“Jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, eta hori nagusiki hiztunon esku dago”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 27a, 18:22

Baztarrikaren ustez, administrazioak eta herri ekimeneko taldeek batera jardun behar dute.
“Helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak dira gure lehentasunak Jaurlaritzan”.

Gogotsu eta grinatsu heldu dio aro berriari Patxi Baztarrikak, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Batzordeko zuzendaritza utzi eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanetan dabil berriro ere. Euskararen egoera, Jaurlaritzaren lehentasunak, diru-laguntzak eta Andoain ditu mintzagai elkarrizketa honetan.

Jaurlaritzara itzuli zara berriro ere. Aurreko aldian egindako lanaren jarraipen moduan ikusten duzu bigarren hau ala aro berri eta ezberdina hasi duzu?
Jarraipena ere bada, jakina. 2005-2009 legealdian ezarri genituen Euskararen Aholku Batzordearen oinarri nagusiak, Euskara 21 izenburukoak. Oinarriak hor daude eta horiek garatzea da egitekoa. Baina, ezer ez da berdin eta gauzak aldatu egin dira. Beste testuinguru politiko batean gaude…

Eta zure aurrekoak, Lourdes Auzmendik, egindakoari jarraipena ematera al zatoz?
Kolore aldaketa dagoenean, erabateko aldaketak espero dituzte askok. Ni ez naiz etendura handien aldekoa, baina gauza batzuk beste modu batera edo beste indar batekin egingo ditugu. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aurreko legealdian onartu zen eta gobernu honek bere egiten du. Baina egongo dira aldaketak.

Itzuleran, zer nolako egoera aurkitu duzu Jaurlaritzan?
Bistan da aldaketak izan direla besteak beste testuinguru politikoan eta, zeresanik ez, egoera ekonomikoan. Herri-erakunde guztiek, Jaurlaritzak nahiz foru aldundi eta udalek,  berdin du PP, PSE, EAJ edo Bilduk gobernatua izan, salbuespenik gabe denek aurrekontuak doitu dituzte, gutxitu egin baitira diru-sarrerak. Behartuta gaude inoiz baino eraginkorragoak izatera, gutxiagorekin gehiago egitera, eta baliabideei etekin handiagoa ateratzera. Datozen urteetarako hizkuntza politikarako iparrorratza Euskara 21ean jasota dagoena da. Askotarikoen artean eztabaidatu eta adostu ondoren, Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zituen 2009an urteotarako hizkuntza politikaren oinarriak prozesu eredugarrian. Jarraitu behar dugu euskararen ezagutza eta erabilera areagotzen, jarraitu behar dugu euskararen erabilerarako aukerak sortu, bermatu eta ditugunak erabiltzen, eta jarraitu behar dugu euskal hiztunen komunitatea trinkotzen. Erabileraren zelaian jokatzen dugu euskararen partida. Jokoan dagoena ez da euskararen biziraupena, jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, eta hori nagusiki euskal hiztunon esku dago. Geure esku dago euskararen komunitateari jarraipen gero eta osasuntsuagoa bermatzea. Horretara zuzendu behar ditugu gure lanak, “erabili, erabili eta erabili” baita errezeta bakarra. Eta bide hori egiteko behar ditugu ahalik eta adostasun sozial eta politikorik zabalena, eta elkarlana.

Oraingoak baino urte oparoagoak bizi izan zenituen aurreko agintaldian, diruari dagokionez. Zailagoa al da egoera berri honetan lan egitea?
Gutxiagorekin gehiago egiten ahaleginduko gara eta lehen egiten ziren gauzak beste era batera egin beharko ditugu orain, eraginkorragoak izan... Elkarlana areagotu egin beharko dugu baliabideei etekin handiagoak ateratzeko. Baina dena ez da dirua. Esaterako, berrikuntza bat: euskarari zehar-lerroa aitortu eta onartuz gobernuaren jardun guztian, Jaurlaritzako sail bakoitzean euskara unitate bat sortuko dugu, sail bakoitza hizkuntza politikaren ispiluaren aurrean jarrita.
Administrazioa euskalduntzeko modu bat?
Jakina. Modu eraginkorrez bermatze aldera herritarrei aitortuak zaizkien hizkuntza eskubideak. Euskara ez da gauza sektoriala, jendarte eta herri aginte osoaren kontua da. Gobernu osoak euskararen alorrean egiten duenaren arabera neurtuko da gobernu horren eraginkortasuna. Lortu nahi dugu sail guztien inplikazio handiagoa hizkuntza politikan.

Zeri emango diozue lehentasuna?
Bi gauza nabarmendu ditugu: batetik, helduen euskalduntzea jendarte elebidun orekatua lortzeko. Horretarako, pertsona elebidunak behar ditugu. Eta, hortaz, euskaltegiek 2013an izango dute 2012an izan zuten finantziazio bera, nahiz eta Jaurlaritzak %10 gutxiago izan gastatzeko. Gainera, ikasleentzako diru-laguntzak berreskuratu ditugu 700.000 eurorekin, iaz Gobernuak ezabatu ondoren. Beste lehentasuna? Euskarazko hedabideak. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua batez beste %10 jaitsi bada, Hizkuntza Politikarena %9 jaitsi da.

Marra gorria aipatzen du Urkulluk, baina hizkuntza politika ez du aipatzen…
Hizkuntza politikaren ardura izanda ere, neure egiten ditut Lehendakariak markatu dituen marra gorriak: hezkuntzako oinarrizko zerbitzuak, osasunekoak, pobreziaren kontrako diru-laguntzak…; enplegua sortzeko edo hari eusteko neurriak…

Nola baloratzen duzu euskarazko hedabide ez publikoek Hekimen edo Tokikom bezalako elkarguneak sortu izana?
Oso garrantzitsuak dira euskarazko hedabide ez publikoak. Hedabideen munduan, nagusia, publikoa, EITB daukagu, baina besteen ekarria ezinbestekoa da. Batetik, euskararen erabilera bultzatzeko, baina baita aniztasunari eusteko edo bultzatzeko ere. Horrek eskatzen du hedabideak ahalik eta eraginkorrenak izatea. Sinergiak batzeko ahaleginak egitea, elkarguneak sortzeko ahaleginak egitea. Garrantzi handia ematen diegu toki hedabideei eta hauen bideragarritasun eta eraginkortasuna ahalbidetzeari.

“Vamos a españolizar Cataluña” eta mota horretako esaldiek zer sorrarazten dizute?
Zirrara eta haserre puntua. Batzuetan, axolagabetasun puntu bat ere bai, nola harrapatzen zaituen… Horren atzetik dago Espainiari, praktikan, bere eleaniztasuna onartzea asko kostatzen zaiola. Aitortu bai, baina, gero, elebakar bezala funtzionatzen dute Espainiako erakundeek. Zenbaiti gehiegi iruditzen zaio gurea edo katalanena bezalako hizkuntza errealitatea, Espainia ele eta kolore bakarrekoa nahiko luketelako. Hizkuntzek ez dute egiten borrokarik, hiztunek erabiltzen dituzte hizkuntzak borrokarako. Wert ministroaren berba hauek testuinguru horretan sartzen ditut.

Euskara aurrera ala atzera doa?
Zalantzarik gabe, aurrera doa. Etengabe hazten ari den hizkuntza da euskara. Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatearengatik. Eta bertan bizi garelako Euskal Herriko biztanleen %80 eta euskal hiztun gehienak. Nahiz eta Nafarroan euskarak izan duen bilakaera oso motela eta Iparraldean atzeraka doan. Euskararena hazkunde baten historia da. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskarak etorkizun oparoa bermatuta daukanik. Euskara hazi bada, ahalegin berezia egin dugulako izan da. Gauzak ondo egiten badira, hazi egiten da.

Gazteen artean, ordea, ezagutza hazi egin bada ere, erabilera ez al da moteldu?
Ezagutza handiagoa da erabilera baino, baina aurrera doa erabilera ere gazteen artean. Erabilera hori esparru formaletan hazi da bereziki eta moteldu egin da esparru ez formaletan. Baina gazteen artean hazi da, gehienbat, erabilera. 15 urteko epean bikoiztu egin da. Nagusiki, hezkuntza sistemarengatik. Egia da, hala ere, gaurko gazte euskaldunek ez dutela lehengoek baino gehiago erabiltzen. Arduratzeko datua da, baina ez larritzekoa. Gazte horien gehienen lehen hizkuntza, etxekoa, ez da euskara, gaztelania baizik. Eta hori oso faktore garrantzitsua da erabilerarako.

Andoainera etorrita, Irigoienazpikoa egitasmoaren aitzindari eta sustatzaile zaren aldetik, nola bidera liteke proiektu hori 2013an? Ba al da horretarako aukerarik?
Irigoienazpikoa proiektua –euskararentzat proiektu bikaina eta berritzailea, zalantzarik gabe, eta bere garaian beste eduki batzuekin baina Larramendi Bazkunak sustatua– Andoaingo Udalaren ekimenez eta bere eskutik definitu eta diseinaturiko proiektua da, eta horrexegatik Udalari dagokio, kasua balitz, proiektu hori gauzatzeko eman beharko liratekeen urratsak emateko prozesua sustatu eta lideratzea, bere gogo eta ahalbideen neurrian. Jaurlaritzaren dirulaguntza oso garrantzitsua izan du proiektuak definizio fasean, eta proiektua errealitate bihurtzeko aldez aurretik egin beharreko azterketa eta dokumentu guztiak eginak daude, jada ez dago aurrelanik egiteke. Hori horrela, nik neuk eta Jaurlaritzak Udalari zor diogun errespetuagatik, ezin dizut erantzun zehatzagorik eman, Udalari dagokiolako kontu honetan baterako edo besterako lidergoa eramatea.

Ekainaren 29an Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko sari-banaketa ekitaldia izango da. Aurten sariak 25 urte bete ditu. Zeu izan zinen saria sortu zuen teknikaria. Orduko helburu eta erronkak bete al dira 25 urteren buruan?
Gauzak asko aldatu dira euskal kazetaritzan ere 25 urteotan, onera aldatu ere. Euskarazko kazetaritza prestu eta modernoa, bikaintasuna, kalitatea eta eredugarritasuna iparrorratz izango zituen euskarazko kazetaritza aldarrikatu zuen duela 25 urte Rikardo Arregi Sariak. Orduan baino askoz hedabide gehiago ditugu euskaraz, eta, orduan ez bezala, ehundaka profesional ari dira gaur egun komunikaziogintzan euskaraz. Aurrera egin dugu eta aurrera goaz, bistan denez. Baina Rikardo Arregi Sariaren printzipio nagusi haiek –bikaintasuna, kalitatea, eredugarritasuna– gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute. Printzipio horiek bidelagun dituela bakarrik irabaz dezake, nik uste, euskal kazetaritzak gaur egun duen erronka nagusia: euskarazko hedabideen kontsumitzaile potentzialak –gero eta gehiago direnak–  kontsumitzaile erreal bihurtzea. Irakurle eta ikus-entzuleak dira hedabideen epaileak, eta haiek irabaztea dagokie hedabideei. Hori dute erronka.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!