Udalean, Etxebide eta Alokabide erakundeen bitartez eskaria badagoela jakin badakite, “iraganean Etxeberriko gunea sortu zenean herriko gazte asko bertan jarri zen bizitzen, eta bertakoek bete ez zituzten etxebizitza horietara inguruko herrietatik etorritakoak hurbildu ziren. Oraingoan ere Urnietako eskaerak lehenetsiko ditugu, kanpotik jendeak etortzeko duen joera horri ateak itxi gabe”.
Hirigintza egitasmo mardula aurreko bi agintaldietan abiatu zen, eta lau urteko honetan garatuko da, etorkizun hurbilean borobiltzeko. Agintaldiak eta urteak aipatzen hasita, denbora nola ulertu behar da? Bada, administrazioan denbora mantso badoa ere, Urnietako hirigintza irizpide berriak hilabete gutxiko epean indarrean jarriko direla dirudi. Iraila izango da, “bai, Urnietako Udalak bere egiteko guztia egin baitu. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduaren Batzarraren (COPU) gomendioak eta Gipuzkoako Aldundiko Lurralde Antolamendu Sailaren zuzenketak jaso ditugu. Horrekin guztiarekin, azken baieztapen ofizialaren zain gaude. Behin betiko erantzunarekin, irailetik aurrera indarrean jarriko litzateke plan berria. Gure benetako erronka orduan hasiko da, herrigunearen eraberritzeari hasiera ematen diogunean”.
Administrazioaren hizkuntza kaleko hizkerara ekarriz, etxebizitza eta lana dira Udalaren lehentasunak.
Etxebizitzak, hiru lehentasun
- Babilonia. Lehentasunezkoa da bertan eraikiko delako Egape ikastolaren DBHko eraikina. Horrekin batera eremu horretan etxebizitzak eraikiko dituzte. Ziurrenik faseka joango da, 120 etxebizitza eraikitzen has litezke. 380 etxebizitzatara irits daitezke.
- Trankatx. 160 etxebizitza garatzeko aukera aurreikusten da.
- Azkarate. 160 etxebizitza garatzen hasteko egitasmoa lantzen has litezke, Salesiarrak ikastetxearen eta herrigunearen artean dagoen lursailean.
Industriguneak
Autobideari esker, estrategikoki kokapen onean daude Urnietako industriguneak.
- Milluts, Urkain Berri. Lehentasunezko izaera izango dute.
- Azkonobieta. Garatu gabe geratuko da AHTko lanak amaitu arte, zein espazio geratuko den zehazten denean.
- Ergoien, Erratzu. Biak garatzeko aukera dago, industrigune horiek erabat osatu arte.