrela, Elizmendi auzoko behealdean elkartu eta trikitixaren doinuez lagunduta eta gure ohiko lan tresnak bizkarrean hartuta, kalejiran joaten ginen elizara. Ondoren, mezetan bertsolariak izaten ziren eta Fidel bera ere moldatzen zen batzuetan. Meza eta gero, hamaiketakoa egin eta plazara jaisten ginen eta bertan, idi-demez gozatzeko aukera izaten genuen; ondoren bazkaria izaten zen, trikitilari eta bertsolariek alaiturik. Egitarauak bere horretan dirau”.
Aldaketarik handienak, Fidelen atzetik etorri zen apaizaren aginduz sortu ziren: “Trikitixarekin eta lan tresnekin elizara sartzen ez zigun uzten; guk usadio horrekin jarraitu nahi eta ezin”. Bestalde, azken urteotan, gero eta jende gutxiago gerturatzen da ospakizunera: “Lehen, guztiok baserritarrez jantzita joaten ginen San Isidro eguna ospatzera. Orain, berriz, oso gutxi gara janzten garenak eta horrez gain, jendea ere gutxiago etortzen da”.
Festaren garrantzia
“Baserriko lana nahiko lotua izan da beti eta baserritarrok egun bakanak izaten ditugu ospatzeko. Maiatzaren 15ean, elkartu eta festa giroan, solasean aritzen gara. Egun hau ospatuko ez bagenu ez ginateke elkartuko eta ospakizunarekin amaitzeko arriskua egongo litzateke. Ahal dugun bitartean, behintzat, eutsi egin behar diogu”.
Gazteei lekukoa
Gero eta gazte gutxiago dira baserriko bizimoduari eusten diotenak. Ondorioz, San Isidro eguneko ospakizunetan ere oso gutxi dira plazara bertaratzen direnak: “Erlijio ohiturak ere asko aldatu dira eta horrek ere izan dezake eraginen bat. Hala ere, polita litzateke gazteek egunari indar pixka bat emango baliote; beste zerbait antolatzen badute ere, berdin da. Ea gaztetxekoak edo animatzen diren...”.