Iritzi kontrajarriak asteburuan ospatu zen kontsultaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 27a, 16:33

Zizurkilgo Zero Zabor taldeak atzo arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan asteburuan ospatutako herri kontsulta “iruzur hutsa izan zela” azaldu zuen. Tolosaldea Txukunek, aldiz, balorazio “positiboa” egin du. 

Zizurkilgo Zero Zabor taldeak gogor kritikatu zuen, Tolosaldea Txukunek pasa den asteburuan egin zuen herri kontsulta. Hauen ustez, “Zizurkilgo atez atekoari buruzko galdeketa iruzurra eta txapuza handi bat izan da. Burla bat herritar guztientzat, baita atez atekoaren aurka bozkatzera joan ziren horientzat ere, inolako bermerik ez zuen fartsa baten parte bihurtu baitzituzten, errauskailu zaleen eta alderdi jakin baten interesak denfendatzeko”.

Bestetik, bozkatzerakoan irregulartasunak erakusten dituzten, sarean zintzilikatuta dauden, bi bideoei erreferentzia behin eta berriz egiteaz gain, Zizurkildarrak ez zirenak ere bozkatzeko aukera izan zutela salatu zuten: “Herritik kanpoko edonori faktura batekin bozkatzen utzi, eta gero herritarren zentsua erabiltzen dute portzentaiak ateratzeko, Zizurkilen erroldatuak soilik botatu izan balute bezala. Gainera, aho handiarekin notarioaren presentzia azpimarratu izan dute, eta hori beste iruzur bat da. Kontsulta honetan, ez baitzen notariorik egon, ezta boto kontaketan ere”.

 

Tolosaldea Txukunek “positibotzat” jo du kontsulta

Patxi Agirrek eta Patxi Amantegik, Tolosaldea Txukun plataformako kideek, herri kontsulta zituzten baliabideekin gauzatu zutela azaldu dute: “Baliabide horiek mugak dituzten arren, kontsultak bere helburua ondo betetzen du, hots, herritarren nahia zein den adierazten du eta asteburuan 990 zizurkildarrek ezetz esan zioten atez atekoari. Herri kontsulta bat zilegitasun osoz egin dezakeen bakarra Udala da”.

Goian aipatutako bideoen balorazioa egiteko eskatutakoan, “ziur  gaude mahaiko kideek fede onez jokatu zutela. Geneuzkan baliabideekin, ordea, horrelako gauzak gertatzea normala da”, azaldu dute.

Era berean, asteburuan Amasa-Villabonan ospatuko den herri kontsultan “neurri zorrotzagoak” hartuko dituztela azaldu dute eta herritarrei “kuboak ez jasotzeko” deia egin diete.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!